argia.eus
INPRIMATU
Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik
  • Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko otsailaren 21
Karen Daniela Ágredo ospitalean. Familiak utzia eta Naiz-etik jasoa.

ETBk argitara emandako elkarrizketan Ágredok azaltzen duenez, otsailaren 2ko goizaldean gertatu zen dena Donostian:

“Chanel diskotekan nengoen nire bikotekidearekin eta lagun batzuekin urtebetetze bat ospatzen. Etxera gindoazenean, nire bikotekidea diskoteka kanpoan mutil batekin eztabaidatzen hasi zen. Arazo larriagoak saihesteko ni bien artean sartu nintzen.

Une horretan ertzainak pasatu ziren eta nire senarrari eskuburdinak jarri zizkioten. Berak ez zuela ezer egin oihukatu nuen nik. Borra batekin jo ninduten eta esku burdinak jarri zizkidaten. Haietako batek mugikorra kendu eta lurrera bota ninduen. Une horretan konortea galdu nuen. Ez dakit nola igo ninduten Poliziaren autora.

Ziegan esnatu nintzen eta pixa gainean egin nuela ohartu nintzen. Ezkerreko oina ezin nuen mugitu eta eskuinekoarekin atea jo nuen laguntza eskatzeko. Agente bat sartu eta eskatu zidan zutitzeko deklarazioa hartzeko, horrela atera ahal izateko. Nik ezin nuen ia hitz egin, eta esan nion ez nuela ezkerreko aldea sentitzen, ez nekiela zer gertatzen zitzaidan. ‘Ados –erantzun zidan agenteak– orain nator berriro’.

Beste polizia bat sartu zen ikustera kontatzen ari nintzena egia ote zen. Esan zidan zortzi ordu neramatzala lurrean eta deklarazioa hartzeko jaiki egin behar nintzela, nik esan nion ezin nuela, ezkerreko aldea ez nuela sentitzen. Esan zidaten mediku bati deituko ziotela eta 30-40 minutu zain egon ondoren, medikuak ezin zuela etorri. Tarte batera, hiru polizia etorri ziren, atera eta ospitalera eraman ninduten.

Medikuak esan zidan iktusa izan nuela, buruko isuria ezkerraldean. Mugikortasuna galdu dut eta bi ebakuntza egin behar dizkidate. [Kontakizunean atxiloketaren unera itzultzen da] Nire bikotea ikusita oihuka hasi nintzen bai, aztoratuta nengoen, baina nik ez nion eraso egin poliziari. Neurriz kanpo jokatu zuten. Ez nuen ezer txarrik egin haien aurka. Nahi dudan gauza bakarra justizia egitea da eta dena argitzea”.

Ágredori egindako elkarrizketaz gain, ETBk erakutsi du kaleko segurtasun kamera batek grabatutako bideo bat eta hartan atxiloketaren hainbat sekuentzia ikusten dira. Bideoan, dena den, ez da grabaketa osoa ikusten, kamerak hartu zituen moduan, baizik eta editatuta. Horietan bi une antzematen dira argi samar: batean, emakumea lurrean eserita eta eskuburdinekin ageri da, negarrez, eta beste batean erdi etzanda eta noraezean egotearen itxurarekin. Ondoren, ertzainek autoan sartzen dute eta horrek hiruzpalau agenteri aski lan ematen die, pentsa liteke konortea galduta edo erdi galdua duen emakume batekin ari direlako.

Ágredok eta bere bikotekideak salaketa jarri dute epaitegietan eta Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak azaldu du hiru ikerketa irekita daudela, eta horiek argitu arte ezin dela jakin ertzainek ondo edo gaizki jokatu zuten. Oraingoz bederen, atxiloketan parte hartutako ertzainek beren lanpostuetan jarraitzen dute.

Gertaerak ezagutu dira bikoteak hedabideetan kontatu ondoren, pasatu zirenetik hiru astera. Zupiriaren lehen azalpen ofiziala ostegun honetan etorri da, EH Bilduk legebiltzarrean egindako galdera bati erantzunez. Orain, Zupiriak berak eskatu du premiazko agerraldia Eusko Legebiltzarrean behar diren azalpenak emateko.

e