AZET etxebizitza-sindikatuak salatu duenez, inongo etxebizitza alternatibarik gabe kaleratu dute emakumea, eta erantzule zuzenak seinalatu ditu: EAJ eta PSE, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiak.
Estherren etxegabetzea gelditzeko eskatzen zuten oihuek esnatu dute Atxuriko auzo bilbotarra. AZET etxebizitza sindikatuak dozenaka lagun bildu ditu 8:30ean Ortutxueta kalean, hamar urteko alokairua izan duen emakumearen kaleratzea geldiarazteko helburuarekin, arrakastarik gabe. Sindikatuaren arabera, segizio poliziala iritsi aurretik atera da Esther etxebizitzatik, eta AZETeko bi kide barruan geratzen saiatu diren arren, azkenean Poliziak identifikatu eta kanporatu ditu.
Estherrek ezin izan dio alokairuari aurre egin egoera zaurgarrian baitago, eta sindikatua Eusko Jaurlaritzaren bitartez konponbide bat aurkitzen saiatu den arren, salatu du "erantzun gogorra" jaso duela Etxebizitza zuzendariaren aldetik, honek erantzukizuna ukatu duelako, Alokabiderena dela argudiatuta.
AZETek gogor salatu du astearteko kasuan etxegabetzearen bultzatzailea ez dela putre-funts, jabe handi edota norbanako bat, baizik eta Alokabide bera, Eusko Jaurlaritzaren mende dagoen alokairu-sozietate publikoa. Horrek “zuzeneko eta ageriko erantzuleak EAJ eta PSE” bihurtzen ditu, sindikatuaren esanetan. Etxegabetzea etxebizitza dekretuen eztabaida astean gertatu da, alokairuaren prezioen muga edo eremu tentsionatuen adierazpenak motz geratzen direla dioten ahotsen artean.
Sare sozialen bitartez jakinarazi dutenez, sindikatu eta auzokideak “haserre” daude:“Amorrua da, momentu honetan, sentitu dezakegun gauza bakarra. Baina argi izan dezatela amorru guzti hau antolatzen jarraituko dugula”. Ostegun honetan bertan antolatutako deialdia luzatu dute antolatzen jarraitzeko, urriaren 8an, 19:00etan San Frantzisko egingo duten elkarretaratzeaa, hain zuzen ere. “Etxegabetzeen aurrean, antolakuntza da bide bakarra” defendatu dute.
Beste bi etxegabetze Gasteizen
Urriaren 5erako eta 23rako aurreikusitako bi familien etxegabetxeek guztira zortzi adingabe utziko dituzte kalean. Astelehenean dozenaka lagun bildu ziren Abendaño Ikastolaren atarian familiek eta hezkuntza komunitateak deitutako kontzentrazioan, alde batetik familiei elkartasuna adierazteko; eta bestetik, erakundeei bi etxegabetzeak bertan behera geratzea eskatzeko.