Astearte honetan egingo dira Trumpen agintaldi erdiko hauteskundeak, eta Senatuko, Ordezkarien Ganbarako eta estatuetako gobernadore izango diren ordezkariak bozkatuko dituzte. Alderdi errepublikanoaren gainbehera aurreikusten den horretan, Trumpek bere estrategia arrazista, islamofoboa eta xenofoboa jarri du martxan.
Bi urte igaro dira Trumpen garaipenetik, eta beste bi eskas dira agintaldia bukatzeko. Presidentearekiko atxikimendua eta fama behera doazen honetan, erdibideko etapa honek berari buruzko erreferenduma dirudi, eta baliteke asteazken goizean egoera larria izatea Etxe Zurian. Agintaldi erdiko hauteskundeek berebiziko garrantzia dute botere legegilean: Ordezkarien Ganbarako 435 aulkiak eta Senatuko aulkien herena (35) berritzen dira. Botere asko dago jokoan, batetik Ordezkarien Ganbarako presidentea edo 'Speaker'-a alda daitekeelako, hori delarik Estatuko hirugarren figurarik boteretsuena (presidente eta presidenteordearen ondotik). Baina Senatua da erabaki sakonenean azken hitza duen erakundea, eta arreta nagusia erakunde horretako bozketan dago jarrita.
Errealitate sozio-politikoa sakonki aldatu da, eta testuinguru berriak bultzaturik, demokratek handizkiago amets egiteko arrazoiak areagotu dira: muga-zergen emendapena, eguneroko ziurgabetasuna (2025etik kaleratu diren milaka funtzionarioak) eta Irango gerrak ekarri duen erregaiaren prezioen igoera. Bizi baldintzen txartzeak demokraten diskurtsoari egiten die mesede, eta argumentu hori baliatuz egiten diete Trumpen administrazioari aurre. Hala, Ordezkarien Ganbarako emaitzetan ez da sorpresa handirik espero, eta lehia barruti bakar batzuetara mugatzea aurreikusten da: Eskualde gehien-gehienak alderdi baten edo bestearen menpe daude jadanik. Senatuan aldiz, aldaketa batzuk aurreikusten dira, eta baliteke estatu batzuek ordezkari demokrata izatea aspaldiko partez.
Lehian dauden estatu horietan, alderdi errepublikanoak bere nagusitasunari eusteko ahaleginak biderkatzen ditu. Aspalditik Trumpen estrategiaren barne diren bulo, gezur eta irain-uholdeak martxan dira berriz, eta alderdi demokratako hainbat hautagai izan dira akusazio arrazisten jomuga. Michiganeko hautagai Abdul el-Sayed da erasotuetarik bat, etorkin seme eta musulmana. Hautagaia "Mohamed" edo "Ramadan" izendatu du Trumpek, baita "jihadista" dela erran ere, eta "Anai Musulmanen" parte dela eta Estatu Batuetan "Xaria inposatu" nahi duela. Minnesotako Ilhan Omar hautagaiak ere era bereko gezur eta buloei egin behar die aurre: bere etxea miatu du Poliziak bere naturalizazioari buruzko inkesta baten ondorioz, eta Trumpek behin baino gehiagotan erran du bere "anaiarekin ezkondua" zela. Omari leporatu izan diote Ahmed Elmi bere senar ohia bere anaia izatea, eta berekin ezkondu zela naziotasun paperak errazago lortzeko. Hautagaiaren "desnaturalizazioa" aipatzera ere iritsi dira errepublikanoak. Barack Obama presidente ohiak oldarraldia salatu du X-n, eta egoerak "amerikar guztiak eskandalizatu beharko" lituzkeela adierazi du.
"Islamizazioa", "Xariaren inposaketa", "ordezkapen handia"... Jada Europako eskuin muturrak ere erabiltzen dituen terminoak ezagunak zaizkigu. Asmakizun eta mito horiek dira alderdi errepublikanoak ahoan darabiltzanak kanpaina osoan, eta hautagai demokratez gain komunitate musulman osoa da arrazismo asumitu horren biktima. Center for the Study of Organized Hate-k (Gorroto antolatuaren ikasketa-zentroak) publikatu duen ikerketa baten arabera, musulmanen aurkako oldarraldi xenofoboak azkartze handia jasan du 2025az geroztik. Sareetan ordezkari errepublikanoek eginiko mila ateraldi baino gehiagotan oinarritzen da ikerketa, eta frogatzen du alderdiak nola barneratu duen neonazi eta supremazista txurien ideologia. Ikasketa-zentroaren arabera, ideologia horretan oinarritu daiteke ICEn (immigrazio-Polizia) jarduera basatia eta arrazista, besteak beste.
Oldarraldi islamofobo horren beste kasu bat Texas-en Cair antolakundea (Harreman Amerikano-Islamikoen Kontseilua) jasaten ari den erasoaldia da. Sameeha Rizvik (Cair-en Texaseko arduraduna) Mediapart-en adierazi duen gisara, "musulmanen aurkako propaganda makineria" oso bat dago gibelean, "2023ko urriaren 7az geroztik indartu" dena. Aipaturiko antolakundea "erakunde terroristatzat" jo du Texaseko gobernadore errepublikano Greg Abbottek, eta Ken Paxton senaturako hautagaiak prozedura judizial berria abiatu du, antolakundearen jarduera gelditu eta ontasunak konfiskatzeko. Cair-eko arduradunak azaldu duenez, komunitate musulmana asaldatua dago oldarraldi politiko-mediatikoaren aurrean, eta mobilizazio garrantzitsua espero da astearteko hauteskundeetan.