AHT eta etxebizitza

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

AHTak, gainerako garraio makro azpiegiturak bezala (autobideak, aireportuak...), hiri handien hazkundea sustatzen du, landa eremuen kaltetan. Azken horiek dira desarrollismo kapitalistaren pagaburua, horiek baitira hazkunde errukigabearen ondorioak pairatzen dituztenak. Horrela, hirien zerbitzura dauden azpiegitura handien euskarri fisiko huts bihurtzen dira (garraioa, energia, baliabide hidraulikoak, datu-zentroak...) eta beren zaborren kokaleku. Aldi berean, nekazaritza eta abeltzaintza industrializatu, kutsatzaile eta prekarizatuen ekoizpenean espezializatzen dira, hiriguneei jaten emateko. Horren guztiaren ondorioz, modu kezkagarrian despopulatzen ari dira, bizi-alternatiba duinik ez dutelako. Gainera, ohiko trenaren desegiteak trenbidearen finantziazio faltaren ondorioz –gehienbat AHTra joateagatik–, lurralde-desoreka hori areagotu egiten du. Horrela, landa-eremuak mega-hirien sakrifizio-eremu bihurtzen dira.

Espainiako erresuman historikoki, AHTaren garapena higiezinen pelotazo handien eskutik etorri da, espekulazioa helburu, geltoki berrien inguruan etxebizitza kopuru handiak eraikitzerakoan, gehienetan hirien erdigunetik urrun (Guadalajara, Cuenca, Tarragona...), baina baita horien erdian ere, geltokiak lurperatuz eta lurzorua askatuz, erdigunean bertan etxebizitzak eraikitzeko (Valladolid, Leon…). Euskal Herrian kasurik deigarrienak hauexek dira: Iruñekoa, lehen ereduari erantzuten diona, eta Bilbo, bigarrenari. Iruñean, duela gutxi, Etxabakoizko geltokiaren UGPS berria onartu da, 11.500 etxebizitza berri eraikitzea ahalbidetzen duena. Horrela, auzo hori Iruñeko jendetsuena bihurtuko litzateke, gaur egun dituen 5.700 biztanle izatetik 30.000 izatera pasatuta. Bilboren kasuan, lurpeko sarbideak kostatuko duen 800 milioi euro finantzatu nahi da  Abandon azalera-eremu handi bat liberatuz eta luxuzko 1.000 etxebizitza baino gehiago eraikiz, eta inguru guztien gentrifikazio prozesua azkartuko litzateke horrela.

Etxebizitza berriak eraikitzeak ez du, berez, etxebizitza eskuratzeko arazoa konpontzen; aitzitik,  okerrera egiten du, etxebizitza berri horien zati handi bat, adreiluaren lobbya aberasteaz gain, espekulatzeko erabiltzen baita, eta ez langile-klasearen bizileku-beharrak asetzeko. Etxebizitzaren arazoa konpontzeko, biztanleria hiri handietan metatzeko joera eten behar da, landa-eremuetan bizi-alternatiba duinak ahalbidetuta. Baita ere, gaur egun hutsik dauden etxebizitza guztiak berreskuratu eta birgaitu behar dira, behar handiena duten herritarren zerbitzura jartzeko. Era berean, espekulaziorako erabiltzen diren etxebizitzak (pisu turistikoak, jabe handiak, putre-funtsak...) nahitaez desjabetu behar dira. Ustezko "interes orokorra" –eraikuntza lobbyaren interesa besterik ez dena– oinarri hartuta, AHTa inposatzeko laborantza-lurrik emankorrenak eta interes ekologiko handiko eremuak desjabetzen badira, ez al da interes orokor handiagoa bizilekua izateko herritarrek soldataren erdia baino gehiago erabili behar ez izatea? AHTa eraikitzeko erabiltzen den dirua edo 2008ko krisian bankuei oparitu zitzaiena eta oraindik itzuli ez dutena –nahiz eta gaur egun irabazi ikaragarriak izan– hori guztia ordaintzeko erabil zitekeen. Eta, jakina, etxebizitza-sindikatuek  eskatzen dituzten neurriak aplikatu beharko lirateke: etxegabetzeak zein etxebizitza espekulazio-helburuz erabiltzea debekatzea, eta alokairuak nabarmen jaistea, mugagabeak izatera behartuta. 

AHTa bezalako azpiegitura handien eraikuntzaz aberasten den kapital handia eta egungo garapen urbanistiko zoroarekin zein etxebizitzaren merkatuaren espekulazioarekin aberasten dena, kapital bera da. Ekonomiak herriaren zerbitzura egon behar du, eta ez kapital handiaren zerbitzura.

Sistema ero hau gelditu!

Maite Lumbier Redin, Nerea Boneta Sadaba (Haritu!ren Etxebizitza Sindikatua)
Beatriz Arana Ortiz, Julio Villanueva Villanueva (AHT Gelditu! Nafarroa)

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.