164 herrialderen baiezkoa jaso du; sei abstenitu egin dira eta bakarrak ezezkoa eman du: AEBek. Togok eraman du proposamena NBEra, Afrikako Batasunaren babesarekin. Gizarte eragileen eta zenbait elkarteren aspaldiko aldarria da Mercatorren maparen ordez munduko mapa errealagoa ezartzea. Berez dena baino hamalau aldiz txikiagoa ageri da Afrika "ohiko" mapa horretan, eta ekintzaileek ohartarazi dute irudi horrek eragina duela Afrikarekiko irudian.
“Gizateriaren aldeko borroka da, zientziaren aldekoa”, horrela defendatu du Reuters-en Robert Dussay Togoko Kanpo ministroak NBEra eramandako proposamena: Mercatorren mapa erabiltzeari utzi eta proportzioak mantentzen dituen Equal Earth Map delakoa erabiltzen hastekoa, alegia. Afrikako Batasunaren babesarekin, Togoko politikariak gidatu du aurretik gizarte mugimenduek eta ekintzaileek erabilitako aldarria. Bada, proposamenak NBEko estatu gehienen baiezkoa lortu du: 164 baiezko, sei abstentzio –Estonia, Georgia, Lituania, Moldavia, Serbia eta Ukrania– eta AEBen ezezko bakarra jaso ditu bozketak. Bere botoaren zergatia azaldu du AEBetako ordezkariak: "ezdeusa" da bozketa herrialde haren ustetan. Azpimarratu behar da, hain zuzen ere, NBEko bozketek ez dutela estatu bat ere bozkatutakoa betetzera derrigortzen; edonola ere, bozketaren bultzatzaileek eragin positiboa izan dezakeela uste dute. Izan ere, Afrikaren –eta, oro har, Ekuatore inguruko lurraldeen– neurria horren txiki proiektatzeak sinesmenetan ere eragina duela argudiatu dute: Afrikaren “bazterreko izatea” indartzen duela ohartarazi dute, eta hedabideetan eta hezkuntzan eragina duela.
1569an sortu zuen Gerardus Mercatorek munduko mapa, orduko sineste eta ezagutza oinarri, eta harrezkero mapa hori da estandarra. Gaur egunean ere horrelaxe da, huraxe da mapa nagusi, baina jakina da proiekzioa distortsionatua dagoela: Groenlandia eta Afrika tamaina berekoak ageri dira, adibidez, baina azken hori hamalau aldiz handiagoa da Trumpek bereganatu nahi zuen uhartea baino.
Proiekzio hori Mendebaldearen estereotipoetan oinarrituta dagoela azpimarratu dute historialari eta geografo ugarik, eta zenbait ekintzailek “kolonialismo kartografiko” gisa definitu dute mapa. Horren jakitun-edo, Dussayk zientziaren alde jo du, ezbairik ez duen egitate goren gisa, eta Mendebaldeko herrialdeei mezua luzatu die: “Botere kolonialak izandakoek Afrikako Batasunaren proposamena onartu beharko lukete; zientzia da, eta egia onartzea besterik ez zaigu geratzen”.
Mapa aldatzeko saiakerak
Ia 500 urtez jaun eta jabe izan den mapari, Mercatorrenari, alternatiba bat proposatu zioten pasa den mendean: Gall-Petersen mapak, 1973an sortua, munduko proportzioak "zorrotzago" errespetatzen ditu, lurralde bakoitzaren azalera kontuan hartuta. Gizarte mugimenduen artean zabaldu zen aipatu mapa, eta zenbait eremutan hura erabiltzen hasi ziren, tartean Euskal Herriko zenbait gizarte mugimendu. Baina, edozelan ere, Mercatorrena da oraindik nagusi eremu guztietan: politikan, geopolitikan, hezkuntzan eta edozein nabigazio sistematan.
Horren aurrean, 2018an Equal Earth Map proposamena garatu zuen kartografo talde batek, Petersen proiekzioa "bisualki erakargarriagoa" egiten duena. Hori erabili du Correct the Map (Zuzendu mapa) kanpainak bere sorreratik. Hain zuzen ere, kanpaina horixe izan da egungo NBEren bozketa piztu duena: 11.000 sinadura lortuta, Afrikako Batasunak ere babestu du kanpaina, eta Togori eman dio proposamena NBEra eramateko ardura. Beraz, Togok NBEn aurkeztu duena ere Equal Earth Map proiekzioan oinarrituta dago. Hezkuntzan duen garrantziaren jakitun, mapa berria prestatu dutenek hezkuntzarako materiala ere jarri dute eskuragai webgunean, hezkuntza komunitateak nahieran erabili dezan mapa berria.