“Pape Niang. Hasiera berri bat” liburua irakurri dute aurten Orioko Zaragueta herri eskolako DBH4ko ikasleek, eta ikasturte amaieran, Pape Niang bera izan dute ikastetxean. DBH3koak ere batu dira solasaldira. Senegaldarraren migrazio prozesutik harago, Afrikak bizi duen egoeraren kausez, ondorioez eta etorkizunaz eztabaida sakona eragin dute gazteen galderek.
Ikasleei Inor ez da ilegala proiektua aurkeztu ostean, 14-16 urte inguruko gazteek adi entzun dute Pape Niangen kontakizuna: gaztetasunak eta “europar ametsaren tentazioak” nola urrundu zuten jaioterritik, zeinen zaila eta gogorra izan zen Euskal Herrirainoko bidaia hura, pateran bizitako arriskua, nola egin duen urtetan lan paperik gabe, kobratu gabe, egoera horretaz aprobetxatu diren jabeek esplotatuta, eta azalaren koloreagatik zer nolako tratu txarrak eta mespretxuak jasan behar izan dituen. “Sufrimendu hori guztia ezin da behar bezala adierazi, kontatutako gauza bakoitzeko beste asko geratzen dira kontatu gabe, ezin direlako kontatu eta gogora ekartzeak min handia ematen duelako, nire aurrean jendea hiltzen ikusi dut”.
Gaur egun Pape nola dagoen jakin nahi izan dute ikasleek. Pozik bizi da, lana du, ekonomikoki aurrera egin du… Orduko Pape ez da gaur egungo Pape, bizi izan dituenak pertsona oso indartsu bilakatu dutela azaldu die nerabeei, heldutasun handiagoa duela, eta ezberdin ikusten dituela gauzak, “baina ez naiz nire herritik atera izanaren damu, zerbaiten bila atera nintzen eta gauza batzuk lortu ditut. Nigan sinesteari esker lortu dut lortu dudana, eta horrek, nire buruarengan sinesteak, arindu dit beti bidea”.
"Sufrimendu hori guztia ezin da behar bezala adierazi, baina gauza batzuk lortu ditut. Nire buruarengan sinesteak arindu dit beti bidea"
Ikasleek galdera asko izan dituzte Paperentzatko. Itzuliko zara Senegalera? Zer izango da bueltatzean egingo duzun lehenengo gauza? Zer kontatuko diezu senideei zure esperientziatik? Mantentzen duzu harremana Madourekin (liburuan agertzen da Madou, migrazio prozesuan elkar ezagutu zuten)? Zein ziren zure beldur handienak Europara iristean? Non tratatu zaituzte okerren?... Senegalera itzultzeko ideia beti izan duela eta mantentzen duela argitu du Niangek, Madourekin baduela harremana, Tangerren denda bat duela, Europa zapaldu berritan bertigoa izan zuela, “zer egin dut nire bizitzarekin?”, eta senideek badakitela zer iritzi duen migratzeaz: anaiak bere urratsak jarraitu nahi izan zituenean, ez egiteko aholkatu zion Papek, baina halere anaiak Marokorako bidaia egin zuen, eta urtebetera itzuli egin zen Senegalera, etsita. “Baina nik senegaldar gazte bati esaten badiot ez egiteko nik egin dudana, ez dudala nahi nik bizitakoa bizitzerik, erantzungo dit, ‘eta zu zergatik zaude han?’”.
Galdera esanguratsua egin dio ikasleetako batek: Senegalgo hizkuntzetako bat frantsesa izanik, zergatik ez zenuen Frantziara bidaiatu? Garbi du Papek: “Afrikaren zati handi bat gaur egun dagoen bezala baldin badago, hein batean Frantziaren erruz da. Haren kolonia izatea sufritzen ari gara oraindik, gure bizkar bizi da Frantzia. Ez nuen hara joan nahi”.
"Afrika hobeto egoteko, Afrikan afrikarrek agindu behar dute, ez kanpoko interesen mesedera daudenek. Burujabetzaren alde borrokatu behar dugu, denok elkarrekin"
Eta Afrikaren zapalkuntzara begira jarri da solasaldia. Galdera zaparrada dute ikasleek: kontziente al dira Senegalen frantziar multinazionalek bertan duten botereaz? Zer behar du Senegalek, Europara alde egiteko tentazioan ez erortzeko? Nola ikusten duzu Senegalgo etorkizuna?... Papek adierazi die Afrika ez dela pobrea, baliabidetan aberatsa dela, baina agintariek pobretzen dutela. “Afrika hobeto egoteko, Afrikan afrikarrek agindu behar dute, afrikarren zerbitzura jardutea helburu duten agintariek, ez kanpoko interesen mesedera daudenek, baina lider horiek kendu edo hil egin dituzte urtetan. Beren buruan sinetsiko duten liderrak behar ditugu eta gure burujabetzaren alde borrokatu behar dugu, denok elkarrekin. Azken boladan, agintari gazteak ditugu, mentalitate berriarekin datoz, herriaren alde egiteko prest daude, eta gauzak aldatzen ari dira”. Senegalgo etorkizuna baikor ikusten du Pape Niangek: “Esperantza daukat”.
Baikortasunez itxi da mardul joan den gogoeta. Ez alferrik, DBH4ko ikasleek ikasturtean zehar Afrikaren zapalkuntza lantzeko aprobetxatu dute Pape Niang. Hasiera berri bat liburuaren irakurketa. Idurre Lizarralde irakasleak azaldu digunez, erraz eta gustura irakurri dute liburua, eta kapitulu bakoitzak aitzakia eman die gai batzuetan eta besteetan sakontzeko, dela kolonialismoa, Gurugu mendia, Mbolo elkartea, migrazio politika… Maria Salsamendi eta Hanna Esnal Zaraguetako ikasleek, gainera, eskolako blogean labur eman dute solasaldiaren berri.
"Paperen kontakizuna oso hunkigarria izan zen. Bere ahotik entzutean, liburuan irakurritakoa beste modu batean ulertu-jaso genuen"
Malen Etxaniz ikasleak ere jaso du bisitak emandakoa, sare sozialetan argitaratutako idatzian. Honatx bai liburuaren espiritua, bai solasaldian bizitakoa ongi laburbiltzen duten Etxanizen bi esaldi: “Liburuak errealitate gogor bat erakusten digu, baina baita ausardia eta bizitza berria eraikitzeko gogoa ere”. Solasaldian, “Paperen kontakizuna oso hunkigarria izan zen. Bere ahotik entzutean, liburuan irakurritakoa beste modu batean ulertu-jaso genuen”.