argia.eus
INPRIMATU
Alex Gibelalde: “Google ahalegin handia egiten ari da hizkuntza txikiekin”
  • Alex Gibelalde beasaindarrak lau urte daramatza Google enpresan lanean. Aste honetako zenbakian berarekin egindako elkarrizketa argitaratuko du ARGIAk. Hemen aurrerapen bat:

2010ko irailaren 27a
Alex Gibelalde

Hizkuntzei zein garrantzia ematen die Google-ek?

Handia. Google-en zeregina zera da, munduko informazioa munduko erabiltzaile guztientzat ulerkor egitea. Ildo horretan, Google Translate atera dugun produktu onenetakoa dela uste dut. Gaur egun, 50 hizkuntza baino gehiago ditugu. Informazioa edozein hizkuntzatan ikusteko aukera ematen digu, baita webguneak hizkuntza ezberdinetan ikustekoa ere. Hizkuntza ezagunenekin ez dugu arazorik, hizkuntza horretan idatzitako informazio asko dagoelako sarean eta beraz kalitate ona dutelako. Guk, hizkuntza baten kalitatea ona dela jakiteko, nazioarteko erakundeek (NBE, Europar Batasuna, AEBetako Gobernua) duten informazioa gure sisteman sartzen dugu. Sistema geroz eta inteligenteagoa izateko guztion laguntza behar dugu, hizkuntzaren kalitatea hobetzeko erabiltzaileak tresna erabili behar baitu, horrela sistemari irakatsiko dio-eta. (…) Denon laguntza behar dugu, askotan jendeak euskara eskatzen  duelako, baina gero ez du erabiltzen. Google ahalegin handia egiten ari da hizkuntza txikiekin, baina erabiltzaileek erabili dezaten egiten dugu, bestela ez du inongo zentzurik.

Enpresa berezia omen da Google, lan egiteko moduan…

Enpresa nahiko berria da, 12 urte ditu soilik eta azkenaldian asko hazi da. Filosofia ezberdina du: zure mahaian ordenagailuarekin egon beharrean, nahi duzun askatasuna duzu. Futbolinean jolastu edo leku batean lasai egoteko aukera dugu, eta une horietan ideiak sortzen bazaizkigu, paretan ditugun arbeletan idatz ditzakegu. Google-en helburua langileari gauzak erraztea da. Egia esan, denbora gutxi pasatzen dugu horrela, baina gutxienez estres momentuetan kanpora ateratzeko, jolasteko edo lasai egoteko aukera dugu. Langileak pozik eta gustura egotea nahi du Google-ek.