Alboka taberna itxi dute Donostian, ia mende erdiko ibilbidearen ostean

  • Gipuzkoako hiriburuko erdialdean, leku lasai, goxo eta euskaldun baten bila zebilenak, Easo kalean zeukan Alboka taberna. Aterpe ederra jende askorentzat, beti musika aukeraketa zainduarekin, kafe eta garagardo eskaintza bezalaxe. 1978an ireki zuten taberna, eta Jon Martinez Ona egungo jabeak pertsiana jaitsi du asteburuan, taberna nori pasatuko ezin itxita. “Harro eta pozik noa”, adierazi dio ARGIAri, azken asteotan bere komunitatearen maitasuna jaso ostean.

Donostiako Alboka taberna. Mindtrip

2026ko urtarrilaren 19an - 11:28
Azken eguneraketa: 2026-01-27 21:32
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Larunbat arratsa da. Jendez beterik dago Alboka. Barraren barnean, beti bezala, Jon Martinez Ona donostiarra, Easo kalekoa bertakoa. Martinezek bere ibilbidea modu diskretuan amaitu nahi bazuen ere, ahoz aho zabaldu da albistea eta asko izan dira bertatik azken aldiz pasatu nahi izan duten bezero eta lagunak. 

Alboka taberna 1978an ireki zuten eta handik hamar urtera hartu zuen Martinezek. Bertan erakusketak eta kultur ekimenak egiten zituzten, eta berak ere bide horretan sakondu nahi izan zuen hasieratik. Musikari zegokionez, bestelako eskaintza alternatibo bat eskaintzea bilatzen zuen. "Gogoan dut 1970 eta 1980ko hamarkadetan, herri askotan ireki zirela horrelako tabernak, ohikotik ateratzen zirenak. Eta lana ere bazen arren, baina gehiago zeukan: lagunak biltzeko lekuak ziren, musika entzuteko, erakusketak egiteko, liburuak aurkezteko, kontzertu solidarioak egiteko, poesia errezitaldiak... Gauza asko egin dira hemen, baita Mintzalagun praktikak ere. Baina bereziki aipatu nahi nuke, eta oso harro gainera, gay eta lesbianen komunitatea biltzeko leku garrantzitsua izan dela leku hau. Hasierako garai haietan ez zen erraza horrelako lekuak aurkitzea, eta duela urte batzuk fatxadan hori aitortuz plaka bat jarri zidatenean, izugarrizko ohorea sentiarazi zidaten".

Barraren alde horretatik, hainbeste urtean, aldaketa soziologiko handien lekuko izan da Martinez. "Hasteko, tabernari dagokionez, asko aldatu da gaueko giroa. Lehen parranda giroa izaten zen lanaren erdia, baina orain astean zehar ia desagertu da hori. Jendea orain arratsaldetan ateratzen da eta giroa izaten da. Ohiturak aldatu dira, gazte jendea harremantzeko moduak asko aldatu diren bezala", dio. Hiriaren norabideari buruz galdetuta, dio batez ere azken hamar urteetan turismoaren igoera handia sumatu duela, eta Albokara bertara ere geroz eta turista gehiago sartzen zirela. Horrek dituen ondorioez, kezkaz mintzo da, donostiar gehienak bezala, azken inkestek erakusten gisan.

Nekearen ondorioz itxi du azkenik Martinezek lokala. "Oso polita izan da taberna batean lan egitea, lagunengatik, popularra zarela sentiarazten baitizute, maitasuna ematen dizute egunero –mozkorkeriak bezalako gauza txarrak ere kudeatu behar diren arren–, baina orokorrean asko gustatzen zait lan hau. Hala ere, aldaketa behar nuen". Beste norbaiti pasa nahi lioke taberna, eta bospasei interesatu badituen arren, oraindik inork ez du azken pausoa eman.

"Azken asteak tsunami bat bezalakoak izan dira niretzat. Lan asko eta emozio asko. Jende piloa etorri zait eskerrak ematera... zenbat besarkada eman ote ditudan egunotan! Harro eta pozik noa", dio berriz ere hunkituta. Orain, merezitako atsedena hartuko du.

Beheko bideoan, larunbatean albokariek eman zioten sorpresa berezia.

 


Ostalaritza kanalean gehiago
2023ko irailaren 13
Iruñeko Katakrakek 10 urte
Jan, edan, irakurri... mundua aldatu

Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin