Ahoak lehortu eta bihotzak bete

Udane Barinagarrementeria Laka / ARGIA CC BY-SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Taqbir
Non: Aholehor festibalean, Lazkaon (Gipuzkoa). 
Noiz: urriaren 10ean.

---------------------

7 minutu. Iraupen hori du pandemia garaian sortu eta digitalki argitaratutako lanak. Victory Belongs To Those Who Fight For A Right Cause (2021) darama izenburu, eta lau abesti ditu. Bost urte pasatxo igaro dira harrezkero, eta tarte horretan EParen edizio fisikoa, zuzenekoak eta hainbat elkarrizketa anonimo izan dira. Askotarikoak izan dira haiei buruz entzun edo irakurritakoak: “Inoiz ikusi dudan hardcore kontzertu onenetakoa” bezalako baieztapenetatik hasi eta taldeak berak salatutako jazarpenera, mehatxuetara, kontzertuetara jendea bila joan eta backstage-an geratu beharreraino. Izan miresmenez, izan exotizazioz edo izan gorrotoz, arreta piztu du eta pizten du Taqbirrek. Eta Aholehorren VI. edizioan izan dugu talde marokoarra gurean zuzenean ikusteko lehen aukera.

Lazkaoko skate parkea jendez beteta dago 22:30ak jota direnean, Barrrk, Sick Shooters eta Orsini taldeek giroa berotuta. Lehen lerroak bete-beteta eta plaza osoa adi, oholtza hutsean introa entzuten den bitartean. Abeslaria igo bezain laster hasi da jendea txistuka. Gainerako musikariak instrumentuetarantz doazela hartu du mikroa, eta hitz hauekin hasi du zuzenekoa: “Gabon, Lazkao; somos Taqbir y quiero ver a todo el puto mundo moviéndose ya” (Taqbir gara eta mundu puta guztia mugitzen ikusi nahi dut, orain bertan!).

Esan eta egin. Oholtza luze-zabalean, beltzaren artean, zortzi begi distiratsu nabarmentzen dira. Atzeko hirukoak markatzen duen erritmo frenetikoan, abeslaria alde batetik bestera mugitzen dela, hardcore dantzak hartu ditu publikoaren lehen lerroak. Bi minutuko energia-eztanda baten eta hurrengoaren artean, abeslariak zuzenekoaren erritmoa jaisten du, 120 segundoko musika-kolpean kabitzen ez denaz hitz egiteko. Letren itzulpenak begiratuta dakigu darijaz abestutako kanta bakoitza dagokionari ostiko bat dela zintzurrean, edo dagokienei. Baina egilearen tarteko azalpenek testuingurua ematen diote, eta bizipen pertsonalaren konplexutasuna haietako bakoitzari: migrazio prozesuek dakarten mina dago abestietan (bi komunitateetan bizitako errefusa, identitate krisia, mugen kontrako aldarria), baita inposizio moral eta erlijiosoekiko jarrera feminista bat ere. Hala ere, salaketen gainetik, mezu indartsu bat gailentzen da etengabe: komunitatea, maitasuna eta elkar babesa. Horiek gabe ez gara ezer. “Y eso es el punk” (Eta hori da punka), dio. Euskaraz irakurritako testuan ere ideia bera azpimarratu du: “Hemen ikasi dut zer den komunitate bat, ez ezazue ahaztu inoiz”.

Eta abeslariaren hitzak entzun artean etorri zait gogora Gloria Anzaldúa eta nola deskribatzen duen bi munduren artean bizi direnen bizileku legez muga, zauri ireki bat. Eta pentsatu dut Taqbirrek oholtzatik beste erantzun bat ematen diola zauri horri: norberak aukera dezake nongoa den, ez beste inork. Eta, Noaren hitzetan, toki hori norbere jendea dagoen lekua da. Zeinek daukan bere jendea dagokion gaztetxean, dagokion skate parkean eta dagokion komunitatean. Zeinentzat den punka komunitate eta zeinentzat ezleku. Hortxe Taqbirren atximurka. Bide beretik, migratzaileei begira jarri eta haien istorioei erreparatzeko eskatu digu, eta Osasun Mentalaren Eguna aipatuta, gaur eta beti gaizki dauden lagunen ondoan egoteko ere bai.

Esan beharrekoak esanda, kaputxa kendu eta oholtzatik jaitsita abestu du zazpigarren eta azken abestia. Bukatzean, zirkuluan batu dira lehen lerroetako zenbait lagun, abeslaria barne, elkar besarkatuta eta saltoka agurtzeko. Eta hala, ostean datozen australiarren zain geratu gara, ahoak lehortuta eta bihotzak beteta.


Irakurri gehiago: Kontzertuak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.