“Alternatibak eraikitzea inoiz baino beharrezkoagoa da”

  • Burujabetza eta demokrazia komunala hizpide dituzten topaketak egingo dira Hernanin (Gipuzkoa) urriaren 15etik 17ra bitarte. Horien antolatzaileetako bi diren Saul Kurto Demokrazia Komunalaren aldeko Nazioarteko Sareko partaidearekin eta Iker Eizagirre Hiritik At kooperatibako kidearekin mintzatu da ARGIA. Azpimarratu dute demokrazia komunalak bere alea jarri nahi duela alternatiba politiko eta sozialen eraikuntzan: "Ez soilik daukaguna mantenduz, eraldatuz baizik".

Saul Kurto eta Iker Eizagirre urriko topaketak iragartzen. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

2026ko irailaren 28an - 11:54
Azken eguneraketa: 2026-09-29 11:36
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Irakurlea kokatzeko, zer da demokrazia komunala?

Saul Kurto: Zaharrak diren bi hitz –demokrazia eta komunitatea– biltzen baditu ere, politikoki kontzeptu nahasia eta berria da. Askok gaur egun ezagutzen dugun demokrazia burgesaren kontzeptuarekin nahastu ohi dute; planteatzen duena, ordea, proiektu emantzipatzailea berritzea da baina ikuspegi sistemiko eta integral baten eskutik. 

Agerikoa da egun dominazio sistema askotariko batek –kolonialismoa, kapitalismoa, patriarkatua, inperialismoa eta arrazakeria, besteak beste– agintzen duela gure gain. Hortaz, horren aurrean emantzipaziorako sistema askotarikoa osatu behar da. Hau da, ezkerreko korronteetan biltzen diren borroka askatzaileen arteko fronte bat, norabide komun bat lortzeko.

2021ean egin zenuten Demokrazia komunalaren aldeko I. nazioarteko kongresua. Zerk bultzatu zuen eta zertarako balio izan zuen?

S. K.: Prozesu hau 2018 eta 2019 urteen artean demokrazia komunalaren inguruan egin zen nazioarteko ikerketa batetik abiatu zen. Ikerketa horretan ondorioztatzen zen hurrengo urteetan sistema kapitalistaren gainbeherak eragindako krisia areagotu egingo zela, eta horren aurrean ezkerreko mugimenduen baitan proiektu emantzipatzaile berritu bat proposatu behar zela.

Hain zuzen, horrekin batera hausnartu zen demokrazia komunalaren bidez proiektu horri ekarpena egitea beharrezkoa zela. Hori abiapuntutzat hartuta, ikertzen ari ziren demokrazia komunalen esperientzia horietako antolakundeekin hitz egin zen, eta ikerketaz harago bestelako sare bat sortzea proposatu zen, mugimenduetan organikoki oinarrituagoa.

Lehen kongresua egin baino zortzi hilabete lehenago bildu ginen zortzi herrialdetako antolakundeak, eta sare horren sorrerarako dokumentu bat argitaratu genuen. Ondoren, sare hori Hernanin (Gipuzkoa) eta Donostian eginiko kongresuan aurkeztu genuen.

Iker Eizagirre: Entzule gisa joan nintzen kongresu horretara, eta oso baliagarria izan zen konturatzeko egungo demokrazia eredutik eta merkatu ekonomiaz harago mundu mailan bazeudela hamaika esperientzia bestelako eredu bat praktikan jartzen. Hori guztia demokrazia komunalaren aterkipean ikusteak eta Euskal Herriko praktikak marko horren baitan kokatuta egoteak balio izan zuen ulertzeko geure burua nazioarteko borroka baten parte dela.

Saul Kurto eta Iker Eizagirre. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Nola ebaluatzen duzue Demokrazia komunalaren aldeko Nazioarteko Sareak ordutik eginiko ibilbidea?

S.K.: Azken bost urteetako ibilbide honetan, planteatu dugu hurrengo hamar urteetarako planifikazio bat. Zehazki, urtero edo bi urtean behin topaketak egitea: 2021ean Hernanin lehenak egin ostean, 2022an Txilen egin ziren; 2023an Rojavan –Siriaren menpeko Kurdistanen– egitekoak ziren baina orduko testuingurua dela eta bertan behera geratu ziren; 2024an Katalunian egin ziren; eta 2025eko urrian Venezuelan egitekoak ziren baina Trumpek eta AEBek Maduroren aurka abiatutako erasoaldiak eragotzi zuen. 

