“Nire familiaren datuak partekatu dituzte eta torturatzearekin mehatxatu naute”

  • Alberto Pugilato eta Dani Esteve ultraeskuindarrek sareetan kanpaina mediatikoa hasi eta "borroka antifaxista, abertzale eta komunista kriminalizatu" nahi izan dutela salatu du Alain Eigurenek. Gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketaren finalaren egunean Espainiako selekzioaren kamiseta zeraman bat jipoitu izana leporatzen diote; berak gezurtatu egin du. ARGIAk berarekin hitz egin du.


2026ko uztailaren 27an - 11:52
Azken eguneraketa: 17:40
Gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketako finalaren eguneko istiluak.
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

"Guztiz gaixorik" dagoela, bere familiaren aurka egingo dutela eta torturatu egingo dutela, "egindakoa ordaintzeko". Horiek dira Alain Eiguren gazteak sare sozialetan bere aurka jasotako mezuak. Orain egun batzuk salaketa publikoa idatzi zuen sare sozialen bitartez, adieraziz ultraeskuindarrek sareetan kanpaina mediatikoa abiatu zutela bere irudiaren aurka, ustez adin txikiko bat jotzea egotzita. Berak ukatu egin du halakorik. 

Gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketaren finalaren egunean Euskal Selekzioaren aldeko mobilizazioetan parte hartu zuen Eigurenek. Egun batzuk geroago, pasa den ostiralean, ingurukoek ohartarazi zioten sareetan ultraeskuindarrak bere irudia zabaltzen ari zirela, zehazki, Alberto Pugilato, Pugilato talde naziko abeslaria, eta Dani Esteve, etxe kaleratzeak indarkeriaz egiten dituen Desokupa enpresaren sortzailea. "Besteak beste, adin txikiko bat jo nuela zioen Pugilatoren mezuak; Instagram eta X sareetan zabaldu dituzte", esan du Eigurenek. Hurrengo egunean, pasa den larunbatean, gertatutakoa idatziz salatu zuen eta leporatzen diotena gaitzetsi du.

Eigurenen hitzetan, ultraeskuindarrek bere kontua aitzakia gisa hartu dute: "Nire izena baliatu dute. X sarean faxismoaren aurkako aldarriak zabaldu ditudala ikusi ostean, Instagramen nire izena bilatu eta aprobetxatu egin dira". Horrez gain, salatu du adimen artifiziala erabili dutela bere irudia handitzeko, mobilizazioaren eguneko argazkietan ez baita agertzen: "Nire irudia erabili dute, nire familiaren datuak partekatu dituzte eta mehatxatu egin naute torturatzearekin". Eigurenek kereila aurkeztuko du Pugilato eta Esteveren aurka.

"Militantzia abertzale, komunista eta antifaxista jarri nahi dute jo puntuan"

Mezu ultraeskuindarrak sareetan

Eiguren ez da seinalatua izan den bakarra. Berarekin batera, beste bost pertsona izan dira jazarriak eta seinalatuak. Antzeko mezuak jaso dituzte eta pertsona bat jipoitu izana leporatzen diete haiei ere. X sare sozialean "filoetarras" edo "fascistas terroristas" bezala izendatu dute "Eiguren eta bere taldetxoa". Eigurenen hitzetan, kanpaina ez da pertsonala, baizik eta ultraeskuinaren kanpaina, militantzia antifaxista aurka. "Pugilato neonazia da, hala aitortua berak. Gertatutakoa militantzia abertzale, komunista eta antifaxistaren aurkako kriminalizazioa da". 


Irakurri gehiago: Eskuin muturra Politika Gizartea
Eskuin muturra kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...