Afrin eskualdeko errefuxiatuak etxera itzultzen hasiko dira... tentuz

  • Rojavako Afrin eskualdea 2018an inbaditu zuen Turkiako Estatuak. 700.000 biztanleko eremutik ehunka milaka errefuxiatu joan ziren ihesi. Gehienak hegoalderantz, Siriako Estatuko beste lekuetan –hala nola, gertu dagoen Alepon– kokatu ziren, askok Europara jo zuten, eta Rojavako beste lurraldeetan 100.000 kokatu ziren. Astelehenean, beren itzuleraren gaia ez dagoela konponduta gogorarazi eta 500 bat familia datozen egunetan bueltatzen hasiko direla iragarri dute. Bake-akordioen testuinguruan, segurtasun bermeak eskatu dituzte.

Afrineko errefuxiatuek etxera itzuli nahi dute. Lander Arbelaitz - ARGIA CC-BY-SA

2026ko otsailaren 17an - 00:08
Azken eguneraketa: 12:22
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Rojava lehorrarekin alderatuta, Mediterraneo itsasotik askoz gertuago, Siriaren menpeko Kurdistango Afrin eskualdea oso berdea da, olibondoz betea.

"2018an, Siriako gerraren testuinguruan, gure hegoaldeko muga defendatzen ari ginen, halako batean, sorpresaz Turkiako Estatuak eraso egin zigunean bizkarretik, Errusiaren babesarekin. 72 hegazkin militarrek gogor kolpatu zituzten ospitaleak eta fabrikak. Hiriari ur-hornidura moztu zioten. YPG eta YPJ autodefentsa armatuko taldeek 58 egunez eutsi zioten defentsari, baina azkenean ihes egin behar izan genuen. Gerra espero genuen, baina ez maila horretakoa, izan ere, Turkiak zibilen aurkako eraso bortitzak egin zituen", gogoratu digu Afrineko Desplazatuen Asanbladako kide Muhamed Xelic-ek. 

Turkiako armadak Afrin konkistatzea lortu zuen azkenean, nagusitasun militarrari esker. EPA

Turkiako arduradun politikoek segurtasun kontu gisa azaldu zuten ondoko estatuko lurraldea inbaditzea. "PKK hor zegoela esaten zuten. Eta egia da Afrineko jende askok egin izan duela historikoki bat talde armatu horrekin, baina PKK-k ez zion sekula eraso egin Turkiari Afrinetik", adierazi du. Saminez beterik jakin zuten beren lurretako ehunka olibondo sustraietatik atera eta Turkiara eramaten zituztela, edo egurretarako moztu. "Nire lursailean 400 urteko olibondoak nituen". Talde yihadistekin batera, base militarrak eraiki zituen Erdoganen goberrnuak eskualdeko herri ugaritan.

Alepo hiriburuko auzo kurduetan bizi ziren Afrindik joandako milaka pertsona, baina berriki, Siriako presidente Bashar al-Assad erori eta gero, beren aurkako eraso eta sarraskiak hasi ziren berriro, gobernuaren indarren edo mertzenario turkiarren eskutik. Hildakoak 2.000 eta 3.000 artean izan direla kalkulatzen dute, hobi komunetan ehortziak asko, eta yihadistek beraiek grabatutako bideoetan bortizkeria maila izugarriak ikusi dituzte, hala nola, buru edo adats moztuak. Handik ihes egin zuten berriro, gainean zeukatena hartuta, eta asko Rojavako beste eskualdeetara joan ziren, han seguruago egongo zirelakoan. Askok Qamishlon amaitu dute.

Ezkerreko lurralde urdina da Afrin. Wikipedia

Astelehenean, baina, jakinarazi dute bake-akordioen testuinguruan etxera buelta segurua eskatzen dutela eta 500 bat familia harantz abiatuko direla. Ustez, Turkiak onartzen du hori, baina desarmaturik itzultzeko baldintza jarri diete. Yihadistak bizi dira egun han, ordea, eta kurduen komunitate honek ez du sarraski gehiagorik nahi. "Damaskok dio talde yihadistei aurre egingo diela, baina guk itzulera segururako bermeak eskatzen ditugu", diote.

"Qamishloko jendeak eusten gaitu"

200 pertsona inguru hartzen dituen Qamishloko eskola bat bisitatu dugu. "Hegoalderantz ihesean ari ginela, euritan, gu bonbardatzen jarraitu zuen Turkiak. Zortzi urte pasa dira ordutik, eta begira nola gauden", kontatu digute bertan bildutako hainbat pertsonak. "Nahi dugun guztia etxera itzultzea da. Dirurik gutxiena zuen familiak ere, 200 olibondo zituen. Asko azeitunak lantzetik bizi ginen eta horixe egin nahi nuke berriro", diosku gizon heldu batek.

"Gainean genuenarekin egin behar izan genuen ihes, ordutik zortzi urte pasa dira" Lander Arbelaitz - ARGIA CC-BY-SA

"Ihes egin genuenean nire alabak urte bat zuen; orain, hamar. Ez dut hau nahi berarentzat, Afrinera itzuli nahi dugu", dio beste emakume batek. "Hori bai, ni soilik itzuliko naiz YPJ eta YPG taldeak ere baldin badatoz". Nazioarteko komunitateari presio egiteko eskatzen dute, "ez baita posible Siria estatu normalizatu baten gisa tratatzea, ehunka milaka barne desplazatu daudenean", salatu du beste batek. "Kurdistan paradisua bada, Afrin da paradisu horren gorena. Etxera itzuli nahi dugu", borobildu du azken batek.

Afringo olibondo sailak, artxiboko argazki batean.


Kurdistan kanalean gehiago
2026ko martxoaren 11
Rohilat Afrin, YPJ-ko komandantea
"Guda hau, batez ere, emakumeen aurkakoa da"

2026ko otsailaren 20
Seigarren eguna Rojavan
Jinwar, emakume askeen herria

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.