Albiste faltsuen aurrean erantzukizun kolektiboa aldarrikatu du Zero Pobrezia plataformak

  • Demokraziaren krisia, autoritarismoaren gorakada eta desinformazioaren erabilera politikoa salatu ditu Donostiako Zero Pobrezia plataformak. Hauteskunde zikloaren atarian, erantzukizun kolektiborako deia egin du, “zentzuz bozkatzeko”.

Zero Pobrezia plataforma

2026ko urriaren 14a - 10:03
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Urriaren 17a Pobreziaren Nazioarteko Eguna dela-eta, aurtengo manifestua aurkeztu du plataformak: Hackeatu desinformazioa, zentzuz bozkatu. Egungo desinformazioan jarri dute azpimarra: “Informazioa inoiz baino azkarrago mugitzen da, gero eta zailtasun gehiago ditugu iristen zaiguna egia ote den bereizteko, eta komunikabide batzuk kazetaritzaren etika desagerrarazten ari dira”. Are, kontsumitzen dugun albiste kopuru handi bat “asmo txarrez” sortzen dela nabarmendu dute, “iritzi publikoan eragiteko eta demokraziaren aurkako imajinario kolektiboa sortzeko”.

Desinformazioa arma politiko eta elektoral gisa erabiltzen dela gogoratu dute, eta hainbat kolektibo izan ohi dituela jomugan: “Pertsona migratzaile, errefuxiatu, arrazializatu eta pobretuak kriminalizatzen ditu, feminismoa eta LGTBIQ+ mugimendua jo-puntuan jartzen ditu, eta larrialdi klimatikoa ukatzen du”.

Etxebizitza, eskubide unibertsal

Etxebizitzaren gaiari lotuta sortu diren mobilizazioen erdian, Donostiak EAEko eta Espainiako Estatu osoko hiribururik garestiena izaten jarraitzen duela nabarmendu dute plataformako kideek.

Horren guztiaren aurrean, erantzun kolektiboa eskatu dute. Hauteskundeak bertan direla-eta, pertsona guztien ongizatea lehenesten duten proposamenak, justizia ekosoziala eta giza eskubideak sustatzen dituztenak babestera eta bozkatzera animatu dituzte herritarrak.

Zero Pobrezia Donostia plataforma osatzen duten erakundeez gain (Enraiza Derechos, Medicusmundi Gipuzkoa, Mugen Gainetik, Proyde-Proega, Setem Hego Haizea, SOS Arrazakeria Gipuzkoa, Tau Fundazioa eta Euskadiko eta GGKEen Koordinakundea), beste hainbatek ere sinatu du manifestua: Amher Hernaniko Elkarte Multikulturala, Donostia-Palestina, Donostiako Asanblada Feminista, Gehitu, Harrera Sarea, Kaleko Afari Solidarioak (KAS), SMH - Salvamento Marítimo Humanitario, SOS Racismo eta ZAS! Zurrumurruen Aurkako Sarea.

Pobreziaren Astea

Bestalde, Pobreziaren Nazioarteko Egunaren bueltan hainbat ekimen antolatu dituzte aste honetan, Donostian. Asteazken arratsaldean, hiriko autobus guztiek plataformaren kartel bat eramango dute. Ostegunean, Desinfokrazia edo Demokrazia? bertso-saioa izango da Lugaritz Kultur Etxean, 19:00etan, Alaia Martin eta Aner Peritz bertsolariekin. Ostiralerako, aurreratu ez duten ezusteko ekintza prest dute.


Pobrezia kanalean gehiago
2026ko otsailaren 18
Pribilegioa

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.