argia.eus
INPRIMATU
2026ko azaroaren 4a
Kultur agenda
  • Asteazkenetan, Goizean argi buletinaren azpiko atalak Euskal Herriko agenda kulturalari errepasoa egiten dio. Entresaka bat da datozen egunetan datorrenari. Orrialde honetan atal hori hona ekartzen dugu, buletinean joaten den bezala.

    Ez bazaude buletinean izena emanda, eta goizero zure postontzian jaso nahi baduzu, debalde, eman izena hemen.

  • Antzerkia. Iruñean, gaur, Antzerki Aroa jaialdia ixteko, Sidari antzezlana, eta Donostiako Gazteen Antzerki Topaketaren barnean, asteazkenez baita ere, Zurriolako antzerki eskolaren Martin, izarrak buruan eta eseri munduan. Azpeitian bete-betean sartuta daude Euskal Antzerki Topaketetan, eta afixa dotorea dute. Gainontzean, ostiralez Getxon Interview antzezlana eskainiko dute, Kandida Soraluzen, Amorebietan Bi baso bat ur, eta Antsoainen Nor naizen baneki. Larunbatean Orion izango da Kaka antzezlana, eta Kanbon, berriz, Ahurtara bat ipuin.
     
  • Bertsolaritza. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren hirugarren finalaurrekoa asteburu honetan jokatuko da Gernika-Lumon. Hauexek ariko dira kantuan: Agin Laburu, Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Ane Labaka, Aner Peritz eta Joanes Illarregi. Bertatik bertara ikusteko aukerarik ez baduzu, ETB On-en ederki asko jarrai daiteke zuzenean.
     
  • Musika. Ostegun honetan hasiko du agur bira Izaki Gardenak taldeak Bilboko Kafe Antzokian. Ostiralean, goxo planerako, aukera bikaina Garazi Esnaolaren kontzertua Arrasaten, edo Txuma Murugarren Bergaran; rock zaleentzat, Puntu Takoma taldea Atarrabiako Totemen, edo Habi eta Etxekalte Donostiako Dabadaban; eta gerriak mugitzeko pixka bat, Raimundo el Canastero Bilbon. Larunbatean, Altsasun izango da Olaia Inziarte, Andoainen Hofe, Ondarroan Tu-K, Donostiako Tabakaleran Francisco López eta bere soinu esperimentala, eta disko berriarekin Ibil Bedi Irunberrin. Igandean, marianitoarekin batera, Zuiako gaztetxean, Amorante eta Kulata taldeak.
     
  • Bestelakoetan, laborarientzat eta lurra maite dutenentzat bada hitzordu interesgarria Biarritzen: Lurrama. Elikagai azoka, hitzaldi eta mahai inguru franko, kultur ekitaldiak… Topaleku interesgarria da. Eta Donostian, berriz, Feministaldia egingo da beste urte batez.