argia.eus
INPRIMATU
Alde Zahar auzo ekimena
"Iruñeko apartamentu turistikoen erdia Alde Zaharrean daude"
  • Iruñeko Alde Zaharreko Alde Zahar ekimenak turismo masiboaren aurkako eta auzoaren defentsarako kanpaina abiatu du ostegun honetan.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko otsailaren 08a
2023an AZ ekimenak Burgoen plazan egindako mobilizazioa; atzean, gainean, ikus daiteke orain obretan den Unzuko eraikina. (Argazkia: X. Letona / ARGIA CC BY-SA)

Kanpaina antolatu duen AZ ekimenaren esanetan, Iruñeko apartamentu turistikoen %50 Alde Zaharrean daude, bertan hiri osoaren herritarren %5,5 bakarrik bizi denean. Zenbakietara eramanda, 311 apartamentu turistiko daude hirian, elkartearen esanetan, eta horietatik 172 daude Alde Zaharrean. Diotenez, horrek gero eta arazo gehiago sortzen dizkie auzoko 11.621 bizilagunei, hala nola, auzokideei enbarazu egitea, espazioen hondatzea, etxebizitzen garestitzea edota auzoaren identitate galera.

Ekimenaren esanetan, horri gehitu behar zaio taberna eta ostalaritza munduko lokalen ugaritzea, horrek dakarren zarata eta kalearen okupazioarekin; aisialdirako tokien galeraz ere ohartarazi dute. Diotenez, bizilagun askok alde egin du auzotik, eta beste askok, nagusiki gazteek, gero eta zailtasun gehiago dituzte etengabe gora egiten duten alokairuak ordaintzeko, eta, ondorioz, Iruñeko beste auzo batzuetara egiten dute alde.

Ostegun honetan hasten den kanpainan era askotako ekitaldiak egingo dituzte, eta hasiera gisa 19:00etan Iruñeko Udaletxe plazan biltzera deitu dituzte auzotarrak; bertan, besteak beste, etxebizitza turistikoen gorakadari buruzko txosten eguneratua aurkeztuko da.

Asiron: “Irtenbideak jartzeko unean gaude”

Iruñeko Alkate Joseba Asironek hedabideen aurrean adierazi du –berriki ARGIAn ere bai– pisu turistikoak oraindik ez direla arazoa Iruñean, Donostian eta Bartzelonan gertatzen den moduan. Baina apartamentu turistikoen hazkundea gentrifikazio arazoen hasiera ere badela onartu du, eta beraz, gaiari berriz heldu behar zaiola zehaztu du. Gogoratu du bere aurreko agintaldian hartu zirela alor horrekiko hainbat neurri, esate batera, eraikin batean egon daitezkeen gisa horretako apartamentuen kopurua mugatzea edota zein alturetan egon behar duten zehaztea.

Unzu proiektua: 233 plazako ostatua

Iruñeko Mercaderes kalean eta Udaletxe plazaren ondoan eraikitzen ari dira Unzu Bizi proiektua, non 233 lotarako plazako ostatua –Burgoen plaza aldera bideratuta–, eta 68 eta 205 metro karratu arteko hamabi etxebizitza –Mercaderes kalera bideratuak– egingo diren. Asiron alkatearen aurreko agintaldian –2015-2019– udalak proiektu horren aurkako jarrera erakutsi zuen, nagusiki lotarako plaza horiengatik, baina ondorengo udal gobernuek argi berdea eman zioten eta eraikitze lanak 2023ko hastapenetan hasi ziren.

ARGIAk 2018an egindako ondoko erreportajean zabal aztertu zen turismoaren arazoa Iruñeko Alde Zaharrean: Iruñeko Alde Zaharra: turismo masiboaren atzaparretatik ihesi.