Amiantoaren eraginez 41 urterekin hil zen langile baten familiari 664.000 euroko kalte ordaina emango diote

  • Amiantoaren eraginez hildako gizonaren emazteak eta hiru seme-alabek 664.000 euroko kalte ordaina jasoko dute, EAEn egon den kopururik handiena. 41 urte zituela hil zen Jose Antonio, 2022an antzeman zioten mesatiloma minbiziaren eraginez. 18 urterekin hasita, zortzi urtez Bilboko Kale Nagusiko BBVA dorrean eta Sidenor, ArcelorMittal edo Mondelez enpresetan amiantoa kentzen egon zen.

Amiantoaren eraginez hildako 41 urteko langilearen familiak 664.000 euroko indemnizazioa jasoko du. LAB-CAF

2026ko maiatzaren 13an - 12:12
Azken eguneraketa: 16:56
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Amiantoak kutsatuta 41 urterekin hil zen Jose Antonio langilearen familiak 664.000 euroko kalte ordaina jasoko du, Euskal Autonomia Erkidegoan egon den handiena, La Ser-ek jaso duenez. 18 urterekin hasita, Bilboko Kale Nagusiko BBVA dorrean eta Sidenor, ArcelorMittal edo Mondelez enpresetan jardun zuen amiantoa kentzen, 1999-2007 bitartean. Espatula, disolbatzaileak eta erabat debekatuta dagoen presiopeko airea erabiltzen zituzten, 2002tik debekatuta dagoen minerala kentzeko. Biktimak berak testigantza eman zuen La Ser-en, eta adierazi zuenez, lanak egiterakoan maskara erabili arren, ingurua kutsatuta zegoen eta ez zuten horretarako babesik. Beraiek enpresentzat “entsegu eta proba” zirela nabarmendu zuen.

2022ko apirilean sumatu zuen “isilpeko” gaixotasunaren lehen sintoma. Ordura arte bizitza normala egin arren eta fisikoki ondo bazegoen ere, odola antzeman zuen flemetan. Medikuarenera joan eta plaka eta hiru biopsia egin ostean, kostata, mesatiloma minbizia antzeman zioten. Mesatiloma amiantoak eragindako minbizi bortitza da, normalean ez dena horren gazteak direnetan antzematen.

Apirilean bertan eten zuen lan jarduera eta kimioterapiari ekin zion, gaixotasuna kontrolpean mantentzeko eta haztea ekiditeko, sendagaitza baitzen. Nekea eta arnasketa falta bilakatu ziren bere egunerokoaren parte, baina La Ser-eko Aimar Bretos kazetariak azaldu zuenez, “indartsu zegoen, gazte, sendo, indarrarekin. Emaztearekin eta hiru seme-alabekin bizitzeko gogoa zuen”.

Instituzioekin borrokan zebilela aitortu zuen irratiko elkarrizketa hartan. Hasiera batean, diagnostikoa egin zion medikuarekin. “Oso argi izan arren amiantoarekin lotutako” gaixotasuna zuela, medikuak ez zuen egoera hauetan aplikatzen den langileentzako protokoloa abiarazi eta onkologo bat izan zen “fabore gisa” abiatu zuena. Gizarte Segurantzaren aldetik ere babes gutxi izan zuela kritikatu zuen elkarrizketan. Horrek, gaixotasunak eragindako trabez gain, animoan eta moralean eragin ziola onartu zuen.

Berriki argitaratu duten sententzian, nagusiki Bilboko BBVA enpresa ikertu dute, dokumentazio gehienak bertan daudelako. Jose Antoniok aurretik enpresaren erantzukizun faltaren berri eman zuen arren, kutsagarriekin kontaktu zuzena zuten langileen jarraipenik egiten ez zutela jaso dute ikerketan. Ingurumeneko kalteak neurtu arren, ez zituzten langileentzako beharrezko prebentziorako neurriak hartzen.

Amiantoak milaka langile hil ditu

Espainiako Estatuak erregistratu du 1994-2009 bitartean amiantoak 3.943 pertsona hil dituela, nahiz eta, Espainiako Estatistika Erakundeak, berriz, 7.000 izatera iritsi daitezkeela neurtu duen. Munduko Osasun Erakundeak berriz, urtean 107.000 lagun hiltzen dituela jaso du. LABek Euskal Herriko errealitatera begiratu du, eta orotara datozen 20 urteetan amiantoak kutsatuta 6.000 eta 10.000 kide artean hil daitezkeela aurreikusi du. 

Heriotzaren kasuak identifikatzeko dauden zailtasunek, materialarekiko lotura sumatzeko oztopoek eta diagnostikoetan egoten diren atzerapenek zaila egiten dute kuantifikatzea zehazki zenbat diren mineralak jota kutsatu direnak. Hala ere, urtero Europar Batasunean kasuek gora egiten dutela jaso dute, ikerketa batzuen arabera, eta 2010, 2020 eta 2030 urteak izango direla Espainiako Estatuarentzako gogorrenak.

Egoeraren aurrean, biktimak hamarkada batez egon dira kalte ordainak eskatzen. EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin negoziatuta, 2022an onartu zen aho batez Espainiako Kongresuan biktimentzako konpentsazio funtsa jartzea. Bi urte eta erdiren ondoren, 2025ean kaleratu zuten biktimentzako 25 milioi euroko aurrekontua, EAJk gaia desblokeatzea eskatutakoan. Legea onartutakoan adostutakoen arabera, patologiaren arabera 32.000 eta 96.000 euroren bueltan zehaztu zituzten biktima bakoitzarentzako kalte ordainak.


 


Irakurri gehiago: Amiantoa Gizartea Osasuna
Amiantoa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.