Gipuzkoako erresidentzietako langileek bat egin dute greba orokorrarekin. Hala ere, borrokarako gurpila aspaldi jarri zuten martxan. Iazko azaroaren 19tik daude greban hainbat egoitza. Aitziber Aramberri Donostiako Villa Sacramento egoitzako langilea da eta ELAko afiliatua. Badaki zer den greba egun bat, 128 egun daramatza greban bere sektorekoekin batera. Ez ditu bere bizitzako greba eta lanuzte guztiak kontatu, baina 400 inguru ateratzen zaizkio.
Artikulu hau idatzi duen kazetariak Aitziber Aramberri usurbildarra 2019an ezagutu zuen, Berdea da more berria . Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak liburuaren aurkezpena tarteko. Orduan ere, greban zeuden Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileak. 263 egun egin zituzten, eta COVID-19aren agerpenaren ondorioz, lanuzteak bertan behera lagatzea erabaki zuten. Orduan 263 egun, orain 128 daramatza, eta aurreko guztiak ez ditu gogoan. 2023ko greba feminista orokorrean ere hartu zuen parte. Hori bai, gogoratzen da bere lehen lan egunaz. Gaua egitera joan zen gaur egun lana egiten duen egoitza berera eta bertako langileak pankartaren atzean aurkitu zituen, greban: “Zein lan egitera nindoan ba al nekien galdetu zidaten eta gehitu zuten enpresa grebalariak ordezkatzen ari zela”. Aramberri ez zen joan grebalariak ordezkatzera. Ahalik eta gutxien gerturatu zen grebalariengana, berriz lanera ez deitzea baitzekarren horrek. Kontratu finkoa egin ziotenean ELA sindikatuan eman zuen izena. Orduz geroztik borrokan ari da, zaharren egoitzetan, sektore prekarizatu eta feminizatuetako batean, lan baldintzak hobetzeko.
Azaroan hogei urte beteko ditu atzean funts putreak dituen eta DomusVi enpresak kudeatzen duen Villa Sacramento egoitzan lanean. Asko ikasi duela aitortu du: “Beldurrak joan zaizkit, grebarako eta beste gauzetarako, ni baino gorago dagoenari gauzak esateko. Gure lantokiak oso piramidalak dira. Isilik ez gelditzen ikasi dut, aurre egiten, botere harremanak zer diren ikasi dut. Langileak elkarrekin ahaldundu gara”.
Gutxieneko soldata bai, egun osoko lanaldiak ere bai
Aramberri azaroaren 19tik dago greban. Gaur egun, Gipuzkoako zortzi egoitzak hilero greba berritzen jarraitzen dute, hilabetea joan eta hilabetea etorri, ez dago berririk patronalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Gainerako egoitzek hilean hiruzpalau egun egiten dituzte greban. Gutxieneko soldata 1.500 eurokoa izatea ez da beraien aldarri nagusia, baina gogorarazi du haien sektorean zifra horietara iristen ez diren langileak badaudela: “Guk, borrokari esker, urte hauetan baldintza hobeak lortu ditugu, baina badira maila horretara heldu ez direnak”.
“Laranjak bezala zukututa” sentitzen da, eta pandemia garaiko txalo eta aitortzek ez du uste eraginik izan dutenik haien lan baldintzetan. “Lur jota” gelditu ziren langileak, psikologikoki eta fisikoki. Langile kopuruak gutxitu zizkieten orduz geroztik, egoiliar batzuk hil egin zirelako eta familiek nekezago eramaten zituztelako haien senideak egoitzetara. Nekez handitu dituzte orain langile kopuruak eta lan baldintza kaskarretan ari dira lanean. Aramberrik egun erdiko lanaldiak egiten dituzten langileetan erreparatzeko eskatu du. Ez dute borondatez egiten, enpresetako nagusiek lanaldi osoak eskaintzen ez dizkietelako baizik. Emakumeok bestelako adabakiak (zaintza eta garbiketa lanak ia beti) bilatu behar izaten dituzte eguna osatzeko, eta hilaren bukaeran soldata duina jaso ahal izateko.
Lanpostu publikoen eta pribatuen artean dagoen soldata arrakalaz hitz egin du Aramberrik. Gipuzkoan oso egoitza gutxi daude zuzenean erakunde publikoek kudeatutakoak, Kabia erakundean biltzen dira. “Egoitza Kabiakoa bada, toki berean lanean aritu daitezke lanpostu publikoa duten langileak eta azpikontratatutakoak. Kabiakoek 10.000 euro gehiago kobratzen dute urtean eta egutegiak hobeak dituzte, besteak beste”.
Aitziber Aramberri, bere sektoreko langile batzuk bezala, martxoaren 17ko greban goizetik dabil pikete eta mobilizazioetan. Ezin dira denak kalean ibili, akordarazi du zaharren egoitzetan nolako gutxieneko zerbitzuak ezartzen diren: %70etik hasi eta %90era bitartekoak.
Aramberrik bihar ere greban segituko du, zaintza lanean ari diren sektoreei, prekarizatu eta feminizatuei, gizartean ikusgarritasuna lortzea asko kostatzen zaie, patronalek eta erakunde publikoek entzutea ere bai.