argia.eus
INPRIMATU
Aita Mari ontzia giza laguntza banatzera abiatu da Lesbosera
  • Ez dauka itsasoan erreskateak egiteko baimenik. Hala ere, zortzi tona arropa, oinetako eta janari hartuta abiatu da Pasaiako portutik urriaren 20an Lesbos aldera.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 21a
Atera baino lehen eskifaiari aurreskua dantzatu zioten. Argazkia: Jon Urbe / Foku.

Itsas Salbamendu Humanitarioaren Aita Mari ontziari ez dio itsasoan erreskateak egiteko baimenik eman Espainiako Gobernuak. Hala ere, gobernuz kanpoko kideek adierazi dute Aita Mari horretarako prestatuta dagoela eta nazioarteko legediak esaten duenez itsasoan inor hiltzen ezin da utzi, eta legedia betetzeko asmoa dute.

Zortzi tona arropa, oinetako eta janari bildu dituzte eta giza laguntza hori eramango dute Lesbosera, han negua igaroko dutenentzako. Hamalau bat egun beharko dituztela kalkulatu dute hara iristeko. Hamaika kideko eskifaia abiatu da eta atera aurretik adierazi dute kezkatuta daudela Mediterraneoko egoeragatik, eta gainera, okerrera egitea aurreikusten dutela. Mundu bakarrean bizi garela, denok gizakiak garela, eta hesiak ezin direla eraiki aldarrikatu dute bidaia hasi aurretik.