1996ko otsailaren 24an Kubako erbesteratuen elkarteko bi hegazkin nazioarteko uretan eraistea leporatzen diote, lau hildako eraginez. Maiatzean inputatu zuen AEBtako Gobernuak, eta astelehen honetan erabaki du atxilotze-agindua Fiskaltzak.
Raul Castro Indar Armatu Iraultzaileetako ministro zenean izan zen gertakizuna. Egun hartan Kubako ehiza-hegazkinek Anaia erbesteratuen Erreskaterako erakundeko bi hegazkin eraitsi zituzten Floridako itsasartean, Kubako aire-espazioan zebiltzala argudiatuta. Horrez gain, hegazkinetako bidaiariak "terroristak" zirela azaldu zuen orduko Kubako Gobernuak. Erakundeko Carlos Costa, Pablo Morales, Mario de la Peña eta Armando Alejandre Jr-ek galdu zuten bizia.
Anaia erbesteratuen Erreskaterako erakundea AEBetako Gobernuak Kubako erregimen komunistaren aurka jarduteko bultzatu zuen elkartea zen. Laguntza humanitarioa aitzakiatzat hartuta, erregimenaren aurkako propaganda hedatzea zuen helburu, besteak beste hegazkinetatik pankarta eta paperak botaz, Kubako jendea gobernuaren kontra itzularazi nahiz. Kubako Gobernuak behin baino gehiagotan erran zien aire-espazioetako legea ez zutela errespetatzen.
Maiatzean AEBetako Gobernuak Raul Castro inputatu zuen, gertakari hartako aginte-katearen gainean baitzen 1996ko otsailean. Akusazioetan beste militar kubatar batzuk ere sartzen dira: Emilio Jose Palacio Blanco, Jose Fidel Gual Barzaga, Raul Simanca Cárdenas, Luis Raul Gonzalez-Pardo Rodriguez eta Lorenzo Alberto Perez-Perez. Fiskaltzak astelehenean eman du presidente ohiaren aurkako atxiloketa agindua, eta honela adierazi du James Uthmeier Floridako fiskal nagusiak: "Gure bulegoak Raul Castro diktadore komunista atxilotzeko agindua lortu du, lehen graduko hilketa egiteko konspirazioa egotzita".