Ertzaintzaren oldarraldi baten ondoren larri zauritutako Amaya Zabarte Realeko zalearen kasua berriz ixtea erabaki du Donostiako instrukzio-epaileak. Iker Sarriegi akusazioaren abokatuak ARGIAri azaldu dionez erabakia apelatuko dute: “Deigarria da kasuaren arabera zein desberdin jokatzen duten”.
Bi urte igaro dira 2024ko martxoan Donostian Realaren eta Paris Saint Germanen arteko futbol partida baten aurretik izandako istiluetan oso larri zauritu zutela Amaya Zabarte zalea, Ertzaintzaren oldarraldi batean. Bi urteren ondoren, Donostiako Laugarren Instrukzio Epaitegiko Ana Isabel Pérez Asenjo epaileak bigarren aldiz itxi du kasua, bere esanetan “ezinezkoa” delako zehaztea ertzainek Zabarte foam jaurtigai batekin zauritu ote zuten.
ARGIAk akusazioaren abokatu Iker Sarriegirekin hitz egin du, eta kexu azaldu da, epaileak auto labur batean itxi dituelako kasuaren inguruan zeuden bi eztabaidagaiak, alegia, jaurtigaiak buruan jo ote zion eta, gero, lurrean zela, ertzainak ostikoa jo ote zion: “Orrialde eta erdian artxibatu ditu biak, gauza pila bat aipatu ere egin gabe”.
"Norbaitek zerbait lapurtzen duenean, ez da lapurreta ikusten, baina zantzuen arabera hori ondorioztatu daiteke. Hemen gutxienez hamar zantzu baditugu. Epailearen ardura da horien arabera ondorioak ateratzea"
Foam jaurtigaiaren kasuan, adibidez, epaileak aipatu gabe utzi du froga gisa aurkeztutako bideoa, zeinean ertzainek oldarraldia hasten duten une zehatza ikusten den. Lekukoek eta Zabartek berak deklaratu zutenez, detonazio bat entzun zuten lurrera joan aurretik, baina hori ere ez du aipatu epaileak.
Aldiz, Pérez Asenjok “sinesgarritasun osoa” eman dio ertzainen bertsioari, abokatuaren esanetan. Protokoloak ezartzen du agenteek ezin dutela korrika egiten ari diren bitartean jaurtigairik bota: “Protokoloak hori dioenez, ez dute egin?”, dio Sarriegik.
Zabarte lurrean zela ertzainak emandako ostikoaren inguruan, berriz, epaileak dio bideo-irudiak ez direla “garbiak”. “Bideoan ikusten da ertzainak lehenik hanka atzera botatzen duela eta gero jo egiten diola. Ez dakit zer behar duen, satelite bidezko irudi bat unea erakusten duena? Beste kasu batzuetan, adibidez norbaitek zerbait lapurtzen duenean, ez da lapurreta ikusten, baina zantzuen arabera hori ondorioztatu daiteke. Hemen gutxienez hamar zantzu baditugu. Epailearen ardura da horien arabera ondorioak ateratzea”.
Pérez Asenjo epailea, berriro
Epaiketan zehar Pérez Asenjok izandako jokabidea ere nabarmendu du Sarriegik: “Ertzainei alfonbra gorria jarri die, eta gu joan garenean, berriz, jarrera guztiz kontrakoa izan da. Lekuko bat negarrez utzi zuen, eta urte eta erdiren ondoren Amaya Zabarte deklaratzera deitu zuenean, mahaiaren beste aldean jarri eta pantaila baten atzetik egin zion galdeketa, aurpegira begiratu ere egin gabe”.
Ez da lehen aldia Donostiako laugarren instrukzio epaitegiko epailearen jokabidea ezbaian jartzen dena. Kote Cabezudoren auzian ere halako jarrerak salatu zituzten biktimen abokatuek, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak une batez bere kontrako helegite bat onartu zuen, “auzia ez ikertzeagatik”.
Ez da lehen aldia Donostiako laugarren instrukzio epaitegiko epailearen jokabidea ezbaian jartzen dena. Kote Cabezudoren auzian ere halako jarrerak salatu zituzten biktimen abokatuek
Fiskala, azaldu ere ez
Abokatuak garbi du oso modu desberdinean tratatzen direla auziak, atzean dagoenaren arabera: “Salatzen ari garena da akusatua polizia bada egitura guztia bere alde jartzen dela eta prozesuak aurrera egin ez dezan saiatzen direla”.
“Justu kontrakoa izan da, Ertzaintzak barne ikerketarekin oztopoak besterik ez ditu jarri, gaia kontrolatu eta zailtzeko modu bat da"
Esaterako, lekukoen deklarazioak oso berandu hartu dituzte, ia bi urte geroago, eta “fiskala ez da egon ere egin, beste batzuetan berehala agertzen den bitartean. Deigarria da kasuaren arabera zein desberdin jokatzen duten”.
Ertzaintzak agindutako barne ikerketa, berriz, itxurakeria hutsa dela deritzo Sarriegik: “Justu kontrakoa izan da, oztopoak besterik ez dituzte jarri, gaia kontrolatu eta zailtzeko modu bat da", dio.
Helegitea abian, beste behin
Zabarteren bikotekide Joseba Novoak sare sozialetan esan du “izorratuta eta jipoituta” sentitu direla. Sarriegiren esanetan familia “indar askorekin” aritu da prozesuan zehar, baina babes falta sumatu dute instituzioen partetik, eta Realarekin “berdin gertatu da”.
Hala ere ez dute etsi eta, abokatuak ARGIAri jakinarazi dionez, helegitea jarriko diote epailearen erabakiari: Gipuzkoako Probintzia Auzitegira berriz jotzeko apelazioa prestatzen ari dira dagoeneko. Honek auzia artxibatu edo berriz ireki eta ikertzen jarraitzeko agindu dezake; baina erabaki hori hartzeko hilabete batzuk igaroko dira seguruenik.