Amazoniako kultura eta ezagutza murriztuko du klima-aldaketak

  • Amazoniako oihana ondare biologiko eta kulturalaren gune garrantzitsua da. Munduko biodibertsitatearen % 10 baino gehiago biltzen du eta harengan klima-larrialdiak izan duen eragina ikertu dute.


2026ko uztailaren 24an - 07:00
Amazônia Real / CC-BY
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Klima-aldaketak eragin nabarmena izan dezake Amazoniako biztanleek erabiltzen dituzten landare askotan, eta, ondorioz, biztanle horien kulturan eta ezagutzan. Izan ere, kulturalki garrantzitsuak diren landareen eskuragarritasuna murrizteak, hizkuntza indigenen desagertzeko joerarekin batera, Amazoniako landare-espezieen erabilerei lotutako ezagutza dokumentatuaren laurdena galtzea ekar lezake mende amaierarako. Horixe da Nature-n argitaratu duten lan baten ondorio nagusia. Lanak agerian uzten du klima-aldaketak Amazoniako ondare biokulturalari dakarkion mehatxua.

Amazoniako oihana ondare biologiko eta kulturalaren gune garrantzitsua da. Munduko biodibertsitatearen % 10 baino gehiago biltzen du, eta 400 talde indigena baino gehiago bizi dira han.

Amazoniako landareen erabilerari buruzko 90.000 dokumentu baino gehiago bildu zituzten ikertzaileek, 1504tik 2023ra bitartekoak. Eta ikusi zuten Amazoniako biztanleek ia 5.796 landare-espezie erabiltzen dituztela, Amazonian ezagutzen diren landareen herena. Aurretik zeuden kalkuluen bikoitza da hori.

"Eszenatoki baikorrenean ere amazoniarrek erabiltzen dituzten landareen % 28 desagertuko dira"

Ondoren, 8.429 landare-espezieren banaketan 2060 eta 2080 artean klima-aldaketak nola eragingo duen simulatu zuten, eta ikusi zuten klima-aldaketak gehiago eragingo diela amazoniarrek erabiltzen dituzten espezieei, erabiltzen ez dituztenei baino. Gainera, ereduek aurreikusi zuten klima-aldaketaren eszenatoki baikorrenean ere amazoniarrek erabiltzen dituzten landareen % 28 desagertuko direla. Horiekin batera desagertuko dira landaren horien erabilerak, eta, beraz, Amazoniako kultura eta ezagutzaren zati bat.

Ikertzaileek iradoki dute galera horiek ondorio kritikoak izango dituztela Amazoniako gizarteentzat, eta datu hauek abiapuntu gisa balio behar luketela Amazoniako ondare biokulturala zaintzeko eta leheneratzeko.


Biodibertsitatea kanalean gehiago
2025eko abenduaren 24
Espainiako Estatuko esperientziak
Ahuntzak, astoak eta mastinak otsoa uxatzeko

2025eko abenduaren 4
Lurraldea eta arkitektura
Lurzorua

2025eko azaroaren 19
Igarobide ekologikoak eolikoen mehatxupean:
Utzi izaten, utzi pasatzen

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...