Algoritmoek ez dute demokrazia salbatuko

  • Gure testuetako emozioak analizatzeko Adimen Artifiziala erabiltzea proposatzen duten bitartean, erakundeek azken hitza ukatzen digute. Demokraziaren krisia ez da datu prozesamendu hotzarekin konponduko, botere-asimetria hautsita baizik.

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Sarritan entzuten dugu herritarrok garela demokraziaren oinarria, baina, praktikan, eslogan hutsean geratu da baieztapen hori. Duela gutxi Eusko Legebiltzarra bisitatzeko aukera izan nuen, eta bertan, politika instituzionalaren izaera performatiboa bertatik bertara ikusi ahal izan nuen. Plenoak ez du funtzionatzen benetako eztabaidarako espazio gisa, aldez aurretik entsaiatutako antzezpen gisa baizik. Egun, badirudi ordezkariek kezka handiagoa dutela sare sozialetarako “klip” bat edo egunkariko titular bat sortzeko, legegintza substantziagatik baino. Politika antzerki bilakatzen denean, herritarren parte-hartzea erakusleiho hutsera mugatzen da: instituzioek begiratzera gonbidatzen gaituzte, bigarren mailako ikusle gisa, baina ez jada idatzita dagoen gidoi hori ukitzera edo aldatzera.

Askotan, erakundeek mezu sinplista bat zabaltzen dute: parte hartzeko tresnak badaude, eta erabiltzen ez badira, herritarren apatia edo borondate ezagatik da. Diagnostiko hori, ordea, akatsa da; interesik eza ez da berezkoa, sistemak berak eragindako egiturazko baldintza bat baizik.

Kapitalak gidatutako gizarte honetan, denbora dirua da, eta komunitateari eskainitako denbora "produktibitate galera" gisa ikusten da. Lan prekarizazioak eta bizirauteko beharrak langile gehienen energia kontsumitzen dute. Pertsona batek lanaldi nekagarriak egin behar baditu alokairua ordaintzeko, nekez izango du espazio mental edo fisikoa auzo batzar batera joateko. 

Oztopo material horiei egiturazko asimetria instituzionala gehitu behar zaie. Gaur egun, erakundeek proposamenak eztabaidatzeko eta lantzeko gonbidapena egiten digute, baina azken hitza beretzat gordetzen dute beti. Herritarrak badu zeresana proposamenean, baina ez du hura gauzatzeko benetako ahalmenik.   

Hori da desafekzioaren benetako jatorria. Parte hartzen baduzu, baina erakundeak  komenientzia politikoagatik zure lana kaxoi batean sar dezakeela ikusten baduzu, eraginkortasunaren pertzepzioa desagertu egiten da. Instituzioek egozten diguten ustezko interes eza hori ez da nagikeria; ahaleginak eraginik ez duela sentitzen duen herritarraren erantzun erabat logikoa baizik.

Desafekzio giro honetan, instituzioek ihesbide teknologiko bat aurkitu dute boterea ez lagatzeko: Adimen Artifiziala (AA) eta digitalizazio masiboa. Irakurle askorentzat urrunekoa irudi dezakeen arren, joera hori mahai gainean dago jada. Arantzazulaben zein OCDEren azken txostenek esplizituki proposatzen dute AA sektore publikoan integratzea, informazio masiboaren kudeaketaren bidez milaka proposamen automatikoki iragazteko. Bada gehiago: Arantzazulaben txostenak berak "sentimenduen analisia" (herritarren testuetan emozioak eta jarrerak identifikatzeko teknika) aipatzen du AAren aplikazio arrunt gisa. 

Diskurtso ofizialak dio teknologia hori aukera historikoa dela gobernantza modernizatzeko. Baina optimizazioaren "aurpegi atsegin" horren atzean, tranpa arriskutsu bat ezkutatzen da. Funtsean, erakundeek arazo estruktural bat tresna tekniko baten bidez konpondu nahi dute.

Prozesuak "kutxa beltz" baten esku uzten baditugu, non ezinezkoa zaigun erabakiak nola hartzen diren ikustea, gardentasuna eta kontu-ematea erabat galtzen dira. Izan ere, demokrazia ez da datuen prozesamendu hotzaren bidez konpontzen den problema matematiko bat. Justizia sozialaren deliberazioan, gatazkan eta enpatian oinarritzen da; algoritmo batek inoiz atzeman ezingo dituen elementuetan, alegia.

AAk pantaila baten aurreko portaera indibidual eta isolatuak sustatzen ditu, gure auzolanaren balio demokratikoen logikaren guztiz aurkakoa dena. Benetako arriskua da plaza publikoko eztabaidaren ordez kudeaketa automatizatua ezartzea, erantzukizun kolektiboaren espiritua hilda. Benetan modernizatu nahi al dugu demokrazia bere giza esentziaren kontura?

Ece Temelkuran kazetariak dioen bezala, "etorkizunaren doluan gauden lehen aldia da". Demokrazia galtzen ari garen sentsazioak antsietatea sortzen digu, baina arazo nagusia "erakundeekiko dugun konfiantza abstraktua" da, teknologia edo lege batek amildegitik salbatuko gaituela sinestea. Baina ez dago gu salbatuko gaituen erakunde edo algoritmo magikorik; gu bakarrik gaude.

Egungo legitimitate-krisiari aurre egiteko, konponbidea gure gihar demokratikoa berreraikitzea da, hezkuntza sistematik hasita. Botere-asimetria hausteko, premiazkoa da marketin hutsak diren kontsulta puntualak alde batera utzi eta erabaki kolektiboak lotesleak izango diren mekanismoetara igarotzea. Parte-hartzeak administrazioaren apeta izateari utzi eta betebehar estrukturala izan behar du.

Politika algoritmoen hoztasunaren esku uzteko edo antzerki instituzional performatiboarekin konformatzeko tentazioaren aurrean, lotura kolektiboa berreskuratu behar dugu. Hori baita bide bakarra demokraziak dolu izateari utzi eta gure eskuetatik eraikitako errealitate bihur dadin.

Aritz Artizar Pérez Arteaga, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikaslea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.