“Algoritmoak ez du zertan arriskutsua izan, baina teknologia inoiz ez da neutroa”

  • Australiaren esperientzia eta gero etorri dira Frantziako eta Espainiako gobernuen iragarpenak: sare sozialak debekatuko zaizkie haur eta nerabeei. Debekua da bidea? Eraginkorra izango da neurria? Zigorra plataformentzat ala erabiltzaileentzat izango da? Horiek eta beste hainbat galdera egin dizkiogu Telmo Lazkano osasun digitalaren arloko aholkulariari.

Telmo Lazkano, osasun digitalaren arloko aholkulari eta Altxa Buruako kidea. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

2026ko otsailaren 4an - 06:00
Azken eguneraketa: 08:03
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Askori entzungo zenion: "Debekua ez da bidea, heziketa digitala baizik".

Bai, baina gero eta gutxiago, batak ez baitu bestea kentzen, eta hori oso ongi dakigu offline munduan, dela gidatzeko baimenaren adina zehazterako orduan, dela pornografiara, apustu-etxeetara edo diskoteketara sarrera baimentzerakoan… Adin muga jartzen dugu, eta muga horien helburua ez da eskubideak urratzea, eskubideak babestea baizik, ulertzen dugulako zenbait gauzetarako heldutasun bat behar dela, eta heldutasun hori lortzeko, heziketa bat ere behar dela. Pertsona hori hezi eta prestatu arte, atzeratu egiten da horietarako sarbidea.

16 urtetan jarri du muga Espainiako Gobernuak. Adin egokia iruditzen zaizu?

Bai, 16 gutxienez, plataformek aldaketa sakonak egiten ez dituzten bitartean. Debekua ez dator ezerezetik, dator frogatu delako potentzialki oso kaltegarriak izan daitezkeela bai garapenerako, bai osasunerako, beraz horrelako testuinguru batean 16-18 urteko gutxieneko adina ongi ikusten dut.

“Plataformek aldaketa sakonak egiten ez dituzten bitartean”, diozu. Hori litzateke idealena? Potentzialki kaltegarriak ez diren dinamikak izatea sare sozialek?

Haur eta nerabeei mundu digitalera sartzeko eskubidea aitortzen zaie, baldin eta ez diren beren oinarrizko eskubideak urratzen; alegia, baldin bada testuinguru seguru bat, datuak babestuta, eta abar. Testuinguru digitalak hori bermatuko balu, beste afera batean egongo ginateke, baina ari gara justu hori guztia urratzeaz elikatzen diren plataforma digitalez. Offline munduan dugun araudia online munduan aplikatzea da, ez besterik.

"Agian lortuko dute %95ean adina ziurtatu dezakeen sistema bat, baina printzipioz gehiago dator kontzientziazioa zabaltzera"

Sozializatzeko arazoak dituzten gazteek edota kolektibo jakinetakoek (LGBTI gazteek, adibidez) sarea egiteko tresna inportantetzat dituztela ere argudiatu da.

Horrek islatzen du gizarte gisa dugun hutsune bat, multinazionalek jakin dutena aprobetxatzen etekin ekonomikoa ateratzeko. Auziari, beraz, gizarte gisa erantzun beharko genioke. Azken finean, pertsonen ongizateak ezin du egon multinazional baten algoritmo baten baitan, batez ere algoritmo horren helburua ez delako pertsonaren ongizatea, etekin ekonomikoa baizik, eta etekin ekonomikoa lehenetsiko du, pertsona horren osasuna urratu behar badu ere. Horren adibide pila bat dituzu, garbienetako bat Molly Russell-ena [14 urteko neskato ingelesak bere buruaz beste egiteko erabakian Instagramek lagundu ziola adierazi zuen epaile batek bere ebazpenean].

Aipatzen den zailtasun bat: egingarri egitea. Australian ikusi da badirela teknikak debekua aurrera eramateko, baina teknologiak azkar eboluzionatzen du eta gazteen asmamenak ere bai. Amarrua egingo dutela uste du askok...

Estatuak kontrolatu dezake ia %100ean nork gidatzen duen auto bat eta beraz bermatu dezake ez dagoela adin txikikorik gidatzen, baina alkoholaren eta tabakoaren langa 18 urtetan jarrita dagoen arren, badakigu adin horretatik behera ere edan eta erretzen dela. Hori bai, legea egongo ez balitz baino gutxiago edan eta erretzen da, zeren legeak argi adierazten du ez direla produktu egokiak adin horietarako. Ikusteko dago lege honen eraginkortasuna jarritako zein adibideetara gerturatuko den gehiago, agian lortuko dute %95ean adina ziurtatu dezakeen sistema bat, baina printzipioz gehiago dator kontzientziazioa zabaltzera.

 

"Nire iritziz, plataformetan jarri behar da fokua, baina batzuen aburuz, produktua kaltegarria dela esan eta gurasoek beren seme-alaben esku jarriko balute, haiek zigortu beharko lirateke"

Frantziako Asanbleak onartu duen legean, neurria ez betetzearen ardura erabiltzaileak du, eta gainera argudiatu du Europar Batasunak baldintzatzen duela horretara. Espainiako Gobernuko presidenteak, aldiz, iradoki du plataformak eurak izango direla neurria ez betetzearen erantzule, eta beraz, zigorra jasoko dutenak, Australian bezala.

Europar Batasunean, Zerbitzu Digitalen Legeak zehazten duen markoak dio (orain arte egin den irakurketaren arabera) de facto adina soilik ezin dela izan produktu digital batean sartzeko aldagai bakarra. Horregatik, orain arte halako debekuei beti txertatu zaie ohar moduko bat, “salbu gurasoen baimena izanez gero”, eta Frantziako legea letra txiki horrekin doa. Agian zirrikitu bat aurkitu du Espainiako Gobernuak Australiako legea bere horretan aplikatzeko, salbuespen hori txertatu gabe? Harritzen nau, nahiz eta Pedro Sánchezen iragarpenak hori ulertzera ematen duen… Datorren astean legea aurkezten dutenean ikusiko dugu.

Nire iritziz, plataformetan jarri behar da fokua, eta esango nuke hori dela gehiengoaren irakurketa. Baina batzuen aburuz, produktua kaltegarria dela esan eta gurasoek beren seme-alaben esku jarriko balute, haiek zigortu beharko lirateke, seme-alaba 12 urterekin eskolara ez bidaltzea edo jipoitzea erabakiko balute bezala.

Zein beste neurriz lagunduta etorri beharko luke debekuak?

Eragina nabarmena izateko, lege aldetik garrantzitsua litzateke ziurtagiriak banatuko lituzkeen nazioarteko erakunde publiko bat sortzea. Supermerkatuko produktuak, kontrol batzuk pasa dituen heinean, berme batzuk dituela dakizun modu berean. Mundu digitalean aldiz, nolabait produktu digital kutsatuekin elikatu ditzakegu gure seme-alabak, gu horren jakitun izan gabe. Aldiz, ziurtagiriak sortuta, plataformak behartuta leudeke erakunde honi erakustera haien algoritmoek nola eta zein helbururekin funtzionatzen duten.

Eta horrekin batera, jakina, heziketa digital sendo bat. Produktu horiek nola erabili ikastea baino, produktu horiek nola funtzionatzen duten eta zein interes dituzten ulertzea da digitalki heztea.

"Adingabeek egun bizi duten egoera psikoemozionalaren atzean faktore asko daude, baina kontuz, horrek ez du faktore bakoitzaren erantzukizuna baliogabetzen"

Sare sozialetako gorroto mezuak eta algoritmoen manipulazioa ere zigortuko da, adierazi du Sánchezek. Zergatik dira arriskutsuak algoritmoak?

Algoritmoak ez du zertan arriskutsua izan, baina teknologia inoiz ez da neutroa. Baditugu algoritmo oso aberasgarriak eta baliagarriak, gure zerbitzura daudenak, eta baditugu algoritmoak diseinatuta daudenak gu haien zerbitzura egoteko. Eta sare sozialek erabiltzen dituzten algoritmoak bigarren motatakoak dira, gure denboraz elikatzen direlako, arretaren ekonomia baita haien negozio eredua.

Eusko Jaurlaritzatik dagoeneko egin dute iragarpenaren lehen balorazioa. Neurria “puntuala” eta “isolatua” dela diote, egiturazko arazoa konpontzeko ez nahikoa, eta arazoari errotik heldu behar zaiola. Zure ustez, Jaurlaritzak orain arte eraman duen politikak errotik heltzen die eremu digitalak dakartzan kalte eta arazoei?

Ados nago, arazo estrukturala da, adingabeek egun bizi duten egoera psikoemozional latza puzzle oso konplexua baita, eta faktore asko daude atzean. Baina kontuz, dugun egoera faktore ugariren ondorio izateak ez du faktore bakoitzaren erantzukizuna baliogabetzen. Eta neurri hau ezin da koiunturaltzat hartu, nagusiki bi arrazoirengatik. Batetik, faktore garrantzitsuenetako bati tinko erantzuten lagundu nahi diolako: plataforma digital hauekin lehen harremana izateko adina arrisku faktore oso garrantzitsua da adingabeen arazo konduktual eta psikoemozionalen hazkundea ulertzeko garaian. Zientifikoki luze eta zabal jasota dago eta enpresek eurek onartu dute. Hortaz, halako neurri batekin arrisku faktore horri erantzuteak zalantzarik gabe sustatuko du nerabeek beren garapenerako  arkitektura sozial osasuntsuagoa izatea. Bestetik, neurri gehiago ere badakartza legeak, egoeraren ikuspegi askoz zabalagoa jasotzen dutenak. Lege hau onartu arren, oraindik asko dago egiteke, hori egia da.

"Jaurlaritzak 'denbora asko' daramala honetan lanean? Duela lau hilabete eskas mintzatu zen lehendakaria honetaz guztiaz lehen aldiz, Hezkuntza sailburuak esandakotik guztiz kontrako norabidean"

Deigarria egin zaidana da Jaurlaritzatik adieraztea "denbora asko" daramatela honetan lanean. Akademiak gutxienez hamabost urte daramatza honetaz gizartea eta instituzioak ohartarazten; Altxa Burua bezalako herri mugimenduek sei urte baino gehiago; Facebook gisako plataformek eurek duela bost urte onartu zuten haur eta nerabeen garapenean egiten zuten kaltea, eta kontrara, ez da hainbeste denbora pasa ARGIAn bertan irakurri nuenetik, joan den ekainean, Hezkuntza Sailburuaren arabera ez dagoela ebidentzia zientifikorik honetan guztian. Are, duela lau hilabete eskas mintzatu zen lehendakaria honetaz guztiaz lehen aldiz, Hezkuntza sailburuak esandakotik guztiz kontrako norabidean. Deigarria, baina ongi etorria. Inoiz ez da berandu, baldin eta noranzkoa zuzena bada.

ARGIAren Hezkuntza kanal berezian aurkituko duzu ikaskuntza eta irakaskuntza munduari lotutako bideo-erreportaje, podcast, artikulu eta albiste bilduma zabala.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Sare sozialak kanalean gehiago
2026ko otsailaren 18
Teknologia
Nor da nor?

2026ko otsailaren 11
Teknologia
Migratzaile digitalak

Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.