Amagoia Elezkanoren hilketagatik, 25 urteko kartzela zigorra berretsi dute akusazioko abokatuek. Iazko urtean Euskal Herrian genero indarkeriak eragindako lehen emakume erahila izan zen Elezkano. Akusazioaren arabera, bikotekideak, “jelosiaz itsu”, 42 labankada sastakatu zizkion, guztiak oraindik bizirik zela.
Irailaren 15ean hasi zen Arabako Auzitegian Francisco Javier M.N. Elezkanoren bikotearen aurkako epaiketa. 50 urteko akusatuak, epaiketaren lehen sesioan aitortu zuen Elezkano iazko maiatzaren 23an hil zuela, jelosiaz jotako “eroaldi” une batean. Beste gizon batengatik utzi behar zuela eta orduan 18 hilabete zuen bien haurra eramango zuela esan ziolako egin zuela azaldu zuen.
Asteleheneko epaiketan, egindakoagatik damututa dagoela esan du eta barkamenak eskatu dizkio bere familiari, Amagoiarenari eta bien semeari. Defentsa abokatuak, akusatuaren kolaboratzeko nahia kontuan hartzeko eskatu du.
Hasieran eskatutako bi urte eta erdiko kondena, hamar urtetara igo du defentsak. Ihes egin ez izana ere aintzat hartzekoa dela esan eta “aurrekari gabeko familiako aita, emaztea hiltzera itsukeria une batek soilik eraman dezakeela argudiatu du.
Akusazioek zalantzan jarri dute akusatuak izandako “eroaldia”. Fiskalaren esanetan, bazekien zer egiten zuen eta “berea” zelakoan hil zuen. Aitortzea beste aukerarik ez zuela esan du eta gogoan hartu du ez zela bera izan Ertzaintzari deitu ziona, bere arreba baizik. Delituaren tokia eta erabilitako labana garbitzen denbora igaro zuela ere azpimarratu du.