Aitor Gabilondo Patria (2020) telesailaren egileak "zorra" sentitzen zuen "estatu terrorismoaren biktimekiko", ikusita telesaila Euskal Herriko historiaren "kontakizun zehatz bat indartzeko" erabili dela. EITBk parte hartuko du filmean.
Aitor Gabilondo ekoizle eta gidoilariak Euskal Herrian Poliziak egindako torturen inguruko filma zuzenduko du. Bere lehen pelikula izango da.
Askotariko telesailengatik da ezaguna zuzendari donostiarra, tartean, Patria-gatik (2020). Hain justu, telesail hori egin osteko sentipenetik jaio da pelikula berria. Azaldu duenez, "zorra" sentitzen zuen: "Patria egin nuenean, torturen eta estatu terrorismoaren biktimekiko zor sentipen bat sortu zitzaidala konturatu nintzen".
Zuzendariaren hitzetan, deseroso sentitu zen ikustean telesaila euskal gatazkaren nolabaiteko "kontakizun bakarra eta behin betikoa" indartzeko erabili zela, zeinarekin ez duen "inolaz" ere bat egiten. Harrezkero, "istorioa osatzeko beharra" sentitu du.
"Gabilondok ahotsa emango die, denok bezala, egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea duten beste biktima baztertu horiei, beraien istorioak ukatzen zituztela ikusi dutenei", aurreratu du ekoiztetxeak.
Urteetako ikerketaren emaitza izango da pelikula, Gabilondo biktimekin, forentseekin, epaileekin, abokatuekin, guardia zibilekin, politikoekin, ikertzaileekin eta lekukoekin elkartu baita. Kriminologiaren Euskal Institutuaren Euskadiko torturari buruzko ikerketa da filmaren abiapuntua.
EITBk proiektuan parte hartuko du, baina oraindik ez dute grabaketei buruz ezer aurreratu.