Deigarria egiten da halako zerbait deigarri bihurtu dela ikustea. Hitz-joko trauskila dirudi eta da, baina ez zait bururatzen adierazteko modu hoberik. Eta azpian datzan gaia garrantzizkoa denez nik uste, bihoa horrela.
Kontua da pasa den igandean Financial Times egunkariak scoop bat plazaratu duela, zazpi lekuko zuzenek berretsi omen diotena, non esaten baita aurreko astean Pekinen Trumpek eta Xik egindako elkarrizketan, buruzagi txinatarrak gogor arbuiatu zuela Sanae Takaichi Japoniako lehen ministroak zerabilen bermilitarizazio-asmoa; eta Japoniari buruzko diatriba horretan berotuta eta haserre bizian agertu zela Xi, beste inoiz eta ezertan ez bezala. Trumpen bisitaldiko unerik mikatzena izan zela hura gehitzen omen dute iturriek, harritu samar, gaia aurretiazko elkarrizketetan inoiz mahai gainera ekarri gabea zelako.
Soka luzea ekarri du berriak ondorengo orduetan, batik bat Asia ekialdean.
Ez dago inolako motiborik kontakizuna ez dela zuzena susmatzeko. Eta txinatarren erreakzioak, ukatu baino gehiago berretsi egiten du FTk esana.
Eta harridura-puntu bat ulergarria litzateke gertaeraren nolakotasunaren inguruan: hieratikotasunetik hurbil dagoen autokontrol-maila duen pertsonaia delako Xi Jinping bere jarduera publiko guzti-guztian. Gidoitik inoiz aldentzen ez dena. Beraz, harrigarria litzateke goren-goreneko aurrez aurreko batean bere onetik ateratzea. Edozein delarik gaia. Baina are gehiago gaia berak atera badu. Hor dago koska, seguruenera.
Japonia berrarmatzea ez delako egungo Txinarentzat “beste gorabehera bat” gehiago, gainerako buruhausteak bezalakoa. Japonia ez delako “beste herrialde bat”, mugakide dituen dozena eta erdi herrialdeak bezalakoa. Ezta haien artean, potentzia nuklearra izanik, zuzeneko baina intentsitate baxuko borroketan arerio izan duena bezalakoa ere.
Japonia okupatzailea izan da, eta nolakoa gainera, aspaldi gabe Txinan. Eta historia hori kitatu gabe dago oraindik. Alderantziz: Takaichik azaroan Taiwani buruz egin eta inoiz zuzendu ez zuen adierazpena kontrako bidean doala esan genezake.
Eta horrela murgiltzen gara Asia ekialdeko bi herrialde ahaltsuenen arteko harremanen esparru minatuan. Baldarkeriaz edo motz-motzeko interesen itsutasunagatik, Trumpen administrazioak bederen ulertu ere egiten ez duen errealitate bat: AEB eta Txinaren arteko talka geopolitikoaren abagunea aprobetxatuz, Japoniak II. Mundu Gerra galdu ondorengo mugapenak ehortzi nahi dituela, lehengo lepotik duen burua erakusteko. Eta hori mehatxu ezin zuzenagoa dela Txinarentzat. Beste edozein baino larriagoa.
Ez dakit, tolesgabe ala antzezpenez, hark ahotsa goratuta ere ulertu ote zuten egitate hori Xiren solaskideek. Argitaratu denaren arabera, ezetz esango nuke.