Idatzi baten bitartez, elkarteak azpimarratu du zuzentzaileek "objektibotasunez" eta "profesionaltasunez" jarduten dutela, eta berrikuspena eskatzea "zilegi" bada ere, ezin dela zuzentzaileen lana mespretxatu. Gaineratu dute "eskoletako errealitateak" erakusten duela euskalduntzea sustatzeko "neurriak" hartu behar direla, "euskal gizartearen beharrei erantzuteko".
Orain pare bat aste EHUko irakasleek eta ikerlariek sinadura bilketa abiatu zuten, USaPeko Euskara eta Literatura II azterketako zuzentzaileei elkartasuna helarazteko, zeroen polemikaren harira zenbaitzuek fokua zuzentzaileengan jarri ostean. 12.000 pertsonak baino gehiagok sinatu zuten manifestua, tartean EHUko langileak eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak. Bada, egun batzuk igaro dira eta eragile gehiago agertu dira zuzentzaileak babestera, kasu honetan Agora Filosofia Elkartea. USaPeko azterketaren funtsaz hausnartzeaz gain, zuzentzaileen "profesionaltasuna" eta "objektibotasuna" nabarmendu dituzte idatzi baten bitartez. "Haien profesionaltasunak, zorroztasunak eta konpromisoak errespetua eta konfiantza merezi dute".
Elkartearen arabera, zuzentzaile baten lana "ardura handia" da: "USaP azterketak zuzendu ditugunok ebaluazio-irizpideak aplikatzen ditugu, jakinik azterketa bakoitzaren atzean ikasle bat eta haren etorkizuna daudela". Agorak azaldu du zuzentzaileek objektibotasuna "bermatzeko" irizpideen arabera zuzentzen dutela; irizpide batzuk, zeinak, gogoratu duenez, publikoak diren. Gaineratu du azterketak modu anonimoan zuzentzen direla, eta bigarren zuzenketak daudela, akatsak egonez gero, zuzentzeko.
Hori guztia kontuan hartuta, elkarteak azpimarratu du zuzentzaileen lana "objektiboa" eta "profesionala" dela eta, azterketak berrikustea eskatzea "guztiz zilegi" bada ere, "oso bestelakoa" dela "zuzentzaileen jarduna arbitrariotzat, axolagabetzat edo fede txarrekotzat jotzea".
Elkartearen ustez, zuzentzaileen lana "auzitan" jartzeak ondorioak ekar ditzake etorkizunean. "Posible da etorkizunean inork pisu hori bere gain hartu nahi ez izatea, euskara irakasleak zein beste irakasgaietako irakasleak ere. Zer gertatuko litzateke orain susmopean dagoen lan hori inork bere gain hartuko ez balu?", galdegin du elkarteak.
Euskalduntze sistema berrikusi eta neurriak hartu
Polemikatik harago, idatzian USaParen inguruan hausnartu dute filosofiako irakasleek. Gogoratu dute "aspalditik" egin zaizkiola "kritika ugari" azterketari: "Ikasleek salatu izan dute azterketa bakar batek suposatzen duen presioa, eta irakasleek ere zalantzan jarri dute azterketak ikasleen gaitasunak neurtzen ote dituen ala ez". Are, "askok" azaleratutakoa mahaigaineratu dute, hau da, ezbaian jar daitekeela azterketak "ikasleen betebeharrak neurtzen" ote dituen, baita euskal gizartearen "behar sozial eta laboralak asetzen" dituen ere. "Irakasle askok zalantzan jartzen jarraitzen dugu eredua egokia den, baina gauza bat da sistema kritikatzea, eta beste bat sistema horretan lanean ari diren profesionalak deslegitimatzea".
Noten polemika euskararen aurkako oldarraldi judizialaren parte da, elkartearen iritziz. Azaldu du hizkuntza azterketetan ortografiak bi puntura arte jaitsi dezakeela nota eta, hortaz, hizkuntza-ikasgaietan zeroaz kalifikatua izateko aukera ukatzeak "desitxuratu" egiten dituela ebaluazio-irizpideak, irizpideen izaera akademikoa "infantilizatzeko" arriskuarekin.
Bukatzeko, idatzian elkarteak ohartarazi du "berrikusi" beharra dagoela euskalduntze sistema. Agora elkartearen helburua "Filosofia euskaratik eta euskaraz" egitea da. Horregatik, adierazi dute emaitzek eta eskoletako errealitateak erakusten dutela "neurri ausartak" hartu behar direla, "filosofo, erizain, administrari, zahar egoitzako langile edo mediku euskaldunak euskal gizartearen beharrei erantzun diezaieten".