Alepon kurduen kontrako sarraskia abiatu eta gero, Siriako gobernu islamista gerraren fase berrian sartzen ari da

  • Urtarrilaren 6tik 10era bitartean Siriako Gobernu islamistak, Turkiaren laguntzaz eta Europaren babesarekin, Alepoko auzo kurduak bonbardatu eta hartu zituen, ehunka hildako eta desagertuak eraginda. Sarraski hori Siriako gerraren fase berri baten hitzaurrea baino ez da izan, orain Siriako presidente al-Golaniren indar salafistak eta Turkiako armadak Eufrates ibaiaren mendebaldea erasotzeari ekin baitio, beste garbiketa etnikoaren beldurra piztuz herri kurduan.

Alepoko zibilak Siriako Gobernu islamistak bonbardatutako auzoetatik ihes egiten. AP foto/Omar Albam

2026ko urtarrilaren 16an - 09:57
Azken eguneraketa: 2026-01-26 10:50
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Al-Golanik Siriako gerra berpizteko bidea hartu berri du. Al Qaeda eta Estatu Islamikoko militante ohiaren trantsizio gobernuak gutxiengo alauiaren kontrako sarraskia egin zuen iazko martxoan eta uztailean komunitate drusoaren aurka jo zuen. Orain, kurduengan jarri du jo-puntua. Erasoaldiaren lehen atal beldurgarria Alepoko Sheik Maqsoud eta Asafriye auzo kurduetan gertatu da urtarrilaren 6tik 10era bitartean. Bi auzo horiek militante kurduen esku zeuden Siriako Gerra hasi zenetik, neutraltasunez jokatu zuten hamarkada bat baino gehiago, islamistei eta Assaden indarrei sartzen utzi gabe. Auzune biak Eufrateseko mendebaldean daude isolaturik, SDF-ren –Siriako Indar Demokratikoak, YPG eta YPJ kurduak buru– kontrolpean dagoen lurraldetik urrun.

Gertakariaren garrantzi estrategikoa ulertzeko, gogoratu beharra dago SDFk eta Al-Golanik aurreakordioa sinatu zutela 2025eko martxoan, kurduek herrialdeko ekialdean lideratzen duten proiektu konfederala Baxar al-Assaden osteko estatuan integratzeko, baina adostasun horrek ez du islarik izan modu praktikoan. Lehen urratsetan, YPG eta YPJko borrokalariek Alepoko auzune kurduak utzi zituzten, kontrola Asayishen –Polizia kurdua– esku lagata, baina hori baliatu du al-Golanik urtarrileko lehen egunetan haien kontra jotzeko.

Lau egunez, arma arinak baino ez dituzten Asayish-eko 300 kide inguruk aurre egin zieten milaka eta milaka islamistari. Al-Golanik eskura zuen ia guztia baliatu zuen; bere HTS taldeko –Al Qaedaren ondorengo erakundea– milizianoak, Turkiak ordaindutako talde salafista siriar eta turkmenoak, Asiatik edo Afrikatik Siriara heldutako jihadistak (Egiptokoak, Sobietar Batasuneko Errepublika ohikoak edo Uygur txinatarrak)… Eta nola ez, tankeak, artilleria eta droneak.

Siria berria ekarri behar zuen liderrak bere ibilbidea jarraitu zuen –gerra hasi zenetik, urterik urte edozein oposizio txikitu eta menperatu du– eta zibilez betetako auzoak bonbardatu zituen, baita ospitaleak ere, israeldarren irakaspenak baliatuta: azpian tunelak zeudela argudiatuta.

Emaitza esperotakoa izan da. Dozenaka zibil hil dituzte bonbardaketetan –umeak barne–, ehunka desagertu eta askotariko basakeriak egin dituzte: emakume borrokalari kurdu baten gorpua eraikin batetik bota eta grabatu zuten gobernuko jihadistek, beste gizon bat hil arte torturatu zuten, hainbat herritar bahitu dituzte, kazetari kritikoak debekatu ditu gobernuak auzoetan... Bizirik iraun zuten borrokalari kurduek –batzuek euren buruaz beste egin zuten munizio gabe geratzean– urtarrilaren 10ean utzi zuten auzoa, setiatuta baitzeuden eraikin batean hainbat zibilekin.

Duela gutxi Alepo, laster Deir Hafer

Alepo odolez bete eta gero, al-Golaniren gobernuak helburu berriak ezarri ditu eta Deir Hafer konkistatzeko operazioa iragarri du. Deir Hafer Eufrates ibaiaren mendebaldean dago, baina SDFren kontrolpean. Al-Assaden estatua behera etorri zenean, haraino heldu ziren SDFko borrokalariak eta lurralde hori zein Tishreen defendatu dituzte geroztik, Mambij galdu eta gero.

