Luzaro stand by-n zegoen guduari –Arabiar Udaberriaren legatua hura ere, gogora dezagun– Yemengo huthiek berrekin eta Moka portua eta Bab al-Mandeb itsasartearen kontrola ematen duten uharriak eskuratu dituztenetik, crescendoa ez da eten. Saudi Arabiaren babesa (gutxi esatearren) duten gobernu-indarrek kontraeraso erabakigarria iragarri dute, baina lehendik dituzten gotorleku nagusiak, Taiz edo Marib kasu, ez galtzeko eginahalak egiten ari direla esan liteke.
Eta Saudi Arabian MBSk, Mohammed bin Salman Printze oinordeko eta lehen ministrordeak, tentu handiz hausnartu beharko duela zer egin, gaztiguak biderkatzen ari zaizkion huthien aurka. Yemengo gerraren aurreko fasean lurgaineko lan itsusiaz arduratu ziren Emirerrien esku-hartzea iraungita, Pakistan eta Turkiarekin adostutako Mekako Akordiotik laguntza praktiko eskasa espero dezake Riadek, eraginkorra izateko lurrekoa izan beharko lukeen operazio militar zabal (eta, seguruenera, luze) baterako.
Arabiako penintsulan gauzak horrela daudela, ordea, su geldoan egon den beste gatazka militar bat gartu da, ia bat-batean. Mokatik 150 kilometrora, besteak beste. Duela lau urte Hegoafrikako Pretorian Etiopiako gobernuaren eta Tigray Askatzeko Herri Frontearen artean sinatu zen bake-hitzarmena, aurreko bi urteetako gudu izugarria amatatzea lortu zuena, pikutara joan da azken aste hauetan.
Baina ñabardura batekin orain: lehen horren agerikoa ez zena –Etiopia eta Eritrearen arteko gatazka ere bazela borroka haren sustraian–, nabarmena da orain. Addis Abeba eta Asmara elkarri egozten ari dira bakea eten eta eraso militarrak hasi izana. Baina bertatik bertara dirudiena da etiopiar armada bere kontrola ezartzen ari dela orain arte Tigrayko milizianoen esku zeuden hiri nagusietan (Mek’ele, Adigrat, e.a.). Ofentsiba hori Eritrearekiko mugan amaituko ote den da kontua; ezetz uste du Asmarak, itxura guztien arabera.
Izan ere, zehazki Tigray ez den baina bi herrialdeek Djibutirekin ere muga egiten duten muturrean ere borrokak izaten ari dira. Puntua ez da nolanahikoa: Etiopiako lurraldea itsasotik (Itsaso Gorritik, han; Eritreako Assab portutik zehazki) hurbilen –70 kilometrora– dagoen parajea da. Aro kolonialean ere Abisiniarako itsas-sarbide nagusia handik izan zen.
2024ko urtarrilaren 1ean, Etiopiak eta Somalilandiak hitzarmena sinatu zuten bigarrenak Adengo golkoan kontrolatzen duen itsasertzean lehenek portu bat eraiki ahal zezaten, Somalilandiaren aintzatespen diplomatikoaren truke. Handik urtebetera hitzarmena zapuztuta geratu zen, antza.
Askoz asmo handiagoko operazioa izango litzateke Assab eskuratzea. Itsasoaren beste aldean, Yemengo Moka, 33 miliatara. Tartean, munduko itsas-merkataritzaren bostena inguru.