Urtero egin diren kongresu horiez gain, beste ekimen batzuk ere egin dira. Esate baterako, 2022 eta 2023 artean hiru jardunaldi egin ziren: Hego Konoa –Argentina, Txile eta Uruguai biltzen ditu– deiturikoan, Kariben eta Napolesen (Italia). Aipatu behar da sare honen atzean ez dagoela antolakunde handirik, horregatik egin duen ibilbidea xumea da, baina azpimarratu nahi dugu orain arte egin diren hausnarketa eta proposamenak oso baliagarriak direla.

Zergatik aukeratu duzue Hernani urriko topaketen kokaleku gisa? Zein garrantzi du?

S.K.: Duela bost urte ere Hernanin egin ziren lehen topaketak, bertan Demokrazia Komunalaren aldeko Nazioarteko Sarea aurkeztu zelarik. Hortaz, alde batetik indar sinboliko handia du orain itzultzeak; bestetik, etorkizunera begira ale bat gehiago jartzeko xedea ere badu. Hain zuzen, aurtengo kongresuan aurkeztuko den OIDC Nazioarteko Demokrazia Komunalaren Behatokiaren egoitza Hernanin dago.

Zer da TGE Tokiko Gida Eraldatzailea? Zein helbururekin egin da eta nolakoa izan da sortzeko prozesua?

I.E: 2014an Euskal Herriko Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendu gisa sortu zen Olatukoop sarearen parte gara, kooperatibismoaren eta lanaren burujabetzaren ikuspegitik beste eredu sozioekonomiko baten eraikuntzan laguntzeko. Ordea, ideia bat argi dugu: burujabetzaren kontzeptua zabaldu behar da, estatu burujabetza ez da soilik Euskal Herria eraikitzeko balio duen kontzeptu bat, guk Euskal Herria ulertzen baitugu etengabe hedatzen ari den prozesu eratzaile gisa. 

Ekonomiaren ikuspegitik, horrek esan nahi du bizitzarako funtsezkoak diren eremu ekonomikoetan –elikaduran, energian eta zaintzan, adibidez– eraiki behar direla alternatiba autogestionatuak eta burujabeak. Ideia horrekin gatoz eta hainbat eskualdetan gisa horretako egitasmoak martxan jartzen saiatzen ari gara.

Orduan, gure kooperatibaren ikuspegitik demokrazia komunala kontzeptuarekin eroso sentitzen garenez, pentsatu genuen bi kontzeptuak batuz (burujabetza eta demokrazia komunala) ekarpen estrategiko bat egitea Euskal Herrian dugun egoerari: hori da Tokiko Gida Eraldatzailearen abiapuntua. Kontua da zerrendaezinak direla gurean ditugun esperientzia guztiak, horregatik lehenetsi dugu esperientzia horien parte den jendearekin hitz egitea eta ideiak partekatzea gida hau egiteko.

Horretarako, hamasei eragilerekin aurrez aurreko elkarrizketak egin ditugu eta 2025etik hiru topaketa izan ditugu –irailean Matalazen (Iruñea), azaroan EHUn jardunaldiak egin genituen eta abenduan komuna zahar eta berrien arteko loturaren inguruan aritu ginen–. 

Edukiari dagokionez, Tokiko Gida Eraldatzailearen bidez gurean jada loratzen ari diren zenbait proiekturen berri eman nahi da eta horiei ikusgarritasuna eman; baita esperientzia horiek gure markoaren ikuspegitik aztertu eta hausnarketa estrategikoak plazaratu ere, egungo demokrazia eredutik eta merkatu sistematik harago bestelako eredu baterantz trantsizioa egiteko gakoak eskaintzen baititu. 

Formari helduta, dokumentu irisgarria, pedagogikoa eta txukuna da, erabilgarria izan dadin irakurlearentzat. 

S.K.: Demokrazia komunalaren kontzeptua nahasia izanik, saiatu behar gara tokian toki ezagunak diren kontzeptuekin lotzen, gertuko esperientzietan oinarrituta: guk, esaterako, burujabetzarekin, herri boterearekin eta herri mugimenduarekin lotzen dugu. Orduan, guretzat Tokiko Gida Eraldatzailea demokrazia komunalaren ideia Euskal Herrian lurreratzeko bitarteko bat da. 

Horrekin tokiko esperientzia eraldatzaileak hauspotu nahi ditugu, baita haientzat, nahiz Euskal Herriko edozein lekutan gisa horretako proiektu bat martxan jarri nahi duenarentzat, gida erabilgarria izatea. 

