argia.eus
INPRIMATU
Israelek Libanon su-etena onartu du, Gazaren aurkako erasoa areagotzeko
  • Iranen “mehatxuari” arreta handiagoa eskaintzeko eta Gazan sarraskiarekin jarraitzeko helburuz sinatu du menia Israelek, Benjamin Netanyahuk onartu duenez, baita Hamas Hezbollahtik aldentzeko ere. Israelen aliatuen tropek "ziurtatuko" dute akordioa betetzen dela Libano hegoaldean, eta Israelek “gogor erantzungo” du Hezbollahk Tel Aviv erasotzen badu.

Julene Flamarique 2024ko azaroaren 27a
Beiruteko Dahieh auzoaren aurkako bonbardaketa asteartean WAEL HAMZEH / EFE

Asteartean iragarri dute Israel eta Hezbollah Libanoko alderdi-milizia xiitaren arteko gatazka 60 egunez gelditzeko akordioa. Menia AEBk proposatutakoa da, eta Hezbollah eta Israelgo Armada Libano hegoaldetik erretiratzea aurreikusten du, Libanoko Armada han heda dadin ahalbidetzeko. Joe Bidenek eman du berria astearte gauean, eta Netanyahuk hala baieztatu du Israelgo herritarrei eskainitako mintzaldi batean.

Libanoko Armadarekin batera, AEBren, Frantziaren eta Israelgo beste hainbat aliaturen tropak egongo dira Libano hegoaldean, akordioa betetzen dela "ziurtatzeko". Bidenek aditzera eman duenez, menia asteazkenean goizeko lauretan sartu da indarrean.

Netanyahuren arabera, Iranen “mehatxuari” arreta handiagoa eskaintzeko onartu dute su-etena, Tel Aviveko tropak bajak jasaten ari baitziren Libano hegoaldean, eta hala, bere armada berrarmatu ahal izango du du Israelek. Hamas Hezbollahtik "bakartzeko" helburuz ere sinatu dute akordioa, esan duenez, Palestinar erresistentzia are gehiago isolatzearren. Lehen ministroak azpimarratu du Israelek areagotu egingo duela Gazaren aurkako erasoaldia.

Palestinar erresistentzia are gehiago isolatzearren. Lehen ministroak azpimarratu du Israelek areagotu egingo duela Gazaren aurkako erasoaldia

Netanyahuk dio Israelek baduela “ekintza militarrerako askatasun osoa” eta su-etena adostuta egon arren “gogor erantzungo” duela Hezbollahk Israel erasotzen badu: “Mugatik gertu ekintza terroristak egiten jarraitzen badu, eraso egingo diogu. Akordioa hautsi eta tunel bat zulatzen badu, edo misilak ekartzen baditu, eraso egingo diogu".

“Aukera historiko bat galtzea” da ultraeskuinaren ustez

AEBk proposatutako menia onartzearen aurka agertu dira, besteak beste, Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro eta ultraeskuindar Itamar Ben-Gvir; kabineteko beste hamar kideen kontrara, akordioaren aurka bozkatu duen bakarra izan da. Asteazken goizean Kan irratian adierazi du “aukera historiko bat galtzea” suposatuko lukeela Hezbollahrekin su-etena adostea.

Libanorekin muga egiten duten hainbat herritako alkate ere ez zeuden menia onartzearekin ados. Israel iparraldeko Metula herriko David Azulayk alkateak esan du behin-behineko meniak ez duela ziurtatuko herrialdeko iparraldea “eremu segurua” izango denik.

Israelek 3.500 pertsona baino gehiago hil ditu Libanon, herrialde horren kontrako erasoak hasi zituenetik.