Agurrik ez Zesar, garaipenera arte lagun!

  • Uztailaren 5eko larunbata eguerdian ekitaldia antolatu zuen Joxemi Zumalabe fundazioak Gernikako Astran, Zesar Martinez fundazioko kidea oroitzeko. Maiatzaren 26an hil zen Martinez, EHUko soziologia irakaslea eta herri mugimenduen laguna, bizikletan ari zela istripua izan ostean. Joxemi Zumalabeko kideek idatzi dute ekitaldiaren kronika, eta hainbat argazkirekin batera helarazi diote ARGIAri.


2026ko uztailaren 6an - 07:13
Azken eguneraketa: 08:54
Joxemi Zumalabe fundazioa
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Haizeak dantzan daramatza gaur hamaika hitz
mintzo direnak uraz, suaz, herriz eta mendiz.
Harrapaezin den doinu aske hau
eskaini nahi dizugu gaur, Zesar,
lagun maite hori.

Urak mundualdi bat marrazten du
zuhur, jauziz, arin.
Suaren auska garrak
pizten ditu gorri, irri ta grin.
Herriak besarkatzen
garaipen ta min.
Mendiaren ondare kolektiboa
garaiezin.

 

Hori izan dugu dantzarako doinua eta, izan ere, haizeak dozenaka kide ekarri ditu Gernikako Astra espaziora Zesar Martinez gure lagun eta kidearen omenaldia ospatzeko. Larunbateko eguerdiko 12etan hasi den ekitaldi berezian, Joxemi Zumalabe Fundazioko eta hainbat herri mugimendutako eragileek azken agurra eman diogu 1958an Barakaldon jaiotako eta bere bizitza osoa herriaren alde lan egiten emandako kide kuttunari.

Ekitaldia maitasun eta dolu ariketa kolektiboa izan da, eta bertan Zesarren kide, lagun, senide eta ingurukoek azken agurra eman diogu bizkaitarrari. Ekitaldiak Zesarren bizitzaren oroimenerako dinamika ezberdinak, azken agurrerako momentuak, hainbat eragileren hitzartzeak… barnebildu ditu, baita hainbat sorkuntza momentu ere. Omenaldia prestatzean zalantza ugari izan dugu, ohartu baikara oro har, gure jendartean, unea heltzean, ez dakigula maite ditugunak nola agurtu. Hartara, ariketa politiko bat egiten saiatu gara, ohiko omenaldietatik aldenduz eta emozioei, errituei, ariketa kolektiboei eta magiari ere bide emanez.

Zesarrek Komite Internazionalistetan hasi zuen bere ibilbide militantea, eta 18/98 makrosumarioaren garaian batu zen Joxemi Zumalabe fundaziora. Euskal Herriko herri mugimenduaren aurkako ankerkeria handienetarikoa izan den epaiaren aurkako protestan aritu zen, besteak beste, autoinkulpazio kanpainak bultzatuz, eta horren ostean, Joxemi Zumalaberen proiektu berriaren sortzaileetako bat izan zen. Beste hainbat herri mugimendutan ere aritu zen, esaterako, 2018an Sare Herritarrak antolatutako urtarrileko mobilizazioaren bozeramaile, bizitoki zuen Larrabetzuko Gurpide elikadura burujabetzaren aldeko mugimenduan, edota Bilboko San Frantzisko auzoko Telefonica zaharreko eraikinean zentro komunitario bat sortzeko prozesuan. EHUko Soziologia eta Gizarte Langintzako Saileko irakaslea zen eta, nola ez, bere lan akademikoa ere herriaren eta herri mugimenduen mesedetan kokatzen zuen. Horren erakusle da gaurko ekitaldiaren etxe izan den Astraren negoziaketa prozesuan egindako ekarpena, beste askoren artean.

Ekitaldi hasieran, Zesarren ibilbidearen kokapena egin dugu, dinamika berezia baliatuz horretarako: bere bizitzaren alegoria zen erreka baten irudi luzean oroitzapenak eta mezutxoak idatzi ditugu, Zesarrekin bizitako une kuttunak gogoratzeko. Ostean, Joxemi Zumalabe fundazioko kideek Zesarren omenez egindako ipuina irakurri dugu, fundazioan eta kideen bihotzetan utzitako oroitzapenak malko eta barre artean gogora ekarriz.

Hainbat herri mugimendutako eragilek hartu dute hitza, maitasunez, miresmenez eta oroitzapenez beteriko hainbat testu irakurrita, baita unean bihotzetik ateratakoak partekatuta ere. Zehazki, hurrengo eragileek hartu dute parte : Bizilur. Gurpide, Ehunka, Astra, Errekaleor, Sare Herritarra eta Peruko Herri Hezkuntzarako kolektiboa den La Caracolak. Horren ostean, aurreskua eskaini diote Zesarri, doinu horretan propioki idatzitako abestiarekin (irakurri berriz ere kronika hasierako testua).

Ekitaldia bukatzeko, Zesarri azken mezuak bidaltzeko aukera izan dute bertaratutakoek; aipatu magiarako eta erriturako unea izan da. Ontzi batean sua egin eta bertan erre ditugu gure hitzak. Asmoa da errautsak Euskal Herritik barna haizeratzea, Zesarren txoko txukunetatik. Hitzak joan emozioak etorri, kantuan bukatu dugu, Hertzainaken Aitormena eta Zumalabeko kideek idatzitako koplak elkarrekin abestuz. Euria eta eguzkiaren dinamika kolektiboak azken ukitua eman dio gaurko agurrari, ekaitzaren ostean barealdia omen datorrelako beti.

 

Eta eskertu behar diogu

orain eskertzerik bada,

bere kideen eta prozesuen

zaintzarako begirada

(…)

Zesarrari Zesarrarena

nola eman behar diogun

gure bidean betiko gertu

izango zaitugu lagun!

 

Omenaldian arimak aseta, bestelako goseei eman diegu bide. Hala, Astrako espazio paregabeaz eta kideek egindako luntx izugarriaz gozatzeko aukera izan dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu sukaldariei, baita Astrako kideei ere, espazioa uzteagatik eta emandako erraztasun guztiengatik.

Eskerrik asko Zesar, gutako bakoitzean landatutako haziagatik, bidean zehar utzitako momentu goxo, oroitzapen, irakaspen eta oroitzapenengatik. Ahazten dena bakarrik desagertzen da, eta zu ez zara sekula gure bihotzetatik desagertuko. Zuk irakatsi zenigun bezala, mundua eraldatzeko lanean eta borrokan jarraituko dugu beti, herri mugimenduetatik, herri mugimenduekin eta herri mugimenduentzat. Gure kide maitea, gure bihotzetatik zurera, eta, zuretik gure asanblada eta jaietara. Agur eta ohore, lagun, garaipenera arte!

 Joxemi Zumalabe fundazioa
 Joxemi Zumalabe fundazioa
 Joxemi Zumalabe fundazioa
 Joxemi Zumalabe fundazioa
 Joxemi Zumalabe fundazioa
 Joxemi Zumalabe fundazioa
 Joxemi Zumalabe fundazioa
 Joxemi Zumalabe fundazioa
 Joxemi Zumalabe fundazioa
 Joxemi Zumalabe fundazioa

Herri mugimendua kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...