argia.eus
INPRIMATU
Altxorrak eta altxorrak ulertzeko moduak
  • Haziak altxorrak direla entzun dut maiz. Hazi hibridoak ekoizten dituen enpresa bateko langileak hala adierazi zidan: “Hazi-enpresen altxor handiena hazi hibridoen parentalak dira”. Hazi hibridoak ekoizteko erabiltzen diren hazi eta landareak dira parentalak. Hazien haziak. Altxorrerako bide. Eta, zer egiten dute parentalekin hazi-enpresa multinazional erraldoiek? Bada, altxorra beraientzat gordetzeko asmotan, merkantilizatu eta pribatizatu. “Babestu”? Jabetza eskubideekin erregistratzen diren barietateei “barietate babestuak” deitzen zaie-eta... Hori ironia!

Marta Barba Gassó 2023ko maiatzaren 08a
Argazkia: Dani Blanco.

Haziak altxor badira, hazi hibridoen parentalak are gehiago. Parentalen kontrola izateak salduko dituzten hazien gaineko kontrola ematen die hazi-enpresei eta, beraz, parentalak beraientzat gorde nahi dituzte, etekin ekonomikoa beraientzat gorde asmotan. Bada, bai, modu bat, haziak eta bizitza ulertzekoa; altxorra mugatua eta finitua den zerbaiten gisan ikusten duen ikuspegia, hain zuzen. Baina, hori horrela al da haziez ari garenean? Ugaltzeko erabiltzen diren izakiez ari garenean, ez al dugu parean altxor mugagabea? (horrek dakartzan arrisku guztiekin). Edo, are, biderkatzeko gaitasuna duen altxorra? Agian hori da gakoa, altxorra biderkatzeko gaitasuna dutela haziek eta, beraz, “babesteko” eta pribatizatzeko are interesgarriago direla? (ai, iruditzen zait antzeko zerbait gertatu dela historikoki emakumeen ugalketa eta gorputzarekin).

Babesteko, baina, badira bestelako ekimenak, haziak altxor gisa bai, baina beste ikuspegi batetik ikusten dituztenak. Esaterako, hazi-banku ugari dago munduan zehar barreiatuta. Eta, gorde soilik ez, haziak ugaldu, zabaldu eta partekatzen dituztenak ere badaude. Zeren… biderkatzeko gaitasuna duen zerbaiti buruz ari garela, gorde baino, zabaldu eta ugaldu behar litzateke, ezta? Haziak ekoizteko elkarte, enpresa edo ekimen txikien biltegietan eta baratzeetan bestelako altxorrak ikusi ditut nik. Edonork etxean ugaldu ditzakeen barietateen haziak. Asko, bertakoak. Denak, ezberdinak. Eta altxor are bitxiagoak ikusi ditut zenbait baratzezainen biltegi inprobisatuetan: txaboletan gordetako kutxa eta potoetan, egunkari ale zaharrekin egindako paperinetan, landareak buruz behera jarrita ganbaretan… Eta, ikusi eta entzun dut nola baserri, baratze, eta ekimen, enpresa edo kooperatiba txiki horietan haziak trukatzen dituzten, ematen dituzten, eskatzen dituzten. Eta haziekin batera mila “trikimailu”, jakintza eta esperientzia, mila historia eta istorio partekatzen dituzten. Eta, orduan, gogoratzen naiz, behin baino gehiagotan kontatu didatela, garai batean, baserri bat saltzearekin batera baserriko haziak ere saldu ohi zirela. Eta burura datorkit, Bilboko Alde Zaharrean bazegoela (badagoela?) oso txanpiñoi onak egiten zituen taberna bat, eta noizbait entzun nuela taberna saltzearekin batera saldu zutela txanpiñoien saltsaren errezeta. Eta, orduan, otu zait badaudela altxorrak eta bizitza eta ugalketa eta etorkizuna ulertzeko modu anitz. Eta modu horiek erabat eragiten diotela bizitzari, ekologiari, munduari eta gure elikadurari.

Komunala izan daitekeen altxor handia dira haziak. Komunalean landu, jorratu, erein, ugaldu eta trukatuz gero biderkatzen den altxorra. Baina, pribatizatuz gero... Entzun diozue noizbait ekonomia feministari bizitza eta kapitalaren arteko talkaz hitz egiten? Haziak altxor handi bat dira, bai, eta gure esku dago altxor hori nola ulertu. Nola kontrolatu, pribatizatu eta galdu. Edo nola zaindu, kudeatu, ugaldu eta partekatu.