Siriako trantsizioko gobernua aldarrikatu du Deir Hafer zonalde militarra dela eta operazioa abiatu dute egun hauetan zenbait erasorekin. Kokapenak garrantzia dauka, Eufrateseko ekialdeko sarbidea baita.

Israel, Estatu Batuak, Turkia eta Europa gerraren atzean?

SDFren eta al-Golaniren artean bazirudien adostasuna lortzeko urratsak egiten ari zirela eta urtarrilaren 4an bertan Damaskon bilera berria egin zuten. Antza, akordioa sinatzeko prest zeuden, baina azken unean atzeratu zen, Turkiari lotutako gobernuko ordezkari batek eraginda.

Bi egun geroago, Israelek eta Siriako Gobernuak kooperazio akordioa iragarri zuten Parisen izandako elkarrizketetan, zeinak sionisten kontrola indartu eta ofizialdu baitzuen herrialdeko hegoaldean. Handik gutxira abiatu zen Alepoko operazioa.

Horren atzean Donald Trumpek izendatu duen Turkiarako eta Siriako ordezkari berezia Tom Barracken eskua ezin da ukatu, ezta Frantziarena ere. Barrack Qatar eta beste petroestatuekin lotutako negozio gizona da eta al-Golanik sarraskiak eta basakeriak egin dituen bakoitzean –alauien edo drusoen aurka– bere laguntza izan du beti. Orain badirudi kurduen heriotzak zuritzeko prest ere egongo dela.

Israel eta al-Golani adostutakoa publikoa ez bada ere, badirudi atzean dagoena dela sionistek euren kontrola ziurtatu dutela Siriako hegoaldean eta Turkiari eman diotela iparraldea. Gogoratu beharra dago armada israeldarrak apurka-apurka okupatu duela Siria hegoaldeko hainbat lurralde eta uztailean komunitate drusoaren kontrako genozidioa gelditu zuela indarrez, Damasko bera ere bonbardatuta, al-Golaniren indarrek muzin egin ziotenean euren mehatxuei.

Komunitate drusoa Siriako hegoaldean kokatuta dago eta zonalde hori estrategikoa da sionisten interesetarako. Druso israeldar ugari ere badaude, batzuek armada sionistan hartzen dute parte.

Uztailean Israelgo Gobernuak gutxiengoak defendatzeko erretorika erabili zuen indar islamistak Siriako hegoaldetik aldentzeko, baina kurduen hilketak gertatu direnean, ordea, nazioarteko komunitateari deia zabaldu dio indarkeria gelditzeko. Ironikoa bada ere, nazioarteko legedia gehien urratsen duen estatua Israel izanda. Bi egoerak alderatuta, badirudi israeldarrek oniritzia eman diotela gertakariari. Beste hitz batzuetan, Turkiak bere base militarrak zabaldu ditzake orain arte bezala Sirian, Israelen interesetan ez bada sartzen. Urtarrilaren 15ean Hakan Fidan Kanpo Ministro turkiarrak berretsi du susmoa, adierazita SDFren presentzia Eufrateseko mendebaldean legez kontrakoa dela. Zein lege da hori? Ez nazioartekoa, ez siriarra, ez turkiarra. Netanyahuk, Trumpek eta Putinek, besteak beste, ezarri duten legea: indarrarena.

Irudi orokor horretan zer esan Europari buruz? Lotsaren irudia utzi baitzuten Ursula Von Der Leyenek eta Antonio Costak urtarrilaren 9an Damaskon. Al-Golaniren mutilek bi auzo kurduak txikitzen zituzten bitartean, Europar Batasuneko ordezkariek besarkatu zuten Al Qaedako kide ohia eta dirutza emango ziotela ziurtatu zioten.

Gauzak horrela, hurrengo egunetan argituko da AEBek Siriako lurralde osoa emateko prest egongo diren otomandarrei eta jihadistei, edo soilik mendebaldea oparituko dieten. Izan ere, ikusteke dago al-Golanik ekialdean ere erasora joko ote duen.

Kaosa nonahi

Benjamin Netanyahuk eta Donald Trumpek ezarritako ordena berrian indarkeria eta anabasa zabaltzen ari dira etengabe eta Ekialde Hurbilean bereziki nabarmena da horren eragina. Yemenen Emirerri Batuak desagertu dira, Turkia da Iranek topatu duen aliatu handiena bere herritarren matxinadaren kontra –aste honetan aldarrikatu dute teokrazia xiitari informazioa bidali diotela gerrillari kurduei buruz– eta PKKren eta Turkiaren arteko bake prozesua bere azken orduetan egon daiteke, Sirian gertatzen ari dena ikusita. Izan ere, Abdullah Öcallanek argi eta garbi utzi zuen Rojava –gehiengo kurdua duen lurralde siriarra– marra gorria izango zela.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Siriako gerra kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.