Akermanen erraiak

  • Konfinamenduari lotutako filmen zerrendan, lehen tokia eskainiko diogu zinegile belgikar honi. Chantal Anne Akerman (Brusela, 1950 - Paris, 2015) artistaren obrak erraz eskaintzen dizkigu itxialdiarekin loturak, barne-mundua, etxea eta distantziak baldintzatutako harremanak jorratzen baititu haren filmografiak.


2020ko apirilaren 23an - 14:24
Jeanne Dielman, 23 quai du Commerce, 1080 Bruxelles filmeko une bat: lan horrekin egin zen ezagun Chantal Akerman zuzendaria.

Ama kontzentrazio-eremuetatik bizirik irtendako gutxien artekoa zuen, eta nabarmen ageri da filmetan gai hori, zeharka bada ere. Ama-alaben arteko ahaidetasun-menpekotasun harremana da, bestalde, artistak asko landu duen objektua. Akermanen lanen trama ez da beti ebidentea, baina eguneroko bizitzaren behaketak gidatzen ditu askotan filmak. Fikzioan nahiz dokumentalean fintasunez lerratzen da, eta egunerokotasun hiper-errealista gisa definitua izan den estilo pertsonala lantzen du: egunerokoa eta fantasiaren emaitza. Itxialdia eta Akermanen filmak lotzen dituen harian doaz hurrengo filmen gomendioak.

Espazio itxiek leku berezia dute hasieratik haren obran. Arte-instalazio eta abangoardia klasikoetatik gertu dagoen La chambre (Belgika, 1972) laburmetraiak 360 graduko behaketa panoramiko ziklikoa egiten du, behin eta berriz zuzendariaren apartamentu txikian itzulika. Akerman ohean ageri da, eta itzuli bakoitzean zeregin ezberdinean azaltzen zaigu. Badu lanak Berpizkundeko emakumezko modeloen kutsua; kasu honetan, ordea, margolan horietan ez bezala, aktorea bera da obraren zuzendari.

Lan honekin guztiz lotuta dago Je, tu, il, elle (Frantzia, 1974) film luzea. Akermanek urte batzuk lehenago idatzitako testu batean oinarritua da, eta norberaren barne espazioa kanpokoarekin talkan jartzearen sentsazioaren isla maisuki lantzen ditu. Filma hiru denborazkotasunetan uler daiteke: subjektiboa, bestearena eta harremanarena. Kasu honetan ere, zuzendaria bera da Julie, filmeko protagonista. Akermanek urteetara film arduragabe gisa behatuko zuen gaztetan egindako lana.

Chantal Akerman zine zuzendaria.

Jeanne Dielman, 23 Quai du Commerce, 1080 Bruxelles (Belgika, 1975) izan zen ezagutara eman zuen lan garrantzitsua. Hiru orduko filmak sexu-langilea den emakume alargun baten egunerokoa islatzen du, eta honek munduan duen egonezina. Hasiera batean beste gizon eta emakumeen zerbitzura bizi den pertsonaia aurkezten zaigu, munduko edozein hiritan bere bizitzaren eta ordutegien kontrol zehatza eramanez pozik bizi dena. Pixkanaka, errutinaren itogarritasuna sentituz doa, eta bizitzaren norantza bere eskuetan hartu nahi duen emakumea bilakatuko da, ikuslegoari parez pare. Filmeko denborak protagonistaren 48 ordu erakusten ditu, non xehetasunez deskribatzen dituen ekintzak: nabari da zuzendariaren irmotasuna detaileak lantzeko maneran. Filma etxe barnean garatzen da batez ere, eta sartzen den argia da daukagun kanpo erreferentzia bakarra, egunaren eta orduen nozioa mantentzen laguntzen duena. Plano batetik besterako saltoak, elipsi gisa, modu berezian landuak dira: ikuslegoaren iruditegia aktibatzen da zinegileak erakusten ez duena eraikitzeko. Konfinamenduan bizi den emakumearen istorioa bereziki fin erlazionatzen da gure gaur egungo egoerarekin.

Akermanen obran salto handia eginez, haren azken lanera joko dugu: No home movie (Belgika, 2015). Bertan, zuzendariaren amaren azken urteen ibilbidea egiten du, ama-alaba harremana lehen planora ekarriz. Ama zahartzen ari den gorputza da; alaba, munduan bueltaka dabilen zinegilea. Beren arteko loturak film osoa gidatzen duen haria sortzen du. Ama umetuz doan bitartean, bera ama bihurtzen da. Tarteka elkarren ondoan, besteetan bideo-deien bitartez, zintzoki erretratatzen du harremanen menpekotasun eta ibilbidea. Dituzten elkarrizketen arabera jorratzen dira hainbat oroitzapen, baita garaiak propio dituen mugikortasun eta malgutasuna ere. Kamera pantailara hurreratzean erlatibizatzen da distantziaren kontzeptua, baita munduaren dimentsioa ere.

Lana amaitu eta gutxira zendu zen Akerman, bere buruaz beste eginda; amari egindako maitasun eskutitz hau da utzi zuen testigantzetako bat. Produkzio baldintza okerrenetan ere filmak aurrera atera izanak erakusten du artearekiko zuen konpromisoa, bizitza eta zinemaren arteko harremana estutzera daramana. Eta badirudi filmen bitartez gerturatzeko modua zabaltzen dela zuzendariaren sentipenetara, errealitatera, nahiz erraietara. Mundu baten ikuskera utzi baitigu, gure eskuetara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


Eguneraketa berriak daude