Europa militarizaziorantz ari da jotzen eta Alemania ez dago salbu. 2011tik bertan behera zegoen derrigorrezko zerbitzu militarra berraktibatu nahi du lehen ministro Friedrich Merzek. 2035erako gutxienez 255.000 soldadu eta 200.000 erreserbista izan nahi dituzte. Horren aurrean, abenduaren bosterako ikasle greba antolatu dute 85 hiritan. Deialdia antolatu duen erreklutamenduaren aurkako eskola greba aliantzak dio ikasleak "hiltzen ikasarazi" nahi dituztela.
Alemanian 2011 arte 18urtetik gorako gizonezkoak behartuta zeuden zerbitzu militarra egitera. Borondatezko zerbitzu militarra ezarri zenean, ez zuten legetik ezabatu eta parlamentuak erabakiz gero berraktibatzeko aukera dauka. Alemaniako lehen ministro Friedrich Merzek eta bere gobernuak hori baliatuta berriro ere zerbitzu militarra beharrezkoa izatea nahi dute. Militarizazio egoera horretan, milaka ikasle alemaniar greba egin dute abenduaren bostean.
Frakfurter Runschau hedabideak zabaldu duenez, Alemania osoko 85 hiri baino gehiagotan antolatu dituzte ikasle grebak. Deialdia erreklutamenduaren aurkako eskola greba aliantzak (Schul Streikkomitee) prestatu du, eta aurreikusi dute eskolak geldiaraztea, martxak eta gobernu egoitzetan kontzentrazioak egingo dituztela.
Hurrengo urtean, Merzen gobernuak iragarri du harremanetan jarriko dela 2008tik aurrera jaiotako 700.000 gazteekin, galdetzeko zerbitzu militarrean “borondatez” izena emateko prest dauden. Erreklutamendua gutxienez ez bada 5.000 lagunetara iristen, Parlamentuak zozketa bidezko derrigorrezko zerbitzua ezar lezake. El Paísek esan zuenez, Alemaniako Gobernuaren helburua da 2035rako gutxienez 255.000 soldadu izatea, gaur egun ia 183.000 dira, eta erreserbisten kopurua pasatzea 100.000tik 200.000 soldadura.
Diario Socialistak zabaldu duenez, gazte-erakunde antimilitaristek ohartarazi dute gobernuak derrigorrezko erreklutamenduaren inguruko eztabaida saihestu nahi duela, eta “krisialdia gertatuz gero” derrigorreko erreklutamendu orokorra berrezar lezakeela parlamentuaren onespen azkar batekin.
Schul Streikkomitee webgunean ondorengoa salatu dute gazteek: “Ez dugu gure bizitzako urte erdia igaro nahi kuarteletan sarturik, obedientzian trebatuak izan gaitezen. Hiltzen ikasarazi nahi digute eta gerrak ez du etorkizunerako aukerarik ematen”.
Frakfurter Runschau hedabideak zabaldu duenez, 2025eko gazteen joeren azterketan oinarrituta, Z belaunaldiko %81ak uko eginen dio "Alemaniagatik" gerrara joateari . Stern aldizkariak urrian argitaratu zuen, gazteen %63 derrigorrezko zerbitzu militarra berriz ezartzearen aurka agertu zen, eta %76k uko eginen dio ausaz hautatuak izateari.
Alderdi instituzionalei dagokienez, iritzi desberdinak dituzte. BSW eta Die Linke alderdi ezkertiarrak ikasle grebaren alde eta derrigorrezko zerbitzu militarraren kontra agertu dira. BSW alderdiko buru Sahra Wagenknechtek esan du gazteen bizitzarekin ezin dela jolastu “errusiar erruletara”. Beste aldetik, gobernua osatzen duten CDU/CSU eta SPD alderdiek erreklutamenduaren aldeko jarrera bateratua dute. Alderdi Berdeak, "Errusiaren mehatxuaren” aurrean zerbitzu militarra sendotzeko hautua egin du. Eskuin muturreko AfD alderdiak, oraindik ez du derrigorrezko zerbitzu militarraren inguruko jarrera bateraturik hartu.