Almandoz: “Pelikula hau lehian sar zitekeen, baina Zinemaldiarentzat errazagoa da Georgiako pelikula ez komertzial bat sartzea”

  • Azken agurra filma aurkeztu du Koldo Almandoz zinegile donostiarrak, Sail Ofizialean baina lehiaz kanpo, iaz Zeru ahoak telesailaren modu berean. Horri buruz galdetuta, zera esan du: “Antolakuntzarentzat beti da errazagoa ez arriskatzea, kritikak zer esango”.

Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.

2026ko irailaren 23a - 11:45
Azken eguneraketa: 17:39
Donostiako Zinemaldia
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ezezkoak emanez deskribatu du Koldo Almandozek Azken agurra filma: ez da pelikula errealista, ez zine soziala, ez mitin politiko bat, ez meza bat. “Komedia melankoliatsu eta existentzialista da”, esan du Almandozek prentsa agerraldian, asteazken goizean. “Epikotasun handirik gabeko istorioak” interesatzen zaizkiola adierazi du, eta horregatik jo duela edonor izan daitekeen pertsonaia baten istorioa garatzera, “zure bizilaguna edo zure aita izan daitekeena”.

Gizona, hori bai. 40 urte ingurukoa-edo. Tomas (Iñigo Azpitarte) da pertsonaia hori, motxila bete problema dituena, lekuetara beti berandu iristen dena, kalamidade handikoa, frustrazio ugari dituena... “Gizon heldu miserablea bilatzen nuen”, esan du Almandozek: “Zentzu komunekoa”. Ez du, ordea, dramoi errealista baten moduan aurkeztu, komedia tonuan baizik, baina txisteetatik urrun. Pozik agertu da pelikulak hartu duen izaerarekin: “Zineman ikusi nahiko nukeen pelikula da eta horrekin konformatzen naiz”.

Euskal musikan erreferente diren pertsonak aritu dira lanean. Aitor Etxebarria arduratu da filmaren musikaz, hasiera-hasieratik landu dute elkarrekin, zuzendaria ideia garatzen hasi zenetik. Anari taldearekin ageri da filmean. Eta kredituetan hala nola Amorante eta Xabier Zeberio daude. Zergatik horiek? "Nire mundua direlako, nire mundua erreferentzia horiek eraikitzen dutelako", esan du. "Niretzat Bad Bunny ez da erreferentzia bat, ez naiz egon bere Casitan; egon naiz Anariren kontzertuetan, egon naiz berarekin, eta miresten dut; burujabetza behar dugu geuk egiten dugun zinean". 

"Burujabetza behar dugu geuk egiten dugun zinean"

Bigarren urtez jarraian Sail Ofizialean aurkeztu du emaitza Almandozek, baina oraingoan ere, iazko Zeru ahoak-en gisara –telesaila zen, eta horiek normalean ez dira lehian sartzen, aurten izan ezik–, Donostiako Zinemaldiaren antolakuntzak ez du lehian sartu. Horren inguruan galdetuta, bere pentsatzeko modua argi adierazi du: “Uste dut pelikula hau lehiatzeko zegoela, baina antolakuntzari errazagoa zaio Georgiako pelikula ez komertzial bat hartzea, beste gauza batzuk daudelako jokoan, kritikak zer esango duen adibidez, eta Goya sarietara begira zer; ea, ulertzen dut, ez arriskatzea beti da errazagoa”. Dena dela, errepikatu du "kiroltasunez" onartzen duela gauzak horrela izatea.

Berehalaxe, ordea, kontrako posizioan egongo dela aitortu du: “Varsovian egongo gara [zine jaialdia urrian da], eta lehiatzeko sartu gaituzte; hango batek esango du ni bezalako tipo baten pelikula sartu dutela berearen partez”.

Produktorea, lagun

Almandozen filmografiaren sostengu izan da beti Txintxua Films ekoiztetxea, eta konkretuki Marian Fernandez produktorea. Elkarri eskerrak eman dizkiote, lehenik Fernandezek eta gero Almandozek. “Produktorea ez da soilik finantzazio bila ibili behar den pertsona; nire ustez, sorkuntza prozesuan hasieratik egon behar du presente”, adierazi du.

Kritiko mintzatu da, berriz, sektorearen norabideaz alderdi horretatik: “Gaur egun laborategi batera joaten gara gure proiektua zertan datzan kontatzera, bi minututan egin behar dugu eta bai edo ez esaten digute; pikutara goaz horrela”.

Ezker-eskuin: Izaro Nieto aktorea, Koldo Almandoz zuzendaria, Iñigo Azpitarte aktorea eta Marian Fernandez produktorea Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA

Zinemaldia 2026 kanalean gehiago
2026ko irailaren 27
Azken agurra
Umore bisuala

2026ko irailaren 27
Josephine
Egoera latzari aurre

2026ko irailaren 25
The debut
Magikoa eta zoroa

2026ko irailaren 25
Bloques erráticos
Ez du nondik heldu

2026ko irailaren 24
Tender loving care
Zaintzaren ikuspegi desberdinak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.