Ertzaintzak larri zauritu zuen Amaya Zabarteren auzia itxi du epaileak

  • Donostiako Instrukzioko laugarren epaitegiko Ana Isabel Peres Asenjo epailearen arabera, "ezinezkoa" da zehaztea Zabarteren lesioak foam jaurtigai batek eragin zituen edo ez. Zabartek helegitea aurkezteko aukera du.

Donostiako Anoetan Reale Arena inguruan Ertzaintzak kargatu eta Amaia Zabarte zauritu zen unea. Linas Korta

2026ko martxoaren 25ean - 07:19
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Epaileak kasua behin-behinean artxibatzeko agindua eman du. Autoaren arabera, "ez dago zalantzarik egun hartan Amaya Zabartek kolpea jaso zuela buruaren ezker aldean, belarriaren ondoan, eta horrek lesio larriak eragin zizkiola”, baina "ezinezkoa" da zehaztea "Amaya Zabarteri lesio larriak eragin zizkion kolpea foam jaurtigai batek eragin zuenik". Are gehiago: "Gutxieneko zantzu mailan zehaztu ahal izango balitz ere [lesioak foam jaurtigaiak eragin zizkionik], ez dago inolako zantzurik ikertutako agente zehatz baten aurka".

Epaileak kasua ixteko agindu arren, asteazkena arte du aukera Zabarteren defentsak helegitea aurkezteko. Helegiteaz ere, Perez Asenjo epailea arduratuko litzateke, auzia birritan itxi duen epaile bera. Baina honek ez balu onartuko, defentsak Probintzia Auzitegira jotzeko aukera edukiko luke. Berria-k jaso duenez, baliteke helegitea aurkeztea. 

Familia, "izorratuta eta jipoituta"

Albistea ezagututa, Zabarteren bikotekideak sare sozialetan azaldu du familiaren sentimendua: "Justiziari buruz pentsatzen dudana esaten badut, kartzelan sartuko naute. Izorratuta eta jipoituta, horrela sentitzen gara. Gaur deskonektatu eta airea hartuko dut... bihar borrokan jarraituko dugu"

2024ko martxoaren 5ean Realaren eta Paris Saint-Germain taldearen arteko partidua jokatu zen Donostiako Anoeta futbol zelaian. Partida ikustera bertaratu ziren Zabarte eta bere bikotekidea. Partidaren aurretik istiluak izan ziren futbolzale eta poliziaren artean. Zabarteren familiak salatu zuenez, emakumea mugikorrerako estaldura lortzeko mugitzen ari zela zelaiaren kanpoaldean, ertzainek foam bala batekin buruen eman zioten, eta ondoren, lurrean zegoela, ostikada bat ere. Emakumearen bizitza arriskuan egon zen eta ZIUn ingresatu zuten, kaskezurra bi lekutan hautsita baitzuen. 

Auziak gorabehera ugari izan ditu eta Ana Isabel Perez Asenjo epaileak bideratu du. Zabartek aurkeztutako frogen artean, gertakariaren egunean grabatutako bideoa eta ostikada ikusi zuen testigua daude.

Epaiketan jaurtigaiak bota zituzten sei ertzain ikertu zituzten eta lau testigu gisa deklaratu zuten. Batzuk adierazi zuten ez zutela oroitzen balak non jaurti zituzten, eta beste batzuk beste kale batean izan zela ziurtatu zuten. Iker Sarriegi abokatuak salatu zuen Perez Asenjo epaileak ertzaineieta Zabarteri eman zien tratua ez zela berdina izan.


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.