argia.eus
INPRIMATU
Asisko Urmeneta. Komikigilea.
"Agosti Xahoren kronika hura oraino ere baliagarria da"
  • ‘Aztihitza. Xahoren Biografikoa’ komikia plazaratu berri du Asiskok. Agosti Xahok 1934 urtean egin zuen bidaia da istoriaren harietako bat. Kontakizunak gaurkotasuna ere badu, Atharratzeko gazteen ahotik.

Ipar Euskal Herriko Hitza @iehkohitza Joanes Etxebarria 2018ko abenduaren 14a
Argazkia: Ipar Euskal Herriko Hitza / Joanes Etxebarria

Agosti Xahoren (1811-1858) kontra mintzatzea “oso merke atera izan da beti” Asisko Urmeneta (Iruñea, 1965) marrazkilariaren ustez. Zuberotarraren pentsamendu politikoak leku berezia du plazaratu berri duen komikian, gaurkotasuna baduelakoan.

Prefosta elkartearen egoitzan, Xahoenean, aurkeztu zenuen liburua. Zure sarea mugitu omen zenuen. Zure sinaduraren gibelean beti hor ote da jende hori?

Marrazkilari lana normalean oso bakarlari lana izaten da, baina nik betitik maitatu izan ditut kolektiboak. Napartheid-eko garaian ere hala zen, maketazio egunak, gaupasa haiek… gozamena da. Beste gauza gehienak bezala, bakarka ez da gaizki baina hobe da taldean; garai batean fanzineetan, oraingo egunean Xabiroi aldizkarian. Oso gauza inportantea egiten zait ere jendea komunikazioan ematea. Bizitza honetan egiten ahal dugun gauza ederrenetako bat hori baita hain zuzen: jende interesatua eta interesantea harremanetan ezartzea. Gartxot-ekin [filmarekin] hori pasatu zait eta Xahorekin ere bai, dudarik gabe. Xahoren gainean adibidez orain nork daki gehien: Patri Urkizuk eta Fermin Arkotxak. Horiengana joan naiz eta materiala eman didate oso manera eskuzabal batez. Prefosta elkarteko jendearekin ere lehen momentutik harremanetan nintzen.

Prefosta elkartea Xahoren sortetxean plantatua da. Pertsonaia ezagutzen zuten?

Xaho ezezaguna da bere herrian, erran nahi baita Atharratzen eta Euskal Herrian. Pentsatzen dut Gerra Karlistak erraten diegula galdu ditugulako, irabazi izan bagenitu ariko ginateke mintzatzen Independentzia gerraz. Urte haietan Greziak eta Belgikak independentzia lortu zuten; Italian, Hungarian eta Europa guztian altxamenduak eta insurrekzio erromantikoak ematen ziren, eta Euskal Herrian ere bai. Xaho iraultza erromantiko horietako lider bat zen: errepublikarra, independentista, gorria, antiklerikala, feminista, segur aski homosexuala… super aitzinatua bere denborarako, eta oraingo denborarako jende ez erosoa. Horregatik edo baztertua edo deabrutua izan da. Orduan atharraztarrek, Prefostakoek, ez zuten sobera ezagutzen. Horregatik [komikian] lehen momentutik kontatzen dut, haiek kontaturik, Xahoren figura ohoratu beharrean ibili behar izan zirela Interneten. Lagun bat Atharratzetik pasa zen eta turismo bulegoan galdetu zuen non zen Xahoren sortetxea, baina Xahoren berririk ere ez zuten. Ez diot inori leporatuko Xaho ez ezagutzea, inork ez du ongi ezagutzen, kenduta Patri Urkizu eta Fermin Arkotxa, adibidez.

Durangoko azokan zinen. Nolako harrera ukan du komikiak?