Saul Kurto. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Aurtengo topaketetan OIDC Nazioarteko Demokrazia Komunalaren Behatokia aurkeztuko duzue. Zergatik sortu duzue eta zein bide egingo du etorkizunean?

S.K.: Demokrazia Komunalaren aldeko Nazioarteko Sarea orain arte mugimenduetan oinarritu bada, Behatokiak hark egindako eta aurrerantzean egingo duen ibilbideari aterki formalago bat eman nahi dio: ikerketak egiteko, proiektu zehatzagoak martxan jartzeko, etab. Hain zuzen, Euskal Herrian Tokiko Gida Eraldatzailea izango litzateke Nazioarteko Demokrazia Komunalaren Behatokiaren lehen emaitza.

Hernaniko topaketetan aurkeztuko dugu, eta asmoa da aurrerantzean beste lurraldeetan ere pausoak egitea. Lau lerro edukiko ditu Behatokiak: artikulazio politikoa, ikerketa, komunikazioa eta finantzaketa.

Besteak beste, zer eskainiko da Hernaniko topaketetan?

S.K.: Bi begirada aurkeztuko dira: Euskal Herrikoa eta nazioartekoa. Hiru eguneko egitarauaren lehen egunean, ostegunean –urriak 15–, nazioarteko begirada ardatz duten bi mahai-inguru eskainiko dira: lehenengoan Italiako, Frantziako eta Argentinako ordezkariak bilduko dira eskuin muturrari aurre egiteko antolakuntzaz mintzatzeko; eta bigarrenean, berriz, Venezuelakoak, Kolonbiakoak eta Kubakoak.

Ostiral goizean nazioarteko kideek Hernani Burujabe proiektua ezagutzeko aukera izango dute, eta atsaldean ere bi mahai-inguru izango ditugu: lehenean ikuspegi sektoriala ardatz duten eragileak horren parte izanik eta bigarrenean ikuspegi integrala dutenak. Eguna amaitzeko, ospakizun gisa RIDCren bosgarren urteurrenaren harira dokumentu bat irakurriko da, baita 2027ko otsailean Venezuelan egitekoa den hurrengo kongresuaren aurkezpena ere.

Azken egunean, larunbatean, goizean Tokiko Gida Eraldatzailearen lehen zirriborroaren analisia egiteko eta ekarpenak jasotzeko tailer bat egingo da, eta ondoren Behatokiaren aurkezpen ofiziala. Amaitzeko, herri bazkaria egingo da hiru egunetan Hernanin bildutako kide guztien artean.

Zein da demokrazia komunalen egoera Euskal Herrian eta nazioartean? Zein etorkizun aurreikusten diezue?

S.K.: Nazioarteko egoera geroz eta konplexuagoa da: ikusten ari gara fronte neoerreakzionario bat sortzen ari dela, Trump eta Musk horien ordezkari nagusi direla, eta azken 250 urteetan garatu den modernitate demokratikoa suntsitu nahi du. Horren aurrean, uste dugu alternatibak eraikitzea inoiz baino beharrezkoagoa dela, eta demokrazia komunalak bere alea jarri nahi du horretan: ez soilik daukaguna mantenduz, baizik eta eraldatuz.

Hurrengo urteetan gure asmoa proiektu praktikoak hauspotzea da eta elkar lotzea, ahal den heinean borroka praktikoan zein ideologian ahalik eta ekarpen gehien egiteko.

I.E.: Argi dago maila globalean mendebaldeko elite kapitalistek gerra erregimenaren aldeko apustua egin dutela, eta nahiago dutela munduari su eman haien pribilegioak galtzea baino. Horregatik, etengabe saiatu behar gara tokian tokiko proiektuak, borrokak eta komunitateak mantentzen, baina begirada estrategikoa galdu gabe: hau da, munduaren bilakaeraren eta analisi geopolitikoaren nondik norakoak galdu gabe.

Ditugun arazo txikienak ere maila geopolitikoan askatuko dira: energiaz, elikaduraz… izandako eztabaidak ezin dira konpondu eskala txikian nazioartean artikulatu gabe. Desira politikoa piztea beharrezkoa den garaiotan, horrelako sareek aukera ematen dute ultraeskuinari aurre egiten diogunak haiek baino askoz gehiago garela erakusteko.

Topaketetan eta larunbateko herri bazkarian izena emateko esteka.


Ekonomia eraldatzailea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.