Babes keinuen artean igo da alarde parekidea San Martzial kaletik San Juan plazara. Udaleko ordezkari guztiek egin diete harrera, baita Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariek ere. Emakundeko zuzendariak ere babesa helarazi dio alardeari. Arratsalderako kezka agertu dute, alarde parekidearen aurka ekintzak egiteko mezuak zabaldu direlako.
Zuri-gorri-beltz esnatu da Irun (Gipuzkoa). San Martzial eguna da, alarde eguna. Bi alardek desfilatuko dute egunean zehar Irungo kaleetatik: alarde publiko eta parekideak, eta emakumeak baztertzen dituen alardeak. Orain 30 urte irten ziren lehenengoz emakumeak desfilatzen, emakumezko eta gizonezko talde bat soldaduz jantzi eta alardean sartzen saiatu zirenean, emakumeen parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen. Urtero gero eta babes gehiago du alarde parekideak, baina oraindik pausoak geratzen direla aldarrikatu dute. Arratsalderako arduratuta agertu dira batzuk, azken asteetan alardearen aurkako ekintzak egiteko sare sozialetan zabalduko mezuengatik.
2.400 pertsonak hartu dute parte aurten alarde parekidean, iaz baino ehun gehiago, hamalau konpainiatan banatuta. 10:20 puntuan abiatu da alardea, Urdanibia plazatik San Martzial kalea igo eta San Juan plazarantz. Berria egunkariaren kronikaren arabera, txalo eta babes keinuen artean egin du bidea alardeak, eta ez da ikusi bizkarra ematen ari zenik.
San Juan plaza beteta irisi da alardea udaletxearen aurrera. Txalo artean hartu dute herritarrek Patxi Perez jenerala. "Gora Irun, Gora San Martzial, gora alarde parekide eta munizipala", egin die oihu Perezek. "Emakumeak alardean", erantzun dute ikusleek.
Udaletxeko balkoia ere bete da, udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariak alardeari harrera egiteko zain, Bidasoako Hitza-k jakinarazi duenez. Cristina Laborda alkatearekin (PSE-EE) eta EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPren ordezkariekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariek ere egin diete harrera, Eider Mendoza ahaldun nagusiarekin eta EH Bilduko, PSE-EEko eta Ahal Duguko ordezkariekin.
"Urduritasuna baino gehiago, hunkitzen gara ikustean zenbat gauza mugitzen diren hemen. Poz-pozik gaude emakumeak alardean ateratzen direla ikusita", esan du hunkituta Landetxe konpainiako emakume batek ETB Onen. Saltoka eta barrez bete dute plaza, eta badira eskopetan lore bat dutenak ere.
Aurrerapausoak bai, baina ez denak
Bidasoako Hitza-ren arabera, alardeak esana du helburua alarde bakarra izatea dela, publikoa eta parekidea, baina oraindik bi daudela. Alardeko ordezkarien arabera, aurrerapausoak eman dira, baina ez guztiak.
Oihana Briones Irungo EH Bilduko zinegotzia eta Tania Pazos Ahal Dugukoa kexu azaldu dira parekideko ordezkariek ezin dutelako San Martzial baselizako ekitaldi erlijioso eta instituzionalean parte hartu, alarde parekidea desfilatzen dagoen bitartean egiten baita. "Alarde baztertzaileak, ordea, jada bukatu du ordu horretarako, eta haiek egoten dira ordezkari politiko guztiekin batera, ekitaldia partekatzen. Azkenean udalak bat egiten du alarde baztertzailearekin", azaldu du Brionesek. Alarde tradizionala 07:40etan abiatzen da.
"Udalak aspaldi hartu beharko lukeen erabaki bat hartu gabe jarraitzen du: alarde parekide bat antolatzea guztiek modu berean parte hartu ahal izateko", nabarmendu du Pazosek.
Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak, baita Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak ere, azpimarratu dute emakumeek eskubidea dutela jaietan "aktiboki" parte hartzeko. Elgarrestaren iritziz, "elkarrizketa" behar da "emakumeen parte hartzea" egonkortzeko.
Alarde parekidearen aurkako mezuak
"Oraindik badaude buelta ematen dutenak", esan du alardeko emakume batek San Juan plazatik euskal telebistan. San Martzial goiza jai giroan eta aparteko tentsiorik gabe igaro bada ere, arratsalderako kezka da nagusi, batez ere Kale Nagusiko zatirako. Azken asteetan mezuak zabaldu dira hirian, arratsaldeko desfilean alarde parekidearen aurka Kale Nagusian ekintzaren bat egiteko.
"Gorroto eta intimidazio" mezuengatik, alardeak, kezkatuta, Ertzaintzara jo zuen, behar izanez gero neurriak hartzeko. Brionesek "lasaitasuna" eskatu du. "Guk alardea beti egiten dugu jai giroan. Emakumeen berdintasuna bultzatzen dugunok merezi dugu gure festa jai giroan bukatzea, bakean eta umore onean".