AEBren bake plana errefusatu eta gerra amaitzeko baldintza propioak aurkeztu ditu Iranek

  • Hilabeteko langa jotzear da Ekialde Hurbileko gerra. 27 egun igaro dira AEBek eta Israelek Irani eraso egin ziotenetik, eta ez dirudi gerra bukatzear denik. Al Jazeera-k jaso duenez, batzuen eta besteen erasoak "ugaritzen" ari dira “kopuruan eta intentsitatean”, balizko negoziazioen inguruko adierazpen kontraesankorren artean.


2026ko martxoaren 26an - 10:51
Azken eguneraketa: 12:08
Rawpixel
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Trumpek ziurtatu du Iranekin elkarrizketan ari direla gerra amaitze aldera, baina bitartean AEBek Iran bonbardatzen ari dira. Azken egunotan bi nerabe hil dituzte Shiraz (Iran) inguruko auzo batean, eta misilak eta droneak ekoizteko instalazioen bi hereni egin diete eraso. Iranek elkarrizketa horiek ukatu ditu “iruzurra” direlakoan, eta AEBen erasoei "aurre egiten" jarraituko duela adierazi du. Abbas Araghchi Irango Kanpo Harremanetarako ministroak esan du "erresistentziarekin" jarraituko dutela, eta ez dutela negoziatzeko asmorik.

Etxe Zuriak hamabost puntuko plan bat prestatu du gerrari amaiera emateko, iragan urrian Gazan ezarri zuen hogei puntuko planaren antzekoa. Planaren puntuak ez dira ezagunak, baina Palestinan aplikatu dituztenak bai, eta ez diote bakeari esperantza handirik ematen. Izan ere, bertan puntu asko ez dituzte aplikatu oraindik, eta genozidioa ez dute eten.

The New York Times egunkariaren arabera, AEBek gerrari amaiera emateko Irani helarazi dion hamabost puntuko proposamenak ez du, oraingoz, ziurtasun handirik. Jakitera eman duenez, ez dago argi Teheranek zenbateraino hartu duen aintzat dokumentua, ezta Israelen babesa duen ere. Plana Pakistanen bitartekaritzaren bitartez bideratu da, eta programa nuklearrarekin eta Irango misil balistikoen garapenarekin lotutako ildo orokorrak jasotzen ditu. Proposamenak bide energetikoen segurtasuna ere jasotzen du, bereziki Ormuzeko itsasartearena.

Presidente estatubatuarraren bake nahia, baina, ez dirudi oso sendoa denik. Akordiorik ezean, Trumpek "infernuarekin" mehatxu egin baitu. Trumpek dioenez, Iranek akordio bat nahi du, baina “oso gaizki” egin nahi dute. Gaineratu du, halaber, Irango buruzagiak beldur direla "beraien jendeak hilko dituela pentsatzen dutelako".  

Iranek bere baldintzak aurkeztu ditu

“Ez deitu akordio zure porrotari”, erantzun dio Irango goi-kargudun batek Trumpi. "Iranek gerrari amaiera emango dio, hori egitea erabakitzen duenean eta bere baldintzak betetzen direnean”, gaineratu du. Iranek bere proposamena aurkeztu du, zeinean epe luzerako berme ekonomikoak eta segurtasunekoak eskatzen dituen, batez ere.

Baldintza zehatzen artean, Iranek eskatu du AEBk eta Israelek beraien aurkako “eraso eta hilketak” geldiaraztea, baita eraso horiek ez errepikatzeko mekanismo zehatzak ere. Gainera, gerragatik erreparazioa eta Ormuzeko itsasartean Iranen burujabetza aitortzea ere eskatu ditu.

Bitartean, bake esperantza ahul horiek tarteko, petrolioaren prezioa gora eta gora dabil. Eta, bestalde, Antony Currie Breakingviews-eko zutabegileak ohartarazi du Irango gerrak eragin gogorragoa izan dezakeela munduko elikagaien segurtasunean Ukrainako gerrak baino.

Pertsiako Golkoa eta Libano

Pertsiako Golkoko herrialdeek Irani egotzi dizkieten hainbat eraso salatu dituzte. Kuwaitek sei pertsona atxilotu ditu, hilketak egiteko asmoak zituzten Hezbollah-ko kideak zirelakoan; Saudi Arabiak adierazi du “Irandik zetozen” hamarnaka drone eta hegazkin bat suntsitu dituela, beraien petrolio azpiegiturei eraso egingo zietelakoan; Bahrein-ek bere gobernuaren eraikin batean izandako sutea Irani egotzi dio; eta Arabiako Emirerri Batuen aire-defentsarako sistemek misilak eta droneak geldiarazi dituzte, “Irandik zetozelako”.

Libanon ere gerra etxean dute. Iragan astean, Israelek herrialdearen hegoaldea okupatzeko agindua eman zion bere armadari, eta horretan ari da. Hezbollah-ren arabera, Israelgo tropek muga zeharkatu dute eta bere borrokalariek Libano hegoaldean tropa israeldarren inbasioari aurre egiten jarraitzen dute. Naim Qassem Hezbollah-ko idazkari nagusiak adierazi du taldea orain AEBen eta Israelen aurkako gerran dagoela, eta ahal duten guztia egingo dutela Libanoko lurraldea defendatzeko.


Ekialde Hurbila kanalean gehiago
2026ko martxoaren 11
Berriketa gutxi
Thank you

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.