Jendea harritu egiten da aipatzean Xahoren pentsamendua edo lehenbiziko kazetaritza euskarazkoa berak zuela asmatu. Gainera, bere buruari galdetzen ziola: “Nola idatzi? Eskuaraz, euskeraz, euskaraz…”. Batua hitza ez zuen baliatzen baina erraten zuen gramatika nazionala behar genuela, ortografia nazionala, eta gure aberastasunean pobre ginela. Batuaren urteurrena eta Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzen ari garen urte honetan boz bakar bat ere ez dut entzun Xaho errebindikatzen. Harritzen dira hori entzutean, edo entzutean Xaho emazte idazleen klubekoa zela eta oso hurbila. Flora Tristan ekintzaile internazionalista feminista zenak txertatu zuen Xaho bere eleberri batean, manera ausart batez salatzen baitzuen apezpikutegiaren mendean ziren umezurztegietan esklabizatzen zituztela neskatoak, esklabotza sexualaz ere mintzo zen. Pentsa oraingo egunean zail samarra bada ere halakoak salatzea, Xahok XIX. mendeko lehenbiziko erdialdean egiten zuen. Bere pentsamendu politikoa ere, bere garaian bai, baina oraingo egunean izugarri baliagarria eta ezinbestekoa zait.

Segitzen du deseroso izaten?

Dudarik gabe, bai. Berak erraten duelarik biba independentzia, biba errepublika eta biba Euskal Herria. Jende izugarri ilustratua zen eta bazuen, ene ustez, justiziaren zentzua. 1835ean Nafarroa Garaian egin zuen bidaia hartan munduari kontatu nahi zion zertan zen gerra, batzuek erraten baitzuten afera dinastikoa zela. Berak erraten zuen ezetz, euskaldunak ari zirela beren eskubide nazionalak defenditzen. Berak baitzekien zer gertatu zen Frantziako Iraultzarekin Lapurdin, Zuberoan eta Baxenabarren, ikusten zuen arrisku hori bazela Hego Euskal Herrian eta horregatik euskaldunak altxatuak zirela. Kronika konplizea egiten zuen; berri emaile berezi gisa joan zen eta aldi berean hurbiletik ari zen, etxean zegoelako eta bere kausa zelako. Liburua frantsesez egin zen eta itzulia izan zen nazioarteari kontatzeko. Kronika hura oraino ere baliagarria da.

Komiki hau ekarpen politiko bat bezala ikusten duzu?

Bai, nire orain arteko komikiak —Napartheid-etik hasirik— beti politikoak dira. Batzuek politika egiten dute kantuekin, beste batzuek ekonomiarekin… nik komikiarekin. Modan jartzen ari den pentsamendu politiko bat da “goazen zerogarren momentutik aitzina, orain artekoak ez du balio eta oraingo erakunde eta zatiketetatik abia gaitezen eskatzera nahi duguna”. Ni ez naiz batere horren ustekoa zeren uste dut zerbaiten ondorio garela. Patrik [Urkizu] eta Ferminek [Arkotxa] eman materialaz aparte, Xahoren obra asko irakurri dut eta gero Internetez ibili naiz garai hura pixka bat aztertzen. Nafarroako Erresumako Estatu Nagusiek Frantziako Iraultza ematen ari zela erran zutena adibidez: “Nafarroako konstituzioa ez dute deusezten ahal, ez mende anitzetako infrakzioek, ez nafartarren isiltasunak, ez eta edozein autoritateren manuz, zeren nazioen eskubideak inpreskriptibleak baitira”. Bukaera hori egiten zait elementu ikaragarri ona; hemen injustizia bat emana da, gu zuzen ginen, gu herri bat gara, ez gara goiz honetan hasi bizitzen. Hemen herri bat bada gure borondatearen kontra inbaditua, urratua, ukatua izan dena eta hemen gara bizi nahiz. Ez bagara libre eta normal ez da txikiago edo itsusiago edo pobreago garelako… izan da besteek tanke gehiago zituztelako eta suertatu zaigu bizitzea bi inperio espantsionisten artean.

Xahoren diskurtsoa eta garai hartako jendeen diskurtsoa —ez ordukoa bakarrik— niretzat bitamina da ulertzeko gure ondoeza nondik heldu den eta nora buruz joan behar garen. Dena kendu digute baina arrazoia ez, arrazoia ez eman lapurrari. Kendu digute etxea baina delitua ez da preskribitua. Horrekin lotua da Xahok 1848an erraten zuena: “Euskaldunek ez diote inori eman manatzeko deretxorik”.Guk sekula ez dugu erran “sartu eta agindu zuek gure baratzean”. Injustua zena Xahoren garaian injustua izaten segitzen du oraingo egunean ere.

Elkarrizketa hau Ipar Euskal Herriko Hitza-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.