Aiaraldeko ekaitza: hondoratu diren enpleguak eta enbatari eutsi dioten langileak

  • Azken bost urteetan 500 lanpostu baino gehiago suntsitu dituzte Aiaraldean: Valvospain, Guardian, Talleres Abasolo edota Glavista dira horren adibide. Baina izan dira, kinka larrian egonda ere suntsiketari eutsi dioten lanpostuak, eta horretarako langileen mobilizazioa ezinbestekoa izan da.


2026ko otsailaren 26an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Tubos Reunidoseko zuzendaritzak eman du mahaigainena jarritako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen dimentsioaren berri. Multinazionalaren asmoak kinka larrian jarri ditu 301 lanpostu. Zifra handia da. Are handiagoa Garnica konpainiak Maderas de Llodioko lantegitik kaleratu nahi dituen 39 beharginak gehituz gero. Orotara, 340 dira Aiaraldean desagertzeko arriskuan dauden enpleguak.

Tamalez, ohiko albistea bilakatu da enplegu suntsiketa gurean. Ez da atzerabegirako ariketa handirik egin behar, nahikoa da azken bost urtetako datuei erreparatzea. Guztira, 515 lanpostu galdu ditu eskualdeak 2021etik gaurdaino. Valvospain, Talleres Abasolo, Glavista eta Guardianek osatzen dute zerrenda hori, albistegietara iritsi diren kasuak, alegia. Enpleguaren argazkia xehetasunez aztertuz gero, litekeena da desagertutako lanpostu gehiagorekin topo egitea.

 
Sortu diren lanpostuak

Aztergai dugun denbora tarte honetan (2021-2026), lanpostuak sortu direnik ezin ukatu. Edonola ere enplegu sorreraren kopuruak nekez estali dezake suntsiketak utzitako zuloa. 2025ean ateak ireki zituen Murgako SteelPhalt enpresa da lanpostu berrien adibiderik argiena, eta guztira 15 dira bertan lanean ari diren pertsonak. Emaitza ekonomiko baikorrak dituzten enpresek ere kontratazioak egin dituzte azken urteetan. Kontratazio berri hauek, ordea, behin-behineko lanpostuak izaten dira sindikatuek salatu dutenez.

Langileen mobilizazioa giltzarri

Bost urte hauetan izan dira galbidea hartu arren, salbatu diren lanpostu ugari ere. Kasu guztietan langileen mobilizazioa giltzarri izan da enplegua mantentzeko. Kasurik ezagunena 2021ean Tubacexeko beharginek abiatutako greba mugagabea izan zen. Zuzendaritzak 129 kaleratze egin nahi zituen, baina bertan behera geratu ziren 236 eguneko lanuztearen ondotik.

Orozkoko Madres Mercedarias egoitzako edota Suberperriak-BM supermerkatuetako borrokak, langileen mobilizazioari esker mantendu diren enpleguen adibide dira ere.

 

Maderas de Llodio eta Tubos Reunidoseko langileek dagokie orain eskualdeko enpleguaren defentsan lerratzea, suntsitutako lanpostuen zifra gizendu ez dadin.


Irakurri gehiago: Ekonomia Laudio Euskal Herria Araba
Ekonomia kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 20
Lurraldea eta arkitektura
Etxe bizitza

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.