argia.eus
INPRIMATU
‘Alexia’ plataforma birtualaren aurka erantzuteko deia egin dute Aiaraldeko ikasleek
  • Aiaraldeko Ikasle Autodefentsa Sareak Alexia izenarekin ezaguna den plataforma birtualaren aurkako lanketa hasiko du. Gurasoei “erosotasuna” sortzen dizkio programak, baina ikasleak “kontrol hutsera” mugatzen dituela uste dute.

Hala Bedi @halabedi 2019ko urtarrilaren 15
Argazkia: @aiaraldea

Aiaraldeko Ikasle Autodefentsa Sareak Alexia izenarekin ezaguna den plataforma birtualaren aurka indarrak batzeko deia egin du. Ikasleek salatu dutenez, plataforma birtualak -ebaluazioko notak igotzeko erabiltzen dena- bere funtzioak handitu ditu, kalifikazioak ez diren beste esparru batzuetara bere jarduera zabalduz.

Alexiak, egun, ikasleriaren egunerokotasunaren berri ematen duela gaitzetsi dute, ikasleek burutzen dituzten jardun oro kontrolatuz: puntualitate faltak, ez-etortzeak, kanporatzeak edota jarrerak. “Ikasleon haserrea nabarmen hasi da, plataformaren jardunak ikasleriaren eguneroko praktika urratzen duelako”, adierazi dute ohar batean. Erabaki hau, ikasleen artean ongi etorria ez dela izan uste dute, “gurasoekin asteburuko liskarrak” izanik horren adibide, gurasoek “falta” hauen berri dutenean edota ikasleriaren askatasun eta eskubideen inguruan eztabaidatzerakoan.

Gainera, plataforma irakasle zein gurasoentzat “aberasgarria” izan daitekeela uste dute, “erosotasun” handia eskaintzen dielako. “Irakasleak bere posiziotik hartutako neurriaren berri ematen die gurasoei, horren adibide da Alexian erabilitako terminologia edota jarrerak epaitzeko ikuspegi subjektibista, hau da, soilik irakasleak du jarrera bat egokia den edo ez epaitzeko aukera”. Honen ondorioz, gurasoek, irakasleen arrazoiak bete-betean onartzen dituztela azaldu dute.

Ikasleak, aldiz, “oso egoera prekario” batean kokatzen dira. “Ikasleok gure iritzia zein gertaeraren inguruan dugun ulerkera esposatzeko aukera guztiak galtzen ditugu. Alexia kontrol hutsera mugatzen da”.

“Ikas-baldintzak bermatu ez eta gehiago zapaltzen gaituen tresna da”

Salaketaren beste esparru bat, Alexiak soilik ondorioei erreparatzen diela da, ez ondorio horietara heltzeko gertakizun edo arrazoiei. “Ikasleon egoera ez du aztertzen: klasean nola sentitzen garen, lantzen dugun edukia guretzat egokia den ala ez, egun txarra izan dugun ala ez… Hau da, arazo estruktural baten aurrean eztabaidatu baino (hezkuntza-sistemaren porrota) horren ondorio diren jarrerak kolpatzen ditu”. Era berean, “Alexiaren erabilera hainbeste goraipatzen duen Ikastolen Elkarteak hezkuntza ereduari kontraesanak sortzen dizkio, ikasleon garapena, autonomia zein kritikotasuna zapalduz”.

Zentzu honetan, plataforma birtualak “ikasleon ikas-baldintzak bermatu ez eta gehiago zapaltzen gaituen tresna” dela ondorioztatu dute. Horregatik, ikasleria osoari dei egin diote haiekin batera honen aurka borrokatzera.

Bukatzeko, irakasleei Alexiaren erabilerarekin bukatzea eskatu diete, ikasleen aldarrikapenen zilegitasuna onartuz.

Albiste hau Hala Bedi-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.