Alienazioa dakar botere menperatzailera makurtzeak


2026ko urriaren 1ean - 15:14
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Landetako mapari erreparatzen badiogu, berehala konturatuko gara aintziraz josita dagoela. Hondartza ia amaiezinetan (250 km luzera), kostaldea mugatzen dute inongo trokarik gabe, iparretik hegorako lerro bat bezala. 1938an, Jean Pierre Tastet-en (Geologiako eta Ozeanografiako ohorezko irakasle eta ikertzailea Bordeleko unibertsitatean) ikerketa batek agerian utzi zituen Akitaniako dunen osaketa ezberdinen garaiak: duna primarioak (VI. eta XI. mendeen artekoak), duna modernoak (1500. urtetik aurrerakoak) eta egonkortze artifiziala (XIX. mendearen hasierakoa).

Hiru sasoi horietatik, goi ertaroko dunek informazio baliagarria ematen digute. Lehen meta horiek gaurko urtegien berezko ur itxiturak dira, itsasoa hor baitzegoen. Horretaz gain, Parentis aintziraren ondoko “Biscarrosse” izenak (lehen aipamena 1274. urtean) eta kokapenak berak (antzinako dunen mugan) ederki islatzen dute horren esanahia euskararen bitartez: muinoen lekua edo hareazkoarena. Izan ere, eremu luze-zabalean ez dago inolako mendirik, den-dena laua da. Baita adierazi ere, adierazten dituzte, nola ez, sasoi horretako biztanleek ikusi zituztela duna nagusi horiek sortzen, eta euskaldunak zirela, era horretara izendatzeagatik. Inguruko toponimia ere horren lekukoa da: Navarrosse (Biskarrosseko auzo bat), Arangosse, Ispe, Narp, Larrós, Azur (Esiur XII. mendean, hesiko ura ote?), Hossegor –Haussegore 1482.urtean, Hautsegorri, alegia, hauts gorria; hondarraren esanahiarekin zerikusia, antza–, besteak beste. Gainera, Baskoniako dukerriak, Gaskoinia geroago, X. mendera arte askatasuna eduki zuen. Ziurrenik, ordura arteko ahalmen politikoak hizkuntza bizirik atxiki zuen, beharbada, mende bat edo bi aurreragora arte, gehienez. Lurralde hori esku arrotzetan geratu ondoren, euskara emeki-emeki desagertzen joan zen.

Antzeko botere galeraren lekuko zuzena, gure mintzairari dagokionez, “Ojacastroko fanzayarena” da. 1234. urteko dokumentu batean jasota, orduko biztanleak agintari gaztelarren kontra matxinatu ziren gaztelaniaren inposizioaren aurrean, euskaraz soilik ulertzen zutelako. Herri horretako eta aldameneko eskualdetako biztanleak hasi ziren ohartzen galdutako izaeraz eta independentziaz (1177. urtean, Gaztelak Nafarroari konkistatutako Errioxa eskualdearen ondorio zuzena). Toponimian ere zantzu isilak ere badaude: Naharruri edo Nabarruri, 1510. urtean “Casalarreina” izenera aldatuta; Ozkabartetik “Santo Domingo De La Calzadara”; Ollauri, Ezcaray eta abar.

Euskaldunon aginpidearen desagertzearen beste froga bat daukagu Aragoiko Oska hirian, kronologiari begira, 1349. urtean. Udal ordenantza batek merkatuan euskaraz, arabieraz eta hebreeraz egitea debekatu zuen. Bertan, argi eta garbi euskaraz hitz egiten zuten. Urte eta hamarkada batzuk geroago, galaraztea berriz ere gertatuko da. Debeku horren jatorria 1135. urtean bilatu beharko dugu, Aragoiko eta Nafarroako erresumek agintari berak partekatzeari uzten diotenean. Nahiz eta Nafarroatik banandu 100 urte lehenago, Aragoi sortu zen orduko eskualde euskaldunak barnean hartuz (Jazetania, Gallego, Sobrarbe eta Ribagorza). Agintari berriek aurkako hizkuntz irizpideak finkatu zituzten euren erromantzearen alde eginda: aragoiera (1270. urtetik ofiziala erret agiri eta dokumentu pribatuetan). Gaur egun, leku horietako herri izen desitxuratuetan euskal kutsuaren hondarrak aurkitu ditzakegu: Javierregay (Etxeberrigarai), Bisaurri (Bisagorri), Escuaín, Larres (Larresse)...

Gaur egun, EAEn, Nafarroako Foru Erkidegoan eta Euskal Hirigune Elkargoan euskara bizirik dago murriztapenekin. Hirurek foruak eduki dituzte (independentzia nafarraren ohitura zaharren apur eratorriak zein kamustuak), Iparraldean baliogabetuak iraultza frantsesetik (1789tik) oraintxe arte. Nafarroako erresumako zati edo basailu izan dira: EAE 1200. urtean Gaztelak armaz Nafarroari hartua eta Lapurdiren eta Zuberoaren basailutza. Nafarroa Espainiak azpiratu zuen 1512. urtean. Frantziak etapa bitan: 1449-1451. urteetan eta 1620ko anexioa. Bertako hizkuntzarekiko mespretxuen lekukotzak ere aspertzeko beste badaude, azaldu bezala, estatu erasotzaileek bideratuta. Hizkuntzaren ofizialtasuna Espainiako Estatuaren mendekoa, asimetrikoa edo zeharka mugatua da: zonifikazioagatik eta epaile espainiarren oldarraldiagatik. Areago, Frantziako Estatuko euskal lurraldean euskara ez da legezkoa. Azkenik, agintegunea hiru administraziok bere neurrian kudeatzen badute ere, erabat otzana eta esanekoa da espainiar eta frantziar lege edota ebazpenek aginduta.

Gauzak horrela, honako galderak datozkit burura horrenbesteko epelkeriaren eta zipaiokeria politikoren aurrean:

    • Noiz arte iraungo du euskarak politikari abertzaleen inongo ekimen eraikitzailerik, erantzunik eta estrategiarik gabe?
    • Jakitun dira aldaketa demografikoek mintzoari dakarkiotenaz? Eta horren aurrean zer egin?
    • Badaukagu herria berregiteko kontzientziarik?

Esperantza izpiren bat gordeta badaukat: zain egon beharrean, elkartu, horren aldeko ideiak landu, ibilian ipini, eta ilusioa sortu dezagun! Bestalde, bitartean hondarrezko milioika aletxok denboran murgilduta utzi gaitzake. Lekutan.

Oskar Caballero

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.