Korrikaren antolatzaileek denbora mordoa igarotzen dute ibilbidea mapan marrazten eta harilkatzen, baina beti oinarrizko baldintza bat betetzen dute: AEKren 215 euskaltegien artean, ahalik eta gehienetatik igaro behar da. Korrikako prentsa taldeak ibilian-ibilian lantokia behar izan duela-eta, euskaltegien bira egin du 11 egunotan, eta tokian tokiko errealitatearen lagin bat ikusi ahal izan du.
Korrikak Euskal Herriko hamaika txokotako euskaltzaleak alaitu ditu euren herrietatik pasatzean. Pasatu ez den herrietakoak, ordea, alboko zein urrunekoetara joan dira, lekukoaren bila. Herri batzuetan sartu irtenak egin ditu, bide zuzena egin beharrean. Badu azalpenik: ibilbidea osatzeaz arduratzen direnek kontuan hartzen dute AEKko ahalik eta euskaltegi gehienetatik pasatzea. 215 daude une honetan, eta Korrika bertatik bertara herritarrei kontatzeaz arduratzen diren prentsa taldeko kazetariek, tartean ARGIAko honek, horietako hamar ezagutu ditu. Arratsaldeetan inprobisatutako erredakzio bihurtu baitira, lantoki eta harrera gune. Jarraian kronika labur bat.
Martxoaren 19an, ostegunean, Korrika Atharratzen hasi berritan, Donapaleuko AEK Gau Eskolan (Nafarroa Beherea) hasierako urduritasunak eta tentsioak baretu ahal izan ditugu. Bixente Claverie AEKren Nazio Kontseiluko kideak hitzaldia eman du Korrika abiatu aitzin, eta bizpahiru ordu geroago prentsa-taldeari harrera egitera bertaratu da. Herrigunean bertan dago lokala, eta Claverieren “bulegoa” hor da denen bistara, ez baitu aterik, eta mahaia eta aulkiaz besteko gutxi gehiagorik. Ondoan du mahai handi bat, eta parez pare beste bat, taberna bateko barraren modukoa. Mahai horixe omen da ikasleen “gelarik” maitatuena; mintzapraktika egiteko ere baliatuko dute, ziur, barra atzeko trago eta mokaduak dastatzen dituzten bitartean. Badaezpada, ikasleei oharra utzia die Claveriek hozkailuan: “Ez hartu”. Garagardoak dira, prentsa taldearentzat propio hoztutakoak. Barraren alboko mahai horixe izan da kazetarien txokorik gustukoena ere lehen gauean.
Martxoaren 20an, ostiralean, Zangotzaldeko (Nafarroa) AEK izan da kazetarion lantokia. Atari batetik sartu behar da, eta bebarruko atea bizilagun batek ireki du. Kazetariei galdetu die ea nora doazen, espainolez; ez da txaleko horidun gazte horiez fio, eta ia ez die sartzen utzi. Euskaltegia etxebizitza baten formakoa da: gela txikiak, ikasgela bihurtutako sukaldea eta komuna. Etxeko goxotasuna du. Arrats hotzean berogailua jartzeaz arduratu dira, ordenagailu aurrean pasatako orduetan kazetarien eskuak eta oinak hoztu ez daitezen. Euskaltegiko paretako egunkarietako eta aldizkarietako txatalez apainduta daude, baita aurreko Korriketako argazkiez ere. Eskualdean euskararen bueltan argitaratzen diren artikuluak dira, eta prentsa taldeko batek poza hartu du bere sinadura ikusitakoan: “Zeozertarako balio du egiten dugunak”.
Martxoaren 21ean, larunbatean, Iruñezar AEKren (Nafarroa) pertsianak goratu ditugu, asteburua izanik itxita baitaude. Iruñeko erdiguneko kaleak parranda giroan daude, eta lan egitera doazenak arrotz sentitu dira. Euskaltegia ilunpetan, eta pasillo luzeetan linternarekin aurrera eginda topatu behar izan dute gustuko gela. AEKko kideak agertu dira halako batean, tartean Xabi Gartzia Nazio Kontseiluko kidea. Pertsiana goian ikustea arraro egin zaie, eta euren etxea esku onetan zegoela ziurtatzera sartu dira. Irakasleen gelan erredakziotxoa prest utzita zutela euskaltegiko langileek haiei esker jakin dute kazetariek. Hantxe dago lan egiteko beharrezko motorra: fruta eta Beatriz gozo dendako garrotikoak. Ikasleen gelan geratu dira lanean, baina askari ederra eginda.
Martxoaren 22an, igandean, Lizarrako Beinat Etxepare AEKko (Nafarroa) pertsianak igo ditugu. Hiru solairuko eraikina da, herriaren bihotzean, eta Korrika gauean bertatik pasatzen denean irudi ederrak hartzeko aproposa. Kazetariek aukeratu ahal izan dute zein solairutan egin lan, ahotsen grabaketekin eta bideoekin elkar ez molestatzeko. Txirrina jo dute: udaltzainak dira, Korrikari bidea ireki behar diote pare bat orduren buruan, eta ibilbideaz galdezka datoz. AEKko kideen bila dabiltza, baina prentsa taldearekin egin dute topo. Kazetariek, ordea, ez dute informazio guzti-guztia euren esku. Galdetzen jarraitu beharko dute, laster dator-eta jende oldea.
Martxoaren 23an, astelehenean, Lekunberriko AEKko (Nafarroa) beirate handitik sartzen den eguzkiak goxatu ditu kazetariak; pareko belardi berdean ikusi dute ilunabarra. Paretako Euskal Herriko mapa handiak kazetariei lagundu die argitzen nondik ibili diren egunean zehar. Herriak kokatzea gero eta zailagoa da bosgarren egunean. Atea erdi estaltzen duen Korrikako pankarta handiaren azpitik makurtuta sartu behar da euskaltegira, baina ez da oztopo izan herritarrentzat. Herriko plazako ostatua-edo dirudi, deitu gabe sartu baita jendea, AEKrekin duten konfiantzaren seinale. Euskaltegiko ikasle bat sartu da bi haurrekin, eta solasean aritu dira denbora-pasa, harik eta irakasle bat etorri eta jakinarazi dion arte astelehen honetan ez dagoela klaserik; egun berezia baita, Korrika dator. Beste herritar bat sartu da galdetzera ea parean aparkatutako autoak enbarazu egingo dion Korrikaren ibilbideari, bestela kenduko duela. Eta geroago beste haur bat sartu da. Amak atzetik argitu digu irakasleei kasu egitera sartzeko ohitura duela. Baina irakasle horiek ez ditu ezagutzen: “Zertan ari zarete?”, galdetu du ahots baxuz. “Lanean, Korrikari buruz idazten”. Amak esan dio Interneten irakurriko dutela gero.
Martxoaren 24an, asteartea, Baionako AEK Gau Eskola (Lapurdi) izan da prentsa taldearen erredakzioa. Baiona Ttipiko kaleak bero daude arratsaldetik, Korrikaren bueltan antolatutako egitarauari esker. Kalostrape ostatuko eraikinaren azken solairura igo da prentsa taldea, lanera. Espresuki harrera egiteko pertsona bat izan dute. Erredakzio berria eginda, bertako langileen joan-etorria urrunetik sumatu dugu; denak daude Korrikaren aurretik azken beroketak egiten. Maider Heguy Ipar Euskal Herriko AEKko lehendakaria ere joan etorrian dabil, eta denbora bat pasatakoan, kazetariei galdegin die ea oraindik lanean ari diren. Patxa plazako girora jaisteko gonbidapen sotila izan da. Deskantsurako eta jateko beharra badago, egia esan. Akidurak jotako kazetari batek euskaltegiko terraza ederrera haizea hartzera atera nahian kristal gardena ere jan du. Seigarren eguna da, erdia falta da. Kalostrape azpian izatea eskertu du, kolpea arintzeko izotzak segituan ekarri dizkiote.
Martxoaren 25ean, asteazkenean, Ondarroan (Bizkaia) itxaron dio Korrikari prentsa taldeak, Lea-Artibaiko AEKn. Zubi zaharrari itsatsita, Artibai ibaira zein kalera begira ditu leihoak. Gela handi batean atzera-aurrera ari dira bertako kideak, aztoratu antzean, kezkatuta daudelako euskaltegi azpiko kaleko lanek ea Korrikaren pasaera oztopatuko duten, edo ea norbait eroriko den puntu horretan. Sare sozialetarako bazka litzateke balizko enegarren erorketa. Azken orduko kudeaketa horretan ari direla, kazetariei tokia egin diete euren ustez lasaiena den gelan, ibaira begira. Hotz bada, berogailua pizteko. Prestaketetan jarraitu dute, baina ordu erdiro pertsona desberdin bat azaltzen da, ea ondo gauden galdetzeko. Berogailua pizteko, hotz dela; guraso batek haurra mantarekin tapatzen duenean bezalaxe arduratu dira kazetariez.
Martxoaren 26an, ostegunean, Zallan, Enkarterrietako AEKn (Bizkaia), izan du euritik babesteko tokia prentsa taldeak. Korrika dator, eta euskaltegiko guztien inplikazioa beharrezkoa denez, horretara joanda daude kideak. Beraz, giltza AEK alboko bazarrean utzi dute. Herriaren irteeran dago euskaltegia, poligono modukoan, helduen hezkuntzarako zentroaren barruan, eta eraikin handian atez ate bilatu behar izan dugu AEKko sarbidea. Frontoitxo bat du alboan, errepidea parean, eta futbol zelai handi bi errepidearen beste aldean. Autoak etengabe-etengabe pasatzen entzuten dira, leihoek zaratari barrura sartzen uzten baitiote. Euskaltegiari itsatsitako gela batean gaztelera ozenez hitz egiten ari direnen ahotsa ere argi aditzen da; Korrikaz gain bizitza dagoela oroitarazi digu. Zortzigarren eguna da, eta ia-ia ez dakigu Korrika ez den beste ezertaz hitz egiten.
Martxoaren 27an, ostiralean, Gasteizko Arana AEKn (Araba) bildu da prentsa taldea. Kaleak jendez lepo daude, eta sumatzen da bizpahiru ordutan Korrikak Gasteiz eztandaraziko duela. Kasualitatea, 1995eko martxoaren 27an hiriburu honetan amaitu zen bederatzigarren Korrika, Jalgi hadi euskaraz! lelopean, eta Mikel Laboa izan zen omendua. Andre Maria Zuriaren plaza betea atzean duela, Laboa lekukoa altxatuta ageri den argazki historikoa jarrita daukate euskaltegiaren sarreran. Hain justu, egun honetan bete dira 31 urte argazki hartatik, eta euskaltegian oraindik ere harro gogoratzen dute. Agian, 2026ko egun honetako argazkiak zintzilikatuko dituzte Arana euskaltegiko paretetan, memorian iraun dezaten. Judimendiko Aixkiria AEKkoak ziur baietz. Izan ere, Gasteizko AEKko ikasleek hartu dute lekukoa euskaltegi horren ondotik igaro denean Korrika, eta furgonetako esatariek hunkituta berretsi diete irakasle moduan sentitzen duten harrotasuna. Euskarak Mikel Laboa bezain beharrezko ditu AEKko ikasle konprometitu horiek ere.
Eta azkenik, martxoaren 28an, larunbatean, Bilboko Lizardi AEKn (Bizkaia) egin ditu azken lanak prentsa taldeak. AEKko bost euskaltegi daude hirian, baina Zazpikaleen bihotzean dagoen hauxe da egoitza nagusia, jende mugimendu gehien izaten duena. Behean du Kalderapeko taberna eta kulturgunea, eta larunbata eta Korrikaren amaieraren bezpera izanik, giroa bero dago. Kazetariak bosgarren pisuraino igo dira, teilatupera lanera. Egoitza nagusia izanik, ez da harritzekoa aurreko edizioetako oroigarri eta argazkiz apainduta egotea. Baina toki handiagoa hartzen dute datozen egunetarako prestatutako esku orriz betetako kaxek: Korrikaren 12. eguna ekimena iragartzen dute, eta herritarrak gonbidatzen ditu euskara ikastera –apirilaren 22an doako klaseak eskainiko dituzte– eta praktikatzera –maiatzaren 21ean 65 mintzodromo antolatuko dituzte–.
"Benetako lanketa, konpromisoa, behin Korrika igarota dator", ohartarazi du AEKk Korrikaren hamabigarren eguna ekimenaren harira. Korrikak 11 egunetan emandako indarra aurrerantzeko hamaika egunetan aktibatzeko unea heldu da. Prentsa taldeko kazetariak erredakzioetara itzuliko dira, eta AEKko euskaltegiak berriro ere ikaslez beteko dira.
Harrera goxoa ziurtatuta izango dute.