argia.eus
INPRIMATU
Akazia, inurria eta sabanako musika
Jakoba Errekondo 2024ko otsailaren 19a
Inurri batek, erreakzio kate luze bat dela medio, Afrikako sabana bezalako ekosistema konplexu bat desitxuratu eta berritxuratu du. Argazkian \"arantza txistukaria\" esaten dioten akazia, sabanan gutxitu dena. Argazkia: Chr Kooyman / CC-Atribution-Share Alike 3.0

Kenia erdialdeko Laikipia eskualdean egin dute ikerketa. “Arantza txistularia” esaten dioten akaziaren (Vachellia drepanolobium edo Acacia drepanolobium) eta bertako inurri batzuen arteko mutualismoa ikertu dute. Akazia jende gehienak bezala, arantza handiak ditu, hostoak eta kimu berri xamurrak jango lizkiokeen edozein belarjaleren ezpainak urratu eta hortzak uxatzeko. Lan hori inurriak osatzen du. Jirafek eta batez ere elefanteek jaten dute arantza txistularia, eta inurria zuhaitzean bizi bada, hostoa jatera datorrenari ezpainetan eta muturrean erasotzen dio. Trukean arantza txistulariak inurriak aterpetzeko “domezio” deituriko zaku itxurako egitura bereziak sortzen ditu arantzen oinetan. Horietan sartu-aterarako bi txulo ditu eta haizea dabilenean txistu berezia egiten dute, hortik landarearen izena: arantza txistularia. Horra mutualismoa, elkarren onura sortu eta landu dute.

Baina Maurizio uhartetik ekarritako beste inurri handiago bat arantza txistulariaren inurri lagunari eraso, jan eta lekua kentzen eta ordezkatzen ari da. Inurri horrek baina ez du zuhaitz txistulariaren lagun izan nahi eta hura bere babesle gudarosterik gabe geratzen ari da. Ondorioz, elefanteek jan egiten dute, eta makalduta baita eraitsi ere. Arantza txistulari gutxiago dago orain hango paisaian; baso sarri edo tapitu samarra zena baso irekia da orain eta ikusgaitasuna aldatu egin da. Bertako lehoiek zebra dute berezko harrapakin nagusia. Basoa argitzearekin, ordea, zebrek errazago ikusten dituzte lehoi ehiztariak eta ihesari ematen diote eta ezin dituzte harrapatu. Lehoiek bere ehiza estrategia aldatu behar izan dute. Orain bufaloak harrapatzen dituzte. Zailagoa da lehoientzako bufaloa lurrera botatzea, baina abantaila handi bat dute, bufaloak ez du iheserako grinarik, ez behintzat zebrek dutena adinakorik.

Inurri inbaditzaile batek, beste inurri bat bazkatzen du, arantza txistularia babesik gabe uzten, elefanteen bazka handitzen da, zebrek ederki zaintzen dituzte lehoiak, eta lehoia, zebra arin xamurren okelaren dasta fina ahaztu, eta bufalo mantzo makalak jatera jarri behar izan da. Inurri batek, erreakzio kate luze bat dela medio, Afrikako sabana bezalako ekosistema konplexu bat desitxuratu eta berritxuratu du. Tartean inurri-arantza txistularia eman-hartua suntsituta eta sabana hori musika txistukari dotorerik gabe utzita.