AHTaren obrak beste urtebete atzeratu daitezke egin beharreko azterketa geoteknikoarengatik

  • Nafarroako AHTaren Aldeko plataformaren urteurrenean adierazi dute azpiegituraren obrak urtebete atzeratu daitezkeela. Ikerketa geotekniko bat egin behar dela jakinarazi dute, “28 hilabeteko iraupena” izan dezakeena.

AHTaren obrak urtebete gehiago atzeratu daitezke. ELA Eraikuntza / ARGIA (CC BY-SA)

2026ko martxoaren 26an - 12:31
Azken eguneraketa: 14:12
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Asteartean batu dira Nafarroako AHTaren Aldeko plataformako kideak entitatearen urteurrenarekin bat eginez, Nafarroan duten egoitzan. Bertan izan dira Óscar Chivite Lurralde Kohesioko aholkularia, Berta Miranda Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, José Antonio Sebastián korridore Atlantikoko ordezkaria, Manuel Piquer CEN Nafarroako Konfederazio Enpresarialeko lehendakaria eta Carlos Fernández Valdivieso CENeko idazkari nagusia.

Chivitek adierazi du ziur daudela “Nafarroak bere etorkizun sozial, ekonomiko eta industriala sendotuko duela, Espainiako Gobernuak sustatzen duen azpiegitura honi esker, Nafarroatik babestu eta sustatzen duguna”. Azaldu du “Nafarroak AHTan egin duen historiako inbertsio handiena” egin zuela aurreko urtean, 157 milioi eurokoa hain zuzen ere, eta aurtengo urtarrilean hamar milioi eurokoa egin duela, Navarra.eus-ek jaso duenez. Nafarroak azken zazpi urteetan aurreko sei urteetan egindako inbertsioa baino “zazpi aldiz" handiagoa egin duela nabarmendu du: guztira 462 milioi euro.

Sebastiánek, berriz, azaldu du bidea Ezkio-Itsasotik edo Gasteiztik egitearen inguruko zalantzek lanak urtebete luzatu ditzaketela. Erabakia hartzeko ikerketa geotekniko baten beharra dagoela azpimarratu du eta “ezustekorik gertatu ezean, azterketak 28 hilabeteko iraupena” izango duela, El Diario Vasco-k jaso duenez. Nabarmendu du ez direla proiektua “ausaz” egiten ari: “ez dago geldituta, denak funtzionatzen du”. AHTaren atzerapena ez dator bat Gipuzkoako Aldundiaren aurreikuspenekin, eta erabakia azkar hartzeko eskatu du aldundiak.

Mugitu! mugimenduaren ekintza egoitzaren kanpoaldean

Eguerdian batu ziren AHTaren Aldeko plataformako kideak Nafarroako egoitzan. Aurretik, 11:00etan, Mugitu! hainbat kidek protesta egin zuten. Eraikinaren teilatuan kateatu ziren Mafia TAV Desobeditu! lelodun pankarta eskuetan zutela, eta azpian gainerako kideek, AHT-TAV STOP zioen pankarta eskuetan, hainbat aldarri ohiukatu zituzten. Naiz-ek jaso duenez, lau ordura Espainiako Polizia bertaratu zen, ordubetera teilatuan zeuden kideak askatzea lortu zuten, ekintzaileak identifikatu zituen eta jasoko duten isun administratiboaren berri eman zieten.

 


Abiadura Handiko Trena kanalean gehiago
2026ko apirilaren 1
6850

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.