Alain Orsoni buruzagi korsikar abertzale ohia hil dute tiroz, bere amaren hiletan

  • Alain Orsoni, korsikar buruzagi nazionalista ohia eta Ajaccio futbol taldeko presidentea izana, Vero herrian hil dute tiro bakarrarekin, amaren hiletan zegoela, Nicolas Septe fiskalak AFP agentziari baieztatu dionez. Lehen zantzuen arabera, frankotiratzaile batek egin dio tiro. Frantziako Polizia Judizialak ikerketa hasi du "talde antolatuan egindako hilketa" delituagatik.


2026ko urtarrilaren 13an - 09:29
Azken eguneraketa: 12:35
Alain Orsonik 1996an utzi zuen Korsika, mugimendu nazionalista barruko borrokak bultzatuta. AEBetan bizi izan zen, Nikaraguan eta Espainian. BFM
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

71 urte zituela hil dute Orsoni. 2008an ere saiatu ziren bera hiltzen; lehenago, 1983an, haren anaia Guy hil zuten.

Parisen egin zituen ikasketak, 1980ko hamarkada hasieran FLNC talde armatu independentistaren buruzagietako bat izan zen, eta 1990eko hamarkada hasieran MPA Autodeterminazioaren Aldeko Mugimenduko buru izendatu zuten, FNLC Korsikako Askapen Nazionalerako Frontearen zatiketatik sortutako erakundea. 1996an atzerrira joan zen, eta 2008an itzuli. Ajaccio futbol taldeko presidentea izan zen, 2008tik 2015era lehenengo, eta 2022-23 denboraldian gero.

"Ez dut barkamenik eskatuko"

Nortasun berezia du Ajacciok, Bastia taldeak bezalaxe, diskriminazio sentipen, gerra zikin eta kontu-garbitzeek idatzitako historiaren lekuko. 2012ko urriaren 16an Antoine Sollacaro abokatu eta korsikar nazionalista beteranoa tirokatu zuten Ajaccio inguruko gasolindegi batean. Asteburu horretan, Ligue1 mailan 2005etik lehenengoz, elkarren artean jokatu zuten Ajacciok eta Bastiak, tradizionalki mugimendu nazionalistetatik hurbil egon direnak. Derbia hasi aurretik bi afizioek Dio vi Salvi Regina korsikar ereserkia abestu zuten hildako abokatuaren omenez. Futbol partida hori abiapuntutzat hartuta, La batalla de Córcega ("Korsikako gudua") erreportajea plazaratu zuen Aitor Lagunas kazetariak Panenka aldizkariaren 17. zenbakian. Hura oinarri hartuta, Korsikako futbola: Nazionalismoaren suspertzeari helduta artikulua publikatu genuen ARGIAn.

Tartean bazen Joachin Barbier eta Romain Canutti kazetariek Alain Orsoniri egindako elkarrizketa mamitsu bat. Pasarte batzuk euskaratuta jaso genituen; izenburu deigarria zuen: "Hil nahi banaute, erraz daukate, egunero ordu berean ateratzen naiz etxetik". Besteak beste, kazetariek esaten zioten, kanpotik begiratuta ez dagoela ulertzerik 1980ko hamarkadaren amaieran korsikar nazionalismoaren barruan gertatu zen gerra zibila. "1989an Korsikako boterea hartzear zen nazionalismoa", kontatu zuen Orsonik: "Orduan, Frantziak erabaki zuen ezkutuan mugimendu separatistak manipulatzea, barne enfrentamenduak pizteko. Korsikara heltzean polizia-komisario batek hauxe esan zuen: 'Nazionalismoa gangsterizatu egin beharra dago'. Nik diodana zera da: Nola izango dugu geure buruak gobernatzea helburu, elkar hiltzen ari bagara?".

Hain justu, mugimendu hura apurtzean (1990ean) hasi ziren elkarteen sarera hurbiltzeko ahaleginetan, besteren artean futbolera, Orsonik zioenez. "Hala hasi nintzen kolaboratzen Ajaccioko lehengo presidentearekin, Michel Morettirekin". Presidente kargua hartu zuenetik haren kolaboratzaile ugari erail zituzten. "Ez zara sikarioen beldur?", galdetu zioten kazetariek, eta Orsonik erantzun: "Futbol taldearen buru naiz eta erantzukizuna onartzen dut. Baina zer egin behar dut nire iraganari dagokionez? Ezkutatu? Ez, normal bizitzea erabaki dut. Inork aspaldiko zorrak kitatu nahi izanez gero, erraz izango luke. Egunero ordu berean ateratzen naiz etxetik eta kale beretik heltzen naiz futbol zelaira".

Bitxikeria gisa, orduko hartan esan zuen bere helburua zela Realaren antzeko taldea osatzea, "nortasun indartsu eta familiaritate handikoa". Antzekotasun ugari omen dago bi taldeen artean, Reala "hobea" den arren, korsikar buruzagi nazionalista ohiaren hitzetan.

"Ni iraultzailea naiz", zioen Orsonik, elkarrizketaren hondarrean. "Borroka egin nuen nire irlako hondartzak hormigoizko pareta bilakatu ez zitezen, Kosta Urdinean gertatutakoa errepika ez zedin. Kartzelan sartu ninduten horregatik. Ez naiz lotsatzen, eta ez dut barkamenik eskatuko".


Korsika kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.