Munduko petrolio eta gas eskaintza murrizten denean, nazioarteko merkatuak enkante gisa funtzionatzen du. Eskuragarri dagoen erregaia ez da behar duten guztien artean banatzen, gehien ordain dezakeenari saltzen zaio. Europako, Estatu Batuetako edo Asiako ekonomia handiek, Ipar Globalak, alegia, garesti ordaintzeko gaitasuna dute eta behar adina erosten dute. Afrikar herrialdeek berriz, ezin dute horrenbeste ordaindu eta behar adina petrolio eta gas eskuratu ezinik geratzen dira.
Merkatuak enkante bihurtze horrek Afrika Ekialde Hurbileko egungo krisiaren kaltetu handienetakoa bihur dezake. Ez petrolioagatik bakarrik, baita Afrikarentzat askoz ere garrantzitsuagoa den beste baliabide batengatik ere: nekazaritzarako ongarriak.
Ormuzeko itsasartearen itxiera (nondik munduan itsasoz garraiatutako petrolioaren laurdena eta gas natural likidotu kopuru handiak garraiatzen diren) nazioarteko nekazaritza hornidura-katea nahasten ari da. Arazo larria da, izan ere, gas naturala ongarri nitrogenatuak, hala nola urea eta amoniakoa, ekoizteko oinarrizko lehengaia baita.
Nazio Batuen datuen arabera, 2024an nazioartean salerositako ongarrien %30 inguru Pertsiar Golkotik igaro zen. Eskualde horrek esportatu zituen munduan salerositako amoniakoaren %23 eta urearen %34. Afrikako herrialde askoren ongarri horniduren %20tik gora, eta kasu batzuetan %50tik gora ere, Pertsiar Golkotik dator. FAOren esanetan, guduaren lehen hilabetean ongarrien salneurriak %50 egin zuen gora, eta horrek ez die guztiei berdin eragiten.
Saharaz hegoaldeko Afrikak erabiltzen duen ongarriaren %90 inguru inportatu egiten du, nahiz eta hektareako munduko gainontzeko eskualdeek baino askoz gutxiago erabiltzen duen. Erabilera oso apala izanda ere, menpekotasuna itzelezkoa da. Oso ongarri gutxi erabiltzeak azaltzen ditu, neurri batean, kontinentearen nekazaritza-produktibitate urria eta elikagai inportazioekiko menpekotasun handia. Hori dela eta, ongarrien eskuragarritasunaren murrizketa apalak ere, ondorio oso kaltegarriak eragin ditzake.
Merkatuak enkante bihurtzeak Afrika Ekialde Hurbileko egungo krisiaren kaltetu handienetakoa bihur dezake. Ez petrolioagatik bakarrik, baita Afrikarentzat askoz ere garrantzitsuagoa den beste baliabide batengatik ere: nekazaritzarako ongarriak
Egoera bereziki larria da Afrika Ekialdeko herrialdeetan. Kenya, Mozambike, Tanzania edo Somaliak Golkoko inportazioen oso menpeko dira. Sudan da kasurik muturrekoena. Itsasoz egiten dituen ongarri inportazioen %54 eskualde horretakoak baitira, Merkataritza eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Erakundearen (ingelesez UNCTAD) arabera.
Nekazaritzarako ongarriak bakarrik ez, erregai fosilak ezinbestekoak dira traktore, ureztatze-ponpa eta elikagaien garraiorako ere. Petrolioa, diesela eta ongarriak aldi berean igotzen direnean, elikadura-kate osoa garestitzen da.
Afrikako herrialde gehienei, krisi berri hau euren finantza egoerak hamar bat urtez okerrera egin ondoren iritsi zaie. Pandemiak, Ukrainako gerrak, interesen gorakadak eta elikagai eta energiaren garestitzeak zorpetzea nabarmen areagotu baitute.
Oxfamen esanetan, diru-sarrera apaleko herrialdeen %60 zor-krisi baten atarian dago. 2023an, Afrikako herrialdeen zor publikoaren mediana BPGaren %24,5 izan zen. 2022an, Afrikak, garapen laguntza gisa jasotako dirua baino gehiago bideratu zuen zorra ordaintzera. Beraz, hainbat afrikar gobernu hartzekodunei ordaindu ala erregai, ongarri eta elikagai gero eta garestiagoak inportatzearen artean aukeratu beharrean aurkituko dira.
Era berean, Mendebaldea nazioarteko laguntza nabarmen murrizten ari da. AEBek USAIDen zati handi bat desegin dute, eta Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak ere murrizketak iragarri dituzte gastu militarrerako eta euren barne krisiei aurre egiteko. OECDren ustez, litekeena da 2025ean garapenerako laguntzan sekula izan den beherakadarik handiena gertatu izana.
Ondorioak ez dira ekonomikoak bakarrik izango. Aurreko hamarkadan, Libia eta Irakeko guduek, kontinenteko eremu zabal batean, batez ere Sahel eskualdean, gatazkak hauspotu zituzten.
Libiako erregimenaren ondoratzeak, adibidez, Burkina Faso, Mali edo eta Nigerren barrena arma, sare kriminal eta mugimendu jihadisten zabaltzea eragin zuen. Gaur egun, hiru herrialdeak oso egoera ezegonkorrean daude, estatu kolpe, desertuaren zabaltzea, goseteak, gazteen langabezia edo eta estatu ahuleziaren ondorioz.
Afrikak du munduko biztanleriarik gazteena: biztanleriaren %60 inguruk 25 urte baino gutxiago ditu. Eta aldi berean, herrialde askotan, bizi-baldintzek okerrera egiten duten bitartean, zorraren ordainketa bermatzeko ezarritako erreforma ekonomikoen aurrean, gizartearen ondoeza areagotzen ari da; hala nola Kenyan.
Zaurgarritasun horrekin jabetuta, Afrika bere kanpo-mendekotasuna murrizten eta bere ekoizpen burujabetasuna indartzen saiatzen da. 2024ko Nairobiko Adierazpenak eta Ongarriak eta Lurzoruaren Osasunari Buruzko Afrikako 2024-2034 Ekintza Planak tokiko ekoizpena bultzatu nahi dute. Nigeria, Egipto eta Etiopiak gas naturaletik eratorritako ongarrien ekoizpena areagotu nahi duten aldi berean, beste herrialde batzuk, Kenya eta Uganda, kasu, energia berriztagarrietan oinarritutako ongarri berdeen aukera aztertzen ari dira.
Adibide nabarmen bat Dangote taldea da. Afrikako ongarri ekoizpen lantegi handienaren jabe da, eta ekoizpena hirukoiztu (urtean bederatzi milioi tona egiteraino) eta Etiopian lantegi berri bat eraikitzeko asmotan dabil. Ekimen horiek Afrikako industria inbertsioen potentzial eraldatzailea erakusten dute.
Hala ere, proiektu horiek denbora, finantzaketa eta egonkortasun politikoa behar dituzte, eta Mendebalde Hurbileko krisia askoz azkarrago doa eta indar handiz (eta enkantearekin) iristen ari da Afrikako kontinentera, aipatu eraldaketarako saiakeren garrantzia eta premia azpimarratuta.
Soraya Aybar Laafou, kazetari eta politologoa
Afrikaren Aldeko Taldea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.