Aiaraldean “Europa hegoaldeko zerrategi handiena” izan asmo duena ireki dute Mondragon Taldeko bi kooperatibak

  • Etorki eta Lana kooperatibek 67 milioi euroko zerrategia ireki dute Murgan (Araba), Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Urtean 300.000 metro kubo egur ekoitziko ditu, batez ere intsignis pinuarena. Lantegi berriak ehun lanpostu sortuko dituela aurreikusi dute, eta "une zaila" bizi duen eskualdearentzat albiste ona dela esan du Imanol Pradales lehendakariak.

Imanol Pradales EAEko lehendakaria Murgako instalazioetara egindako bisitan. Irekia

2026ko maiatzaren 12an - 09:49
Azken eguneraketa: 10:58
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Aiaraldean egur ekoizpenerako lantoki handi bat irekiko dutela iragarri dute Mondragon Taldeko Etorki eta Lana kooperatibek eta Eusko Jaurlaritzak. Murgan, 95.000 metro koadroko zerrategia jarriko dute martxan bi kooperatibek –13,31 futbol zelai– eta urtean egurra ekoizteko gaitasuna, 80.000 metro kubotik 300.000 metro kubora handituko dute modu horretan.

Astelehenean inauguratu dute instalazioa, Jaurlaritzako lehendakaria Imanol Pradales eta Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua Amaia Barredo bertan zirela. Orotara, lantokiak ehun lanpostu berri sortuko dituela aurreikusi dute, "une zaila" bizi duen eskualdean, Pradalesek esan duenez.

Oñatiko Lana eta Murgako Etorki kooperatibek aurten bat egin eta lantokia martxan jarri dute, "egurrezko eraikuntza industrializatuaren" merkatuari erantzuna emateko

Eraikuntzarako materialak eta pelleta ekoizten duen Oñatiko Lanak eta Murgako Etorki zerrategiak hainbat urte zeramatzaten proiektua lantzen, aurten bat egin eta lantokia martxan jarri duten arte, "egurrezko eraikuntza industrializatuaren" merkatuari erantzuna emateko. Horretarako 67 milioi euroko inbertsioa egin dute eta horietatik %20, ia 13 milioi euro, Jaurlaritzak jarri ditu.

Europa hegoaldeko handiena

Inaugurazioan Pradalesek azaldu du lantokian "gertuko" egurra zerratuko dutela: "Etxekoak, etxekoekin, eta etxeko lehengaiarekin", esan du. Lehendakariak ziurtatu du "Europa hegoaldeko zerrategi handiena eta eraginkorrena" izango dela Murgakoa.

Azaldu dutenez "egurra osorik prozesatzeko teknologia aurreratua" dauka lantokiak. Batez ere, baso-landaketetako intsignis pinuaren enborrak eramango dituzte Aiaraldeara, zehazki 60 zentimetro diametro ingurukoak. 

 


Industria kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.