Aiako txaleta eraisteko agindua berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak

  • Baztertu egin du Garrastazu familiak eta Aiako Udalak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiari aurkeztutako helegitea. Hala ere, auzibidea ez da amaitu: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak izanen du azken hitza.

Aiako Talaimendi auzoko Amezti etxea (Gipuzkoa). SOS Talaimendi

2026ko uztailaren 14an - 11:03
Azken eguneraketa: 12:06
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

11 logela eta 11 komun ditu Talaimendiko Amezti etxeak. Hamaika salaketa eta 11 urteren ondoren, ordea, eraitsi eginen dute. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak duela urtebete eman zuen agindu hori, legez kanpo eraiki zutela argudiatuta. Baina Aiako Udalak (Gipuzkoa) eta etxearen sustatzaileek kasazio errekurtsoa aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean. Uztailaren 8an ailegatu da Gorenaren epaia: etxea beheiti botatzeko agindua berretsi du. 

Aia herriaren lurretan dago Amezti baserria, Zarautz eta Orio banatzen dituen muinoan. 11 dira ere eraikinaren jabe den familiako anai-arrebak. Horietako bat Maite Garrastazu da, lizentzia eskuratu eta eraikuntza egin zutenean Zarauzko Udaleko hirigintza eta obra zinegotzia zena (EAJ).

Baserriak urte anitz zeramatzan abandonaturik, eta 2010ean, Garrastazu familiak Aiako Udalari (EAJ) hura eraberritzeko lizentzia eskatu zion. Bi urte geroago bigarren lizentzia eskatu zuten, bertze eraikin bat egin ahal izateko leku berean. Udalak bi lizentziak onetsi zituen, nahiz eta ondoren frogatu –eta udalak onartu– proiektuak ez zuela udalaren urbanizazio legea betetzen.

Izan ere, baserria naturagune babestuan kokatzen da, eta Eusko Jaurlaritzaren hirigintzari eta lurzoruari buruzko 2006ko legeak dio eraikina eraberritu edo gehien jota berreraiki daitekeela –egoera kaskarrean badago–, baina 50 metroko erradioan. Gainera, eraikin berriak antzeko dimentsioak eduki behar ditu.

Amezti baserria.
Amezti baserria, etxe berria eraiki baino lehen.

Jabeek neurri guztiak gainditu zituzten, ordea. Parapente zaleek sortutako SOS Talaimendi plataformaren arabera, eraikin berria jatorrizko lekutik 50 metrora egin beharrean, gutxienez 200 metrora eraiki zuten; eta baserriaren jatorrizko tamaina gutxi gorabehera mantendu beharrean, bikoiztu baino gehiago egin zuten baserri zaharrak zituen metro karratuak: 183tik 469ra, hain zuzen.

Hamaika urte epaitegietan

Talaimendi aire kirolak egiteko ohiko lekua da. Hortaz, Gipuzkoako Aire Kirol Federazioak 2015ean salaketa jarri zuen epaitegietan. Batetik, SOS Talaimendik egindako salaketaz ohartarazi zuen: etxea jatorrizko baserria baino handiagoa zen, eta bertze toki batean jarria zegoen. Bertzetik, babes bereziko landa eremu batean dagoela nabarmendu zuen. Izan ere, Talaimendin igarobide ekologiko bat dago, belatz handi bikote bat bizi baita inguru hartan. 

Urtez urte, epaitegiz epaitegi eta epailez epaile, gogor tenkatu den soka luzea izan da. Orain, Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenarekin, korapiloa askatzetik gertuago dago. Helegitea jarri zutenek argudiatu zuten eraikina eraisteko agindua "larriki kaltegarria" izan daitekeela "interes orokorrarendako", aurrekari bat ezarriko lukeelako eta baserriak berreraikitzeko lizentziak eman dituzten dozenaka udalerriri eraginen liokeelako. Gorenak, ordea, ebatzi du bertze udalerri batzuetan antzeko prozedurak egin izan direla aipatzea ez dela nahikoa helegiteari bide emateko.

 Azken hitza falta

Epaia irmoa da, eta ezin dakioke helegiterik aurkeztu, baina horrekin ez da amaitu 2015etik irekita dagoen prozedura judiziala: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak izanen du azken hitza, eta joan den urteko urtarrilean emandako epaia berretsi edo ez erabaki beharko du. Litekeena da urtea amaitu aurretik ematea ebazpena, eta sententzia berretsiko balu, irmoa izanen da Amezti eraisteko agindua. 

Horrela balitz, txaletaren sustatzaileei bi milioi eurotik gorako isuna jar diezaiekete, eta horrez gain, etxebizitza eraisteak nahiz Talaimendiko eremua eraikuntza egin baino lehen zegoen bezala uzteak eraginen lukeen kostuaz arduratu beharko lirateke. Bertze auzibide bat ere zabalik dago, Zarauzko Udalak etxe hori urez hornitzea erabaki izana epaitzeko.


Gizartea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...