Abisua emana zuen, eta hitza bete zuen urtarrilaren 31n, Xilabako Bertsolari Txapelketako finalean: indartsu heldu zen bertara, eta txapela eta makila eskuan atera da Maddi Ane Txoperena (Hendaia, Lapurdi, 1994). Txapelaren biharamun gozoan, oholtzatik egindako aldarriez mintzatu da ARGIArekin: memoria historikoa eta inurri lanean aritutako emakumeak izan zituen aldarri hendaiarrak, besteak beste.
Finalaren aurreko elkarrizketetan esan zenuen ahalik eta askeen aritu nahi zenuela finalean. Lortu zenuen?
Perfekzionista garenoi “ahalik eta hobekien” hori inoiz ez zaigu bukatzen, eta beti hobetu daiteke; baina gustura nago kantatu nuenarekin. Eta bai, uste dut nahiko aske sentitu nintzela; presiorik edo kortse esturik ez nuen sentitu saioan, sufritu behintzat ez nuen egin eta horrekin pozik nago.
Berdinketa izan zen buruz burukora sartzeko...
Hainbeste bertso kantatzen ditugun saio batean horrelako berdinketa bat egoteak pena handia eman zidan Mirenengatik [Artetxe]. Aunitz poztuko ninduke Mirenek buruz burukoa kantatzeak. Baina, tira, bertsoa eta txapelketa horrela dira, eta Maddalenekin [Arzallus] egokitu zitzaidan; pozik nengoen eta gogotsu kantatzeko.
Nolakoa izan da txapelketaren prestakuntza?
Azkenengo Xilabatik baino lehenagotik astero-astero elkartzen naiz bertso eskolan Alazne Untxalorekin, eta horrek oinarri sendo on bat ematen dit. Horrez gain, Xilabarako espresuki aritu gara beste bertso eskola batzuk egiten: Miren Artetxerekin elkartzen aritu naiz, Saioa Alkaizarekin egin ditut bertso eskola batzuk, baita Ekhiñe Zapiainekin ere, Nafarroako Bertsolari Txapelketa bitartean. Eta inguruan izan ditut lagun eta bertsolari batzuk, beste modu batera, psikologikoki, lagundu nautenak: anaia bera [Josu Txoperena], Amaia Iturriotz, nahiz eta urrun bizi oso presente izan dut... Eta horretaz aparte, bakarkako lana ere inportantea da.
Bigarren finala izan zenuen larunbatean. Nolakoa zen lehenengoko Maddi Ane, eta nolakoa oraingoa?
Duela lau urteko Maddi Ane, nik uste dut, xaloagoa zela, nahiz eta ez dudan inoiz galtzen nire xalotasun hori. 2021ean finalera joan nintzen inolako helbururik gabe, plaza eder horretan gozatu nahi nuen eta kitto; oso pozik geratu nintzen egin nuenarekin. Aldiz, lau urte pasatuta, ikusten nuen nire burua bertsotan aunitzez hobeki, eta horretaz aparte, txapelketan egin dudan bidean ikusi dut txapela helburu izan nezakeela. Diferentea izan da, finalera erabat beste modu batera heldu bainaiz: argi nuen buruz burukoan kantatu nahi nuela eta txapela lortu nahi nuela, lortu ezean ez zen ezer pasatuko, eta banuen gozatzeko helburua. Baina, bai, helburu gehiagorekin nindoan.
Izan ere, puntuazio altuenarekin sailkatu zara finalera.
Hori da, eta saio guztiak irabazita, Miren Artetxeren moduan. Horrek segurtasun handia eman dit, eta nire buruan sinesteak lagundu dit. Aldi berean, txapelketa hasieran ez nengoen jendearen kinieletan, eta ez nuen presiorik sentitzen. Uste dut horrek nire alde jokatu duela.
Txapelduna iragarri zutenean publiko guztia tentetu eta txalo zaparrada luze batekin egin zizuten harrera. Zuk ze sentsazio izan zenuen?
Egia da geroko elkarrizketetan esan nuela hotz nabaritu nuela publikoa, baina uste dut saioaren hasierako sentsazioa dela bakarrik. Uste dut buruz burukoan giroa oso bero zegoela. Azkeneko bakarkakoa kantatu nuenean, adibidez, jendeak txalo asko egin zuen. Ez dut kexatzeko batere motiborik.
Memoria historikoaz aritu zinen azken bakarkako horretan, eta publikoak asko konektatu zuen horrekin. Zeuretik kantatu zenuen?
Ez, batere ez, egia esan: gure familiako bi aitatxiei bando frankista egokitu zitzaien, ez zen batere nire istorioa. Baina "DNA" entzun nuenean segituan etorri zitzaizkidan desobiratzeak, uste dut badela gai bat gaurkotasun handia duena, eta horri kantatzea erabaki nuen. Eta, bai, uste dut bete-betean asmatu nuela. Horrelako zorterik edo argitasunik ez da askotan egokitzen, eta oso pozik nago: larunbat gauean mundu guztiak esaten zidan bakarkakoa ona izan zela. Oso gustura nago, eta uste dut gaiari ongi erantzuteaz aparte asmatu nuela errima egokiak bilatzen gaiari zegozkionak. Uste dut polita gelditu zitzaidala.
Azken denboraldian sormenari emanda bizi zara, Zaldi bat liburua aurkeztuko duzu martxoan, eta tartean hau: Xilabako txapela. Zer suposatzen du horrek?
Sekulako oparia da. Txapela lortu ez banu ere, larunbateko finalarekin oso gustura gelditu izanen nintzateke eta oparia izanen litzateke berdin-berdin. Baina bai: duela urtebete pasatxo erabaki nuen Berria utzi eta taberna batean lan egiten hastea denbora erdiz, horrek aukera ematen zidalako sormenerako denbora gehiago izateko. Eta oso pozik nago erabakiarekin, sormenari denbora eskaini ahal izateagatik. Urte honetan liburua idatzi dut, eta Xilaba prestatzeko aukera gehiago ere eman dizkit, denbora gehiago baineukan: denbora horretan inbertitzea erabaki dut, eta horrek fruituak ematen ditu.
Amaierako agurrean amatxiak izan zenituen gogoan, zure lehengo liburuan, Ene baitan bizi da-n, moduan. Zer nahi zenien esan?
Uste dut aitortza bat egin nahi niela gure aurretik itzalpeko lanean aritu diren emakumeei, oro har; baina baita ere bereziki euskalgintzan eta kulturgintzan aritu diren emakume horiei. Ipar Euskal Herriko egoera soziolinguistiko zaila ere aipatu nuen. Bizkarsoro-ri erreferentzia egin nion, film horrek bikain azaltzen baitu Frantziako Estatuak nolako zapalkuntza egin dion urtetan euskarari, nola saiatu den hura desagerrarazten, eta horren kontra euskalgintzatik eta kulturgintzatik egin den lana azpimarratu nahi nuen. Horregatik, aipatunituen, alde batetik Lore Jokoak, kulturari erreferentzia eginez, baina baita Ipar Euskal Herrian ezagutzen ditugun lehen emakume bertsolariak ere gogoratu nahi nituelako: badakigu XIX. mendean Lore Jokoetan parte hartu zutela Iparraldeko emakume bertsolariek eta sariak irabazi zituztela. Keinutxo bat egin nahi nien.
Beste alde batetik, herrientsak edo irakasleak aipatu nituen. Asisko Urmenetaren herrientsa kontzeptua asko gustatzen zait, irakasle izateaz aparte herria egiten duten pertsonak direlako. Eta Ipar Euskal Herrian ikastoletan lan egiten duten ehunka eta ehunka jenderen isilpeko lanari egin nahi nion erreferentzia, horietako asko emakumeak baitira; gainera, ilusio berezia egin zidan txapela Maialen Hiribarrenen eskutik jasotzeak, bera delako isilpeko lan inportante horren eredu bat.
Ipar Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa aipatu duzu: finalaren aurretik aitortu zenuen Xilaba euskararen besta izatea nahi zenuela. Horrela izan zen finala?
Nik uste dut baietz. Publikoak erran beharko du, baina nik uste dut jendeak gozatu zuela. Lurralde batean non euskalduna izatea etengabe korrontearen kontra ibiltzea den, horrelako arratsalde bat osorik euskaraz eta erabat hitzaren gozamenarekin lotutakoa... Uste dut opari bat dela. Eta euskal kulturak funtsezko papera jokatzen du, nire ustez, horretan, elikadura ematen digu euskaldunoi: intelektuala eta emozionala. Dena da beharrezkoa: ez da bertsolaritza bakarrik, antzerkia, musika, literatura... inportanteak dira. Eta inportantea da borrokatzea, manifestazioetan eta bilkuretan izatea, baina gozamen momentuak ere behar ditugula uste